E. Elizondo
Airearen kalitatea txarra, eta txorrotako urean bakterioak. Cintruenigon esku hartu zuen joan den astean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, txorrotako urean bakterio koliformeak antzeman eta gero. Zehaztutako protokoloa martxan jarri zuten, eta ostiralean, hilaren 10ean, konpondutzat jo zuen arazoa Nafarroako Gobernuak.
Herritarrek hainbat egunez ezin izan zuten txorrotako ura edan. Bakterio koliformeak ohiko azterketa batean aurkitu zituzten. Tarteka uraren laginak hartzen dituzte, analisiak egiteko. Maiatzaren 31koan, teknikariak ohartu ziren legeak ezarritako mugak gainditzen zituela bakterio koliformeen kopuruak: 100 mililitroko 201 baino gehiago. Kopuru horrek "osasun arriskua" ekartzen zuela ikusita, txorrotako ura edatea debekatu zuen Nafarroako Gobernuak.
Hilaren 9an, lagin berriak hartzera joan ziren osasun publikoaren institutuko arduradunak herrira. Gainera, Cintruenigoko Udaleko agintariekin batera, ur hornidurarako sarea eta biltegia aztertu zituzten, kutsaduraren iturburua non zen zehaztu ahal izateko. Bi puntutan antzeman zituzten bakterioak sarean, bai eta ur biltegiaren irteeran ere. Ura garbitzeko neurriak hartu eta gero, analisiak egin zituzten berriz ere hainbat tokitan hartutako laginekin. Duela astebete jaso zituen gobernuak emaitzak, eta ontzat jo zituen. Ondorioz, txorrotako ura edateko baimena eman zuen, berriz ere.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari Maria Jose Perez Jarautak nabarmendu du herriko ura garbitzeko sistemak huts egin duela. Ondorioz, neurriak har ditzala eskatu dio Cintruenigoko Udalari.
Tuterakoa "txarrenetakoa"
Bakterioek eragin dute Cintruenigoko arazoa. Txorrotako uraren kalitatea arazo bat da, hala ere, Erriberako bertze hainbat herritan ere. Horixe salatu du Uraren Kultura Berria fundazioak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. Erakunde horretako kide Fito Jimenezek nabarmendu du Tuterako txorrotako ura dela Nafarroako "txarrenetakoa". "Edateko ona da, eta legeak ezarritako baldintzak betetzen ditu, baina herrialdeko txarrenetakoa da".
Egoera "larria" dela azaldu du Jimenezek: "Hainbat analisitan minbizia eragiten duten herbizidak antzeman dituzte; eta horiek ez dituzte araztegiek desagerrarazten".
Arazoak ez dio bakarrik Tuterari eragiten; Ebroko ura kontsumitzen duten bertze hainbat herriri ere bai. "Ebroko eta ibai horren ubideetako ura kontsumitzen dute Tuterak, Fontellasek, Castejonek, Cabanillasek, Fustiñanak eta Funesek, eta guztietan dute arazo bera; herri horiek dira, hain zuzen ere, botilako ur gehien kontsumitzen dutenak", azaldu dute Uraren Kultura Berria fundazioko kideek.
Uraren kalitate txarra nabarmenagoa da udako hilabeteetan, Jimenezen hitzetan. Fundazioak hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean arazoari aurre egin ahal izateko. Eraginkorrena litzateke, erakunde horren aburuz, Queiles ibaiko eta El Ferial urtegiko ura erabiltzea udan, eta, neguan, berriz, Ebrokoa. Hala erantsi du Jimenezek: "Ona litzateke, gainera, uraren kudeaketarako sistemak bateratzea, Erribera osorako mankomunitate baten bidez, adibidez".
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.