Edurne Elizondo
Duela 78 urte gertatu zen. 1938ko maiatzaren 22an. Iruñe ondoko Ezkabako gotorlekuan preso ziren 795 lagunek ihes egin zuten. Haietatik 206 tiroz hil zituzten mendian, eta 586, berriz, atxilotu. Ihesaldia antolatzea leporatuta, gainera, hamalau pertsona fusilatu zituzten. Ihes egin zutenetatik hiruk bakarrik lortu zuten muga pasatzea: Jovino Fernandezek, Jose Marinerok eta Valentin Lorenzok. Laugarrena ere izan ote zen iradoki zuen Fermin Ezkietak, Pamielarekin 2013an argitaratutako Los fugados del Fuerte de Ezkaba, 1938 (Ezkabako Gotorlekuko iheslariak, 1938) liburuan.
Iaz, Pamielak plazaratutako bertze liburu batean, Ezkaban gertatutakoa eleberri bilakatu zuen Luis Garde idazle iruindarrak. Duela urtebete euskaraz emandako Ehiztariaren isilaldia gaztelaniaz argitaratu du orain, El silencio del cazador izenburupean, eta 80 orrialde gehiagorekin. "Ezkabakoa memoria bizia da, beti bada hari berri bati tira egiteko aukera", nabarmendu du egileak, ihesaldiaren urteurrenaren harira.
Memoria bizia delako, hain zuzen ere, Ezkaban preso egondako guztiek jaso zuten herritarren omenaldi beroa, igandean. Txinparta elkarteak antolatu zuen, urtero bezala. Frankismoaren eskutik espetxe bilakatutako gotorlekua da Nafarroako memoria historikoaren mapan toki nagusietako bat. Horregatik, Ezkaba mendiko magala Garderen eleberriko agertokia baino gehiago da. "Gaztetan besta egiteko toki izan zen niretzat Ezkaba mendiko inguru hori; ongi pasatzeko tokia; han gertatu zenak jo ninduen arte. Talka baten modukoa izan zen, eta horrek eraman ninduen eleberria idaztera", adierazi du.
1938. urteko ihesaldian parte hartu zuten bi gizon dira Garderen obrako protagonista. Haien arteko elkarrizketa osatu du egileak, haien pentsamenduen, ideologiaren eta ihesaldiaren ingurukoak azaleratzeko. Haiekin batera, idazlearen alter ego-a den narratzailea da liburuko hirugarren pertsonaia nagusia. Gaur egungo ikuspuntutik, Ezkaban gertatutakoari buruzko ikerketa abiatzen du, eta mahai gainean jartzen ditu ihesaldiari, espetxeari eta han gertatutako guztiei buruzko hamaika galdera.
Bada guztien artean nabarmentzen den galdera bat: ihesaldian parte hartu zuten presoen atzetik joan zirenen ingurukoa, alegia. Presoak harrapatzera mendira jo zuten haiei buruzkoa. "Herritar soilek ere parte hartu zuten ehizaldi hartan; altxamendua gertatu zen une beretik aritu ziren herritar soilak frankismoak jomugan jarritakoen atzetik. Ohiko bizimodua bazter utzi, eta egun batetik bertzera, eskopeta hartu, eta bertze herritarrak harrapatzera jo zuten mendira".
Herritar soila zerk bilakatzen duen ehiztari; hori da Gardek bere liburuan azaldu duen gogoetagai nagusietako bat. "Ez zen bakarrik Ezkaban gertatu; baina zergatik? Sinetsi nahi izaten dugu guk ez genukeela horrelakorik eginen, baina benetan hala da?". Galderak eta hausnarketarako gaiak mahai gainean utzi ditu idazleak, ia 500 orrialdetan.
Iragana ezagutzeko eta haren berri emateko beharra nabarmendu du Gardek. "Ezkaban gertatutakoari buruz ia egunero ari gara datu berriak ezagutzen; datuak ezkutatuta egon dira; ikusi dugu zeinen zaila den errepresioaren gauzatzaileen izenak hainbat kaletatik kentzea; iragana tapatzeko hainbertzeko interesa dagoenean, argi dago iragan hori ez dagoela hila; memoria bizia dela", berretsi du.
Botilen hilerria
1938ko ihesaldia ez da Ezkabako gotorlekuko espetxearen historian gertaera beltz bakarra. 1942tik 1945era hildako 131 preso errepublikazaleren gorpuak lurperatu zituzten gotorlekuko hilerrian. Jose Maria Jimeno Jurio historialariak bazuen haren krokis bat, eta funtsezkoa izan zen 2007an Aranzadiko kideek hasitako indusketak egiteko.
Preso gehienak tuberkulosiak jota hil ziren. Gorpu haietako anitzen ondoan botilak lurperatu zituzten. 72. hilobikoak ondoko mezua gordetzen zuen idatzita, paper puska batean: "Ezkabako kartzela ospitalea. Iruñea. Andres Gangoiti Cuesta hemen hil zen, biriketako tuberkulosiak jota. 23 urte zituen, ogibidez marinela zen, Gorlizkoa zen (Bizkaia). Bilboko Gregorio Revuelta 30 kalean bizi zen, Lorenzo eta Luciaren semea zen. Preso honi 30 urteko zigorra ezarri zioten Donostian eginiko Gerra Kontseilu batean, matxinadarekin bat egiteagatik. Iruñea, 1943ko abenduaren 26a". Igandean, botilaz bete zuten, berriz ere, Ezkabako gotorlekua. Memoriari eusteko. Memoria bizirik delako.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.