“Gustuko soinu bat ere kutsadura izan daiteke, eta min egin dezake”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko mai. 6a, 03:33

Edurne Elizondo

Iruñea ez dela Madril nabarmendu du Estibaliz Altunak (Gasteiz, 1984), baina Nafarroako hiriburuan ere kutsadura akustikoa badela erantsi du, kutsadura mota horren aurkako nazioarteko egunaren harira. Apirilaren azken asteazkenean ospatzen da, urtero. Iruñean, trafikoa da kutsadura akustikoaren iturri nagusia. Gustuko soinuak entzuteak ere min egiten ahal duela erran du Altunak, halere. Hari gertatu zaio. Entzumena galdu du, musika entzungailuekin aditzeagatik.

Hiritik urruntzen garenean konturatzen gara, benetan, egunerokoan inguratzen gaituen zarataz?

Hala izaten da. Egunerokoan, askotan, ez gara inguratzen gaituen zarata guztiaz jabetzen. Zenbaitetan gerta daiteke lantokian, adibidez, soinu bat etengabe errepikatzea. Ez du zertan zarata handi bat izan. Baina hor dago etengabe, eta, askotan, urruntzen edo bat-batean isiltzen den arte ez gara konturatzen. Halako soinuek eragin psikologikoa izan dezakete guregan, eta estresa sortu, edo urduritu.

Zarata ez bada handia, har daiteke kutsadura akustikotzat?

Askotan kutsadura akustikoaren sinonimo gisa erabiltzen dugu zarata. Baina ez dira gauza bera. Zarata kontu subjektiboa da. Zarata da guretzat atsegina ez den soinu bat. Nik gustuko dudan musika mota bat, adibidez, zarata izanen da beste batentzat. Kutsadura akustikoa, berriz, kontu objektiboa da.

Neurgarria, alegia?

Hori da. Kutsadura akustikoa dagoenean soinuak eragin bat du guregan eta gure inguruan. 65-70 dezibeletan dago muga. Hortik gora, kutsadura akustikoa bada. Osasunaren Mundu Erakundeak 65 dezibeletan jartzen du muga.

Zeintzuk dira kutsadura akustikoaren iturri nagusiak Iruñean?

Soinu askok eragin dezakete, une batean edo bestean. Iruñean, hala ere, kutsadura akustikoaren sorburu nagusia trafikoa da. Hiriko kutsadura akustikoaren mapa egin dute, eta hor agerian gelditzen da zaratarik handiena zer-nolako eremuetan sufritzen duten: hiria inguratzen duten saihesbideetan, hain zuzen ere. Noaingo aireportuan ere bada. Hegazkin bat aireratzen denean 120 dezibel inguruko zarata sortzen da.

Zarata hori, hala ere, ez da etengabea; trafikoarena, berriz, bai.

Hala da. Eta uste dugun baino handiagoa, gainera. Museoaren kanpoko aldean trafikoak 80 dezibel inguruko zarata eragin dezake. Neurtu dugu. Kontua da hirian bizi den jendea zarata horretara ohitu egin dela, eta ez dela sufritzen duen horretaz hainbertze jabetzen. Osasunaren Munduko Erakundeak dio, halere, astean 40 ordu baino gehiagoz ez genukeela 80 dezibel inguruko zaratarik entzun behar.

Trafikoa mugatzea ez da erraza. Bada konponbiderik?

Gure gizartean autoa toki guztietan dago, eta zaila da, bai, erabilera mugatzea. Baina hainbat neurri har daiteke. Abiadura mugatu daiteke, adibidez. Abiadura gero eta handiagoa, gero eta zarata handiagoa. Hainbat tokitan orduko 30 kilometroko abiadura mugak ezarri dituzte jada. Errepideen ondoan, halaber, landareekin egindako hesiak jar daitezke. Zuhaitzek eta zuhaixkek autoek eragiten duten zarata xurgatzen dutelako. Gauza bera egiten dute CO2arekin, gainera.

Hiriko zaratara ohitu garela erran duzu. Alde handia dago Iruñearen eta herrien artean?

Museoan ikastetxe eta institutuetako gazteak hartzen ditugu, eta hiritik edo herrietatik datozenen jarreran aldea badela sumatzen dugu guk. Herrietan ez dago hainbertze trafikorik, eta honat etortzen direnean, haiek ohartzen dira sufritzen dugun kutsadura akustikoaz. Iruñeak badu gauza on bat, halere: badituela kutsadura horri ihes egiteko tokiak. Arga ibaiaren ondoko parkea da horietako bat. Eta hor ere zuhaitzek eta zuhaixkek lortzen dute kutsadura hori bazter uztea. Noski, Madril edo Bartzelonaren gisako hiri batekin alderatzen badugu Iruñea, hemengo egoera ez da hain txarra.

Gauez behera egiten du trafikoak; asteburuetan, halere, aisialdiak eragindako zarata pairatu behar dute zenbait auzotako bizilagunek. Hori ere kutsadura akustikoa da?

Bai. Egia da kutsadura akustikoarena, oraindik ere, ez dela asko zabaltzen den gaia, baina herritarrak hasi dira halako egoerak salatzen. Alde Zaharrean hasi dira bat egiten arazo horren aurka. Auzo horretan, behintzat, tabernetatik kanpo edan ahal izateko ordutegia murriztu dute. 23:00ak arte egin daiteke bakarrik.

Zarata gustuko ez dugun soinua dela erran duzu. Atsegina zaigun soinu bat izan daiteke kutsadura akustikoa?

Bai, zalantzarik gabe, esan bezala dezibelen kopuruak zehazten duelako kutsadura zer den eta zer ez den. Adibide baten bidez azalduko dizut hau. Nik musika asko maite dut, eta urte luzez aritu naiz musika altu aditzen entzungailuekin. Horren ondorioz, entzumena galdu dut, eta soinu altuak jada ez ditut entzuten. Honat etortzen diren gazte askok ere entzuten dute musika entzungailuekin. Neurtu izan ditut dezibelak, eta 90 zituzten kasu askotan. Argi izan behar dugu horrek kalte egiten ahal digula.

Zeintzuk dira kutsadura akustikoak gugan izan ditzakeen ondorioak?

Belarri barruan zelula zeliatuak ditugu. Ileen antzekoak dira, eta soinuaren dardararekin alde batera eta bertzera mugitzen dira. Beren onera itzultzeko aukera ez badiegu ematen, azkenean hil egiten dira. Horrek dakar entzumena galtzea, baina badira bertze hainbat arazo ere. Akufenoak izan ditzakegu, adibidez, eta horrek ekartzen du txistu modukoak entzutea, etengabe. Behin-behineko egoera izan daiteke hori, edo behin betikoa. AC/DC taldeko abeslariak, adibidez, kontzertuak egiteari utzi behar izan dio, bestela gor gelditzeko arrisku handia zuelako.

Zaila da kutsadura akustikoak duen eraginari ihes egitea?

Ikerketa baten arabera, hirietan bizi diren herritarren %75ek badute entzumen arazoren bat. Berriki irakurri dut, halaber, munduan 12 eta 35 urte bitarteko 43 milioi pertsona gor gelditzen ari direla, musika entzungailuen bidez aditzeagatik. Txarrenak dira belarri barruan sartzen diren horiek, ez baitute kanpoko zarata bazter uzten. Ondorioz, are altuago entzun behar duzu musika.

Erran duzu kutsadura akustikoak inguruan ere baduela eragina. Zer-nolakoa?

Hegaztiei eragiten die, adibidez. Zarata handi baten ondorioz, adibidez, hiltzen ahal dira. Gasteizen, aurten, Urte Zahar gauean piroteknia erabiltzeko denbora mugatu zuten. Txakurrei ere eragiten die. Bestalde, hiriko zaratak, adibidez, eragina du hegaztien ohituretan. Zailtasunak izan ditzakete, adibidez, harremanak izateko, txioen bidez egiten baitute. Egokitu edo hirietatik alde egin behar izaten dute.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!