Hutsetik hasi direnen kluba

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko mai. 27a, 03:25

Edurne Elizondo

Askaria hartzen ari dira. Umore onez. Batzuez eta bertzeez hitz egiten. Eritasunaz ere bai. Urte luzez izan baitira Antonio Garcia, Toñin Elcid, Juan Pedro Azkoaga, Juan Jesus Zabalza eta Iñaki Urrutia gaixo hepatikoak. Transplante batek hutsetik hasteko aukera eman zien arte. Duela hamar urte egin zioten ebakuntza Antonio Garciari (Iruñea, 1956). Atehna Transplantatu eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteko presidentea da. "Egoera berean direnak lagundu nahi ditugu. Gaixo datorrena eskutik heldu, eta ongi dagoen arte ez utzi".

2008. urtean sortu zuten elkartea. Toñin Elcid (Iruñea, 1954) ia hasieratik izan da kide. Duela bederatzi urte egin zioten transplantea: alaba batek eman zion bere gibelaren zati bat. "Bertze aukerarik ez nuen jada". Bederatzi hilabetez egon zen transplantea egiteko itxaron zerrendan. Minbizia zuen gibelean. "Bi hepatokartzinoma nituen; laurekin zerrendatik aterako nindutela erran zidaten medikuek". Gaixotasunak okerrera egin zuen, eta lau tumore izatera iritsi zen Elcid. Organo bat jasotzeko aukerarik gabe gelditu zen, ondorioz. "Argi utzi zidaten aukera bakarra bizirik zegoen emailea aurkitzea izanen zela", gogoratu du.

Bereak egin zuela pentsatu zuen Elcidek, zerrendatik atera zutenean. "Gaizki nengoen". Alabak emaile bilakatzea erabaki zuen. "Ebakuntzaren egunean ezin urduriago nintzen; ez nigatik, alabarengatik baizik. Medikuek argi utzi ziguten arriskua oso txikia zela, baina, halere, gaizki pasatu nuen". Egun, orbaina da ebakuntzak Elciden alabari utzitako arrasto bakarra.

Juan Jesus Zabalzarentzat (Iruñea, 1964) "hagitz lagungarria" izan zen Elciden esperientzia. Hepatokartzinomek utzi zuten Zabalza ere organoa jasotzeko itxaron zerrendatik kanpo. Une hartan, 21 pertsona zituen aurretik. "Bizirik zegoen emailearen aukera aipatu zidatenean, nik ez nekien hori nola egin zitekeen ere; inoiz ez zitzaidan halako aukera burutik pasatu ere egin".

Elcidekin hitz egin zuen arte. "Medikuek datuak ematen dizkizute; estatistika hutsak, alegia. Baina Toñinek alabaren gibelaren zati bat jaso zuela jakin eta gero, anitz lasaitu nintzen". Arrebaren senarrak eman zion bere gibelaren zati bat Zabalzari, 2009. urtean. Bertze bi senidek egin zituzten, aurretik, emaile izateko probak, baina bazter utzi zituzten: "Nire arrebak finegiak zituen zainak; eta bertze koinatu bat, berriz, gibelaren tamainagatik baztertu zuten".

Gibelak bi lobulo ditu, eta haietako handiena ematen dio emaileak organoaren premia duen gaixoari. "Emailearen zatiak, halere, gutxieneko tamaina bat behar du izan; gibel osoaren %35 gutxienez, alegia", azaldu du Zabalzak. Adin muga bat ere bada organo bat eman nahi dutenentzat: 55 urte. "Hori da halako kasuen abantailetako bat, organo gazte bat jasotzen duzula. Gainera, gorputz batetik atera eta berehala sartzen dute bertze batean, eta horrek gutxitu egiten du, neurri handi batean, iskemiarako arriskua; izan ere, gibela gorputzetik ateratzen denean, gehienez ere 15-16 orduz da erabilgarria", erantsi du Antonio Garciak.

Zirrosia eta tumoreak

Garciak, Iñaki Urrutiak (Iruñea, 1963) eta Juan Pedro Azkoagak (Arrasate, Gipuzkoa, 1948) hildako emaile baten eskutik jaso zuten behar zuten gibela. Hirurek zuten C hepatitisa. Zabalzak ere bai. "Izan ere, zirrosia duten gaixo anitzek garatzen dituzte hepatokartzinomak. C hepatitisa dagoenean, fibrosia badago. Eta fibrosiak okerrera egiten duenean, zirrosi bilakatzen da", azaldu du Garciak. Zirrosia dagoenean hepatokartzinomak garatzeko dagoen arriskuak "Damoklesen ezpata" bilakatzen du gaixotasuna. "Horregatik eskatu dugu guk zirrosia duten gaixoei ekografia egitea sei hilabetean behin". Gaixotasunari aurrea hartzeko, berandu baino lehen. Kontuan hartzeko datu bat jarri du Garciak mahai gainean: "Nafarroan badira C hepatitisa dutela ez dakiten 4.000 pertsona".

Garciari duela hamar urte egin zioten transplantea, eta onartu du ebakuntza gogorra egin zitzaiola. Ez hainbertze fisikoki. "Kontua da ni ongi sentitzen nintzela; 30 urtez egon naiz gaixo, baina transplantea egin aurreko egunean, oraindik ere, lanean nintzen". Itxaron zerrendan lehena zela errateko jaso zuen lehendabiziko deia. "Urduritzen zaitu horrek, ezin da ukatu". Biharamunean, ebakuntza eginen ziotela erran zioten. Emailea bazela harentzat.

"Emazteak bakarrik zekien; transplante baten zain zaudenean inoiz ez dakizu zenbat denbora itxaron beharko duzun; ez nituen ingurukoak alferrik kezkatu nahi". Garciak onartu du senideentzat gogorragoa izaten ohi dela egoera. Hitz horiekin bat egin du Iñaki Urrutiak, Transplantatu eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteko presidenteordeak. Duela hiru urte eta erdi egin zioten hari ebakuntza. "Organoa jaso baino lehen, bizirik zen emaile baten eskutik jasotzeko aukera aipatu zidaten, baina nik halakorik ez egitea erabaki nuen; ez zitzaidan bidezkoa iruditzen inori halakorik eskatzea".

"Eskatu, eskatu... nik ere ez nion inori eskatu, baina etxean zure egoeraren berri dutenean zure hurbilekoek lagundu nahi dute, eta haien esku badago zu sendatzea, ez dute bitan pentsatzen", erantzun dio Elcidek Urrutiari. Azken horrek aitortu du ia inori ez ziola eman bere egoeraren berri. Eta horrekin lotu du bizirik zegoen emaile baten eskutik organoaren puska bat jasotzeko aukera baztertu izana.

Medikuek argi eta garbi hitz egin zioten Urrutiari gaixotasunaren larritasunari buruz. "Niri espezialistak erran zidan ni bezala zeuden guztiak hilak zirela bost urteren buruan. Niri epea luzea iruditu zitzaidan!".

Juan Pedro Azkoagari duela bost urte egin zioten transplantea. "Zortzi hilabetez egon nintzen itxaron zerrendan. Egun batean, telefonoz deitu zuten etxera. Niretzat gibela bazela erran zidaten".

Azkoagaren transplantearen orbaina ez da agerikoa. Burutik kendu dioten azaleko orbanarena bai, ordea. Hori da organo bat jaso dutenek pairatzen duten alboko kalteetako bat. "Botiken ondorioz gertatzen zaigu; gorputzak organoa onar dezan inmunoezabatzaileak hartu behar ditugu; defentsak apal izaten ditugu, eta eguzkiak ohi baino kalte handiagoa egiten digu", azaldu du Garciak. "Azaleko minbizia izateko %400 aukera gehiago dugu", erantsi du Urrutiak. Gogora ekarri du ebakuntza egin behar zuenean medikuak zer erran zion: "Heriotza eragiten duen gaixotasun bat sendatuko dizut; horren ordez, gaixotasun kroniko bat izanen duzu". Urrutiak, adibidez, bederatzi pilula hartu behar ditu egunean. "Tarteka gaixotzen gara", onartu dute denek.

Itxaron zerrendak, behera

Aurrera jarraitzeko aukera izateko ordaindu behar duten prezioa da hori, transplanteak lotuak dituen ajeei aurre egin behar izatea. Eta ez da garestia, bostek nabarmendu dutenez. Transplanteak erabat aldatu du haien egunerokoa, eta etorkizun luzeago baten aukera jarri die mahai gainean. Horregatik, organo emaile bilakatzeko eskatu diete elkarteko kideek herritar guztiei. Argi utzi dute azken erabakia familiak hartzen duela, eta, ondorioz, garrantzitsua dela emaile izateko nahiari buruz hitz egitea hurbilekoekin. Garciak nabarmendu du familiaren iritziaren gainetik dagoela, halere, norberak egiten duen bizi testamentua. "Emaile izatea da zentzuzko aukera", erran du elkarteko presidenteak.

Gibeleko transplanteen kasuan, halere, itxaron zerrendak behera egin du azken urteotan. "2009. urtean 21 pertsona zeuden; 2015ean bi bertzerik ez; eta une honetan, berriz, sei". Kopuruaren beherakadak lotura du C hepatitisa sendatzeko botikekin, Garciak nabarmendu duenez.

Bizirik diren emaileen kasuak ere badu eragina. Normalean senideen artean egiten dira gisako ebakuntzak, baina ez beti. "Elkartera ere etorri dira hainbat pertsona, emaile izan nahi dutela erratera. Guk transplanteen koordinatzaileekin jarri ditugu harremanetan", erran du Garciak. Horien eskuzabaltasuna nabarmendu dute Atehna elkarteko kideek.

Organo emaileen eguna da ekainaren 4a, eta Transplantatu eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteak ospatu eginen du. Ekainaren 11rako besta eguna antolatu dute, Valtierran. Zer ospatu badutelako.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!