Edurne Elizondo
Gezurretan ari dira". Horixe nabarmendu du Gurelur talde ekologistako Toño Munillak, Nafarroako Gobernuak Urbasa-Andia natur parkeko harrobiari buruz emandako azalpenak entzun eta gero. Gurelurrek Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen Departamentuan salatu du, berriki, Lizarragako tunelaren ondoan dagoen harrobian 1997tik ari direla baimenik gabe lanean. Salaketa horri txosten batekin erantzun dio departamentuak, eta erran du behar dituen lizentzien jabe dela harrobia, eta 2023ko abenduaren 28ra arte indarrean dagoen baimena baduela.
"Gezurra da harrobiak baimena duela", berretsi du Munillak. 1994. urtean salatu zuen Gurelurrek harrobiaren jarduera, lehendabizikoz, "ingurumenari eragiten dion kalteagatik". "Gobernua ere bada egoera horren jabe", erantsi du Munillak. Izan ere, 1991. urteko eta Ingurumen Zerbitzuko zuzendariak sinatutako agiri batean, gobernuak onartu zuen 1997an amaitzen zela harrobiaren baimena, eta jaso zuen, gainera, urte horretatik aurrera ezin izanen zela berritu, harrobiaren jarduerak "ezin konponduzko kaltea eginen liekeelako babestu beharreko balio naturalei".
1999. urteko bertze agiri batean, Ingurumen Departamentuak onartu zuen harrobia zabaltzeko baimenik gabe ari zela, eta nabarmendu zuen, halaber, Gurelurrek erran bezala, harrobia ustiatzeko kontzesio administratiboaren iraungitze data 1997ko abenduaren 31 zela.
Urbasa-Andia natur parkea erabiltzeko eta kudeatzeko plan gidariak ere jasotzen du harrobiaren berri. Zehazki, plan horrek harrobia ixteko epea zehaztu zuen, eta jaso zuen epe horrek ezin izanen zuela inolaz ere gainditu kontzesio administratiboaren data; hau da, 1997ko abenduaren 31.
"Legezkoa da"
Harrobiaren egoerari buruzkoak bertze modu batera azaldu ditu Nafarroako Gobernuak. "Legezkoa da, erabat", erran du Ingurumen Departamentuak. Lizarragako tuneleko harrobia ustiatzeko baimena 1946. urtean eman zuten, lehen aldiz, eta 1983an berritu egin zuten. Gero, 1990ean, Manufacturas de Productos Minerales SL izeneko etxeak eskatu zuen ustiatzen jarraitzeko baimena.
Auzi horri buruzko txostena Deierriko Udaletxean zabaldu zuten, baina Nafarroako Gobernuak onartu du erakunde horrek ez ziola enpresari bere jarduerarako baimenik eman. "Administrazioaren isiltasunak ekartzen du, halere, baimen hori jasotzat hartzea", azaldu du Ingurumen Departamentuak. Erantsi du 1993. urteko ebazpen baten bidez erabaki zutela harrobia ustiatzeko baimena 30 urtez luzatzea; gainera, badago aukera baimen hori gehienez ere 90 urtez luzatzeko.
Egindako salaketari eutsi dio Gurelur talde ekologistak, eta natur parke batean Lizarragan dagoenaren gisako harrobia egotea "onartezintzat" jo du Toño Munilla kideak. "Kaltea sekulakoa da". "Hagitz larria da gertatzen ari dena", erantsi du. Munillaren ustez, Nafarroako Gobernuak azaldu beharko lituzke harrobiaren baimena luzatzeko egindakoak: "Nola da posible baimena luzatu izana, kontuan hartuta hamaika agiritan jasotzen dela 1997. urteko abenduaren 31 ezin gainditu daitekeen data badela?", galdetu du Antonio Munillak.
Parkea erabiltzeko eta kudeatzeko plan gidariak berak jasotzen duena jarri du Munillak mahai gainean: "Argi eta garbi erraten du baimena iraungita ezin izanen dela berritu, eta eremua lehengoratzeko lanak baino ezin izanen direla egin", erran du Gurelurreko arduradunak.
Munillak Departamentuko kontseilari Isabel Elizalderen jarrera ere gogor kritikatu du. "Karguak Urbasa-Andia natur parkeko patronatuko buru bilakatu du; bitan egin du patronatu horrek bilera, eta bietan saihestu du Elizaldek harrobiaren auziari buruz hitz egitea. Duela bi aste egindakoan zuzenean galdetu nion nik gaiari buruz, eta isildu egin zen. Idatziz erantzunen duela erran zuen", salatu du Munillak.
Departamentua ez dela gardentasunez ari uste du Gurelurreko kideak, eta benetako parte hartzea ere ez dela ahalbidetzen nabarmendu du. Departamentuaren arazo nagusitzat jo du, halere, aurreko gobernuko organigramari eutsi izana. "Ez da aldaketarik gertatu".
Urbasa-Andia natur parkeko harrobiaren auzian aldaketa nahi du Gurelur talde ekologistak, hain zuzen, eta, ondorioz, ez du epaitegietara jotzeko aukera baztertu. Natur parkean jarduera horri eustea "hagitz larria" dela berretsi du Toño Munillak, eta "hagitz larritzat" jo du, halaber, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentua erakusten ari den jarrera.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.