Aurrea hartu diete sanferminei

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko eka. 24a, 03:30

Edurne Elizondo

Tradizioak eta berrikuntzak eskutik helduta egin dute aurrera Udako Euskal Unibertsitatearen historian. 1973. urtean egin zituzten udako ikastaroak, lehendabiziko aldiz, Donibane Lohizunen (Lapurdi). 1977an ailegatu ziren Iruñera. Eta, geroztik, ez dute Nafarroako hiriburua utzi. Urtetik urtera egokitzen joan dira, halere; garaian garaiko beharretara eta testuingurura moldatzen. Aurten, aurrenekoz, aurrea hartuko diete sanferminei: hilaren 27an, 28an eta 29an eginen dituzte Iruñeko ikastaroak, hiriko Alde Zaharreko Kondestablearen jauregian.

"Aldaketak ulertu behar ditugu ikastaroen eboluzioaren barruan". Horixe nabarmendu du Irati Iziarrek, UEUko udako ikastaroen arduradunak (Oñati, 1975). Eboluzio horrek azaltzen du 1977ko ikastaroen eta oraingoen arteko aldea. "1977. urtean euskaraz ikasteko aukera ia bakarra ziren UEUko ikastaroak; oasi baten modukoak ziren euskaldunentzat", gogoratu du Iziarrek. Egoera aldatu da. Euskarak bere tokia hartu du unibertsitatean ere, nahiz eta herrialdez herrialde ezberdintasunak nabarmenak izan. Formakuntzaren esparruan izan diren aldaketak mahai gainean jarri ditu Iziarrek ere. "Oraingo eskaintza ordukoa baino askoz ere zabalagoa da; etengabeko formakuntzara ohitu gara, eta hamaika motatako ikastaroak ditugu eskura, hamaika erakundek antolatuta".

1977an Larraona ikastetxean aurkitu zuen UEUk udako ikastaroak egiteko behar zuen aterpea. Hasierako garai hartan, bi astez garatzen zituzten ikastaroak, eta ehunka ikaslek parte hartzen zuten. Euskal Herri osoko jendea etortzen zen Iruñera. "Oporrak hartzen zituzten ikastaroak egin ahal izateko!". Larraonan zituzten ikasteko gelak, bai eta lo egitekoak ere. "Garai hartan helduentzat behar genuen barnetegia ziren UEUko ikastaroak", erran du Iziarrek.

Horrek giro berezia sortzen zuela dio. Eta jende anitz giro horrekin oroitzen dela, oraindik ere. "Ez dut uste, ordea, egungo ikastaroei orduko giro hori eskatzea errealista denik; egia da hasierako garai hartan euskaldunen arteko sarea sortzeko balio zutela ikastaroek, baina horretan ere egin dugu aurrera, eta badaude bestelako aukerak eta foroak".

Aldaketak

Aldaketek lortu dute UEUko udako ikastaroei eutsi ahal izatea. Horixe argi eta garbi du Itziarrek. Horregatik erabaki dute aurten, adibidez, ikastaroak ekainean egitea, lehen aldiz. "Azken urteotan sumatu dugu Iruñeko matrikulen kopuruak behera egin duela; uste dugu data izan daitekeela arrazoia". Uztailean, sanferminen ondotik egiten ohi zituen UEUk Iruñeko ikastaroak; hasieran, bi astez. Egoitza aldatu zuten gero, eta Iturrama auzotik Alde Zaharrera mugitu ziren, Iruñeko Hizkuntza Eskolaren egoitzara. Aste bakarreko bilakatu zituzten ikastaroak. Azken urteotan, berriz, Jaso ikastola izan da UEUren udako egoitza. "Eskuzabaltasun osoz jokatu dute ikastolako kideek gurekin".

Erakunde publikoen jarrerari buruz ezin du gauza bera erran Iziarrek. Azken hamalau urteotan izan da bera udako ikastaroen arduradun. "Euskalgintzako gainerako taldeek izan dituzten oztopo berak izan ditugu guk ere". Azpiegiturak eskatutakoan jasotako ezetzak nabarmendu ditu, adibidez, eta Iruñeko Udalak eta UEUk zuten hitzarmena desagertu izana. Udaletxean duela urtebete gertatu zen aldaketak izan du eragina, eta eskertu du Iziarrek. "Beste jarrera bat dute oraingo arduradunek. Iaz, hain zuzen ere, Iruñeko Udalak harrera egin zion UEUri; hogei urte ziren horrelakorik gertatzen ez zela".

Nafarroan gertatu den aldaketa politikoa jorratuko dute aurtengo ikastaroetan, hain zuzen ere. Eugenio Arraizari buruz jardunaldia eginen dute, halaber. UEUko kide eta bazkide zen Arraiza, eta iazko abuztuan zendu zen. "Bazkide sutsua izan zen, eta omenaldia egin nahi izan diogu; ezohiko omenaldi bat, halere. Euskalgintzak egindako bidea jorratzeko baliatuko dugu jardunaldia", azaldu du Iziarrek.

Ikastaro horien eta gainerakoen bitartez, euskal komunitate zientifikoari aurrera egiten lagundu nahi dio UEUk. Unibertsitatea osatzen duten profesionalen, bazkideen, boluntarioen eta ikasleen "ilusioa" eta "gogoa" nabarmendu ditu Iziarrek. "Hori da gure altxorra". Historia saileko kide gisa hasi zuen ikastaroen arduradunak bere bidea UEUren barruan. Saileko zuzendari izendatu zuten gero, eta ikastaroen buru da orain. Lana badu, bai eta egiteko gogoa ere.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!