Erizainak, eskolako kide izateko bidean

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko uzt. 1a, 03:10

Kattalin Barber

Nafarroako ikastetxe publikoetan erizainak egon daitezen. Horixe eskatzen du Nafarroako Erizainen Elkargoak; haien ustez, ezinbestekoak baitira haur eta gazteen osasunaren prebentzioan eta sustapenean. Nafarroako Gobernuarekin bilerak egin dituzte dagoeneko, eta oniritzia jaso dute.

Egun, Nafarroako bost eskolatan lanean ari dira erizainak. Bi ikastetxe publikotan: Hezkuntza Bereziko Andres Muñoz ikastetxean (Iruñea) eta Torre Monreal Hezkuntza Bereziko zentroan (Tutera). Horietaz gain, erizainak daude San Fermin ikastolan, eta Maristas eta San Cernin itunpeko ikastetxeetan ere. Carlos Sesma Nafarroako Erizainen Elkargoko presidenteak argi du hezkuntza komunitatearekin batera egin beharreko bidea dela, eta iragarri du sindikatuekin eta gurasoen elkarteekin batzartuko direla heldu den ikasturte hasieran. Erizainen Elkargoaren iritziz, erizainek "osasun prozesuari ekarpen handia" eginen liokete.

Sergio Iribarren Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak begi onez ikusi du proposamena. "Oraindik gauza asko zehazteke badaude ere, uste dugu erizainek eskolei mesede handia egin ahal dietela". Hortaz, bide beretik, hezkuntza eta osasun komunitatearekin gaia jorratzeko eskaera egin du. Iribarrenek adierazi du premia berriak sortzen ari direla eta horiei aurre egiteko ikastetxeek laguntza behar izaten dutela.

Erizainen Elkargoak txosten bat aurkeztu die Osasun eta Hezkuntza Departamentuei. Sesmak adierazi du harrera ona izan dutela oro har. "Gure proposamena ez da guztiz egokitzen haiek nahi dutenarekin, baina erizainen aldeko apustua egin dute", adierazi du. "Oraindik zehazteke dago zenbat erizain, non, nola, noiz...". Izan ere, argi dute ezinezkoa dela eskola guztietan erizainek lan egitea, eta, hortaz, zentro handietara mugatu beharko dutela egindako proposamenaren aldeko apustua.

Herrietarako eta eskola txikietarako beste irtenbide bat bilatu behar dute: "Adibidez, osasun etxeekin zerbitzuak hitzartzea". Sesmak jakinarazi du egun horrelako hitzarmenak existitzen direla baina askotan ez dutela behar bezala funtzionatzen. "Askotan, osasun etxeak gainezka daude, eta ezin dituzte beren gain hartu ikasle guztiak, ezta osasun programak bete-betean garatu ere". Hori saihestu nahi dute, eta, horretarako, "ezinbestekoak" iruditzen zaizkie eskoletako erizainak.

Bost ardatz

Gobernuari aurkeztu dioten dokumentua lantzeko, bilerak egin dituzte Nafarroan egun eskoletan lan egiten duten erizainekin, eta, horretaz gain, lehen mailako arretako datuetatik abiatuta, osasun txosten bat garatu dute. Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan dauden ereduak ikuskatu dituzte. "Informazio guztiarekin, gure ustez, Nafarroarentzat eredurik egokiena dena garatu dugu".

Dena den, Sesmak ohartarazi du oraindik ez dela finkoa, eta aldaketak izanen dituela aurreikusten du. "Hau oinarria izan da". Familia eta pazienteen hainbat elkarterekin jorratu dute gaia, eta haien babesa jaso dute. Bost ardatz jorratuko lituzkete eskoletako erizainek: osasunaren sustapena, prebentzioa, osasun heziketa, zainketa eta laguntza. Sesmak aipatu bezala, gero eta ikasle gehiagok dute gaitz kronikoren bat, eta irakasleek ez dute normalean izaten ez informaziorik ez prestakuntzarik larrialdiak garaiz aztertu edo oinarrizko tratamenduak bideratzeko. Ez baita haien egitekoa, finean.

Europako eskola osasungarriak deituriko programaren kudeatzaileak lirateke erizainak, eta, ikasleekin ez ezik, eskoletako langileekin eta familiekin ere zuzenean lan eginen lukete. "Beste herrialde batzuetan, ohikoa da erizainak izatea eskoletan; hemen, aldiz, ez. Haien lana aldarrikatu nahi dugu", nabarmendu du.

Enpresekin konparatu du Sesmak auzia: "100 langile baino gehiagoko enpresetan derrigorrean erizain bat behar dute izan; ordu batzuetan, gutxienez. Zergatik eskoletan ez?".

Nafarroako Erizainen Elkargoaren iritziz, Osasun Departamentuak hartu beharko luke ardura; betiere, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean. Gainera, erizainek osasun komunitarioan eta pediatrian prestakuntza izan beharko lukete. "Gure helburua orain proposamena ezagutaraztea eta lege esparrua aztertzea eta zehaztea da". Sesmak ez du dudarik onura handiak ekarriko lituzkeela, eta duela gutxi Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri den tesi bat izan du ardatz. Izan ere, Raquel Saenz Erizaintza diplomadunaren ikerketak adierazi duenez, eskolako erizainaren irudia sortzeak eskoletako istripuei aurrea hartzen lagunduko luke.

Lehen urratsak egin ditu proposamenak, eta heldu den ikasturtean itxura hartzeko nahia adierazi dute eragileek.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!