Ozonoak gora, eta kalitateak behera

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko eka. 17a, 03:20

Edurne Elizondo

Ez du ikasgaia gainditu. Nafarroak huts egin du airearen kalitateari buruzko azterketan, bertze behin ere. Horixe nabarmendu du Ekologistak Martxan erakundeak. Txostena egin du, eta ondorio nagusi bat jarri du mahai gainean: nafar guztiek aire kutsatua arnastu zutela iaz. Herrialde osoan gainditu zituen kutsadurak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendio gisa zehaztutako mugak. Erriberan, gainera, legeak ezarritakoak gainditu egin zituen ozono troposferikoak. "Arazoa larria da, eta bada garaia Nafarroako Gobernuak neurriak hartzeko", erran du Ekologistak Martxan taldeko Eduardo Nabaskuesek. Ozonoak gora eta kalitateak behera egin duelako.

Ez bakarrik ozonoak. OMEk mugatzat ezarritako kopuruak gainditu zituzten iaz nitrogeno dioxidoak, sufre dioxidoak eta partikula esekiek. Iruñerriko industria, trafikoa eta Castejongo zentral termikoak jo ditu Ekologistak Martxan taldeak kutsatzaile horien iturritzat. Ozono troposferikoa bigarren mailako kutsatzaile bat da, kutsatzaile aitzindariek eragiten dutena; zehazki, nitrogeno oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek, bat egiten dutenean. Udan agertzen da ozono troposferikoa, batez ere, aitzindari horiei tenperatu handiak eta eguzki erradiazioak eragiten dietenean.

Airearen kutsadurak gizakien osasunari eragiten dio, zuzenean. Munduan, hiru milioi pertsona hiltzen dira urtean, kutsaduraren ondorioz. "Espainian 25.000 pertsona hiltzen dira urtean airearen kalitatearen ondorioz; osasunaren esparruan, gainera, gastuak eragiten ditu kutsadurak: 32.000 milioi euro urtean, Espainian", azaldu du Nabaskuesek.

Airearen kalitatearena ez da oraingo arazoa Nafarroan. Ekologistak Martxan taldeko kideak azken hamar urteotan aritu dira, gutxienez, egoera salatzen. Batez ere, Erriberan, han eskualdearen orografiak larriago bilakatzen baitu kutsaduraren arazoa. "Kutsatzaileak bertan gelditzen baitira". Tuterako Udaleko agintariek ere bat egin dute ekologisten kezkarekin. Adierazpen instituzionala onartu berri dute Nafarroako Gobernuari eskatzeko airearen kalitatea hobetzeko plana martxan jar dezala lehenbailehen.

Nafarroako Gobernuak ez dio erantzun Tuterako Udalari, oraindik ere. Asmoa dute herriko agintariek gobernuko arduradunekin bilera eskatzeko, auzia jorratzeko. Ekologistak Martxan taldeak eskaera bera egin zion gobernuari, eta erakunde horrek jaso du erantzuna. "Ezezkoa eman digute", azaldu du Nabaskuesek.

Nafarroako Gobernuak, hain zuzen ere, mezu bat nabarmendu du ekologistek egindako txostena zabaldu eta gero: "Legeak ezarritako mugak betetzen dira herrialdean, ozono troposferikoaren kasuan eta Erriberan izan ezik".

Javier Verak erran ditu azken hitz horiek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitatearen eta Klimaren Aldaketaren Zerbitzuko teknikaria da. Onartu du legeak agintzen duela airearen kalitatea hobetzeko planak egin behar direla kutsatzaileek legez ezarritako mugak gainditzen dituztenean. Nafarroako Gobernuak planik ez du egin, ordea. "Ez dugu esku hartzeko tarterik; ezin gara eraginkor izan, Erriberari eragiten dioten kutsatzaileak Nafarroatik at sortzen ahal direlako". Hori dela eta, gobernuak Espainiako Ingurumen Ministerioari "plan orokor bat" osa dezala eskatu diola azaldu du Verak.

Nabaskuesek ez du erantzun hori ontzat eman. Ezta Olga Risueñok ere. Tuterako Udaleko Ingurumen zinegotzia da Risueño, eta uste du gobernua bere ardura "bazter" uzten ari dela. "Espainiako Gobernuak plan bat osatu arte zain egon behar badugu, ez diogu inoiz helduko arazoari", erran du zinegotziak. Nafarroako Gobernuak zerbait egin behar duela eta zerbait egin dezakeela berretsi du Risueñok, eta bat egin du Nabaskuesek ere.

Castejongo zentralak

"Eredu aldaketa behar dugu". Horixe nabarmendu du Nabaskuesek, eta kutsaduraren arazoa egungo garapen ereduarekin lotu du, argi eta garbi. Castejongo zentral termikoen auzia jarri du mahai gainean Ekologistak Martxan taldeko kideak. Azpiegitura horiei buruz, hain zuzen ere, Erriberako ozono troposferikoarekin ez dutela zerikusirik azaldu du Javier Verak. "Azken urteotan ia geldirik egon dira, eta ozonoaren arazoa ez da desagertu". Hori egia dela onartu du Nabaskuesek. Argi du zentralak ez direla ozonoa eragiten duen kutsadura iturri bakarra. "Denak eragiten du, halere; zentralek ere bai". Iruñeko industrian sortzen den kutsadura, trafikoarena, eta Zaragozaren eta Logroñoren (Espainia) gisako hiriek eragiten dutena pairatzen dute Erriberan, Nabaskuesek gaineratu duenez.

Iritzi horrekin bat egin du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek. Castejongo zentralen kontrako plataforman aritu da urte luzez. Argi du azpiegitura horiek martxan jarri izanak "burbuila energetikoarekin" duela lotura. "Gobernuak dio Erriberako ozonoa ez dutela Castejongo zentralek eragiten; ahaztu egiten zaigu aipatzea Errioxan [Espainia] badirela beste bi; ez da zabaltzen, halaber, Castejongo zentralak ireki zituztenetik nabarmen egin duela gora Nafarroan nitrogeno oxidoen kopuruak".

Nabaskuesek eta Risueñok bezala, ikuspuntu orokor baten beharra nabarmendu du Lorentek ere. Kutsatzaileak alde batetik bertzera mugitzen direlako eta hemengoek eta hangoek han eta hemen eragiten dutelako. Horrek ez du erran nahi, ordea, Nafarroak neurriak hartzeko modurik ez duenik. Horixe nabarmendu dute hirurek.

Batetik, informazioaren auzia aipatu dute. Alde horretatik, "kutsatzaileen eta kutsatzaile horien iturrien inguruko azterketa sakona" eskatu du Tuterako Udaleko zinegotziak. "Jakin beharko genuke zer motatako industriak ditugun, eta zer motatako kutsatzaileak eragiten dituzten; aztertu beharko dira klima, orografia eta kutsaduraren arazoari eragiten ahal dioten gainerako elementu guztiak", erran du Risueñok.

Datuak jasotzeko estazioek duten garrantzia aipatu du, bertzalde, Nabaskuesek. Lorentek gogoratu du garai batean Castejongo zentralen inguruko airea aztertzeko zeuden bi estazioak "hondatu" egin zituztela. Egun, Nafarroa osoan airearen kalitatea kontrolatzeko bederatzi estazio daude: hiru daude Iruñean, eta bana Lesakan, Altsasun, Erriberrin, Zangozan eta Funesen. "Tuteran ere badago bat", erantsi du Verak.

Baieztapen hori ez dela zehatza erantzun du Nabaskuesek, ordea. "Bai, udalerri barruko eremu batean dago, baina hirigunetik kanpo, landa eremu batean". Hori dela eta, hain zuzen ere, Ekologistak Martxan taldeak, bai eta Tuterako Udalak ere, Tuterako erdigunean bertze estazio bat jar dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

Estazioek jasotzen duten informazioaren berri zabaltzeko galdegin diote gobernuari, gainera. Nafarroako Gobernuak webgunea du airearen kalitatearen berri emateko: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Calidad+del+aire/. "Estazioek orduro jasotzen dituzte datuak, eta datu base batera igortzen dute informazioa. Webgunean herritarren esku jartzen dugu informazio hori", azaldu du Javier Vera gobernuko Ingurumen Departamentuko kideak. Nabaskuesek argi du hori ere ez dela nahikoa. "Informazio kanpaina eraginkorragoak behar ditugu, herritarrak ohartarazteko mugak gainditzen direnean".

Autoa "etsai"

Garapen ereduari buelta ematen hasteko bidean urratsak proposatu dituzte ekologistek. "Argi dago etsai nagusietako bat autoa dela", erran du Ekologistak Martxan taldeko kideak. Alde horretatik, hirietan bizikletaren erabilera bultzatzeko neurriak eskatu ditu. Bat egin du Risueñok. "Ausardiaz jokatzeko ordua da", erran du.

Erregai fosilak atzean utzi eta energia berriztagarrien aldeko apustua jarri dute ekologistek, laburbilduz, mahai gainean. Nabaskuesek zalantza du, ordea, gobernuak bide horretan urratsak eginen ote dituen. "Volkswagenek hemen duen indarra kontuan hartuta, zail ikusten dut", erran du, ezkor.

Lorentek ere gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuaren jarrera: "Aurreko gobernuaren energia eredu bera du oraingoak ere; industria ekoizpenerako eta garapenerako eredu bera", salatu du. "Aurreko gobernua baino arriskutsuagoa da oraingoa, aldaketaren inguruko irudia saltzen duelako, baina aldaketa hori ez da gertatu".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!