“Atxiloketek denen agendan jarri dute torturaren gaia”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko api. 29a, 03:40

Edurne Elizondo

Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek egindako "lardaskeria" salatu du Txelui Morenok (Burlata, 1958). Julia Ibañez emaztearekin eta Ibai Moreno semearekin batera atxilotu zuten, joan den astean, Iker Moreno bertze semeak jasandako torturak salatzeagatik.

Hainbat egun pasatu eta gero, zer analisi egiten duzu gertatutakoari buruz?

Egia erran, zaila da gertatu dena ulertzea, agerikoa baita egin duten lardaskeria. Atxiloketen atzean zera dago, batetik, askatasunak murrizteko helburu garbia duen ministro bat; eta, bertzetik, kontakizunaren inguruko borroka. Kontakizun bakarra nahi dute: haiena. Indarkeria mota bakar bati buruzkoa. Bertzelako kontakizunak bazter utzi nahi dituzte, baina, lehenago edo beranduago, horiek ere agertuko dira, anitz sufritu dutelako pertsona anitzek. Estatuak indarkeria baliatu du, eta hori azaleratuko da. Atxiloketekin hori saihestu nahi izan dute, baina egin duten gauza bakarra da lardaskeria galanta. Barne ministroaren lardaskeria galanta.

Semeak jasandako torturak salatzeagatik atxilotu zintuzten zu, eta, zurekin batera, zure emaztea eta bertze seme bat.

Hala da. Familiako hiru kide atxilotu zituzten, laugarrenak sufritutako torturak salatzeagatik. Nik argi dut torturaren inguruan zigorgabetasuna dagoela, torturen inguruko salaketak ez dituztelako ikertu nahi. Atxiloketekin hori gelditu da agerian; torturak salatu ditugunok eraman gaituzte polizia etxera, eta, bitartean, torturatzaileak zigorrik gabe daude. Lasai daude. Estatuak esku hartu izan balu auzi honetan, tortura ez zen existituko, seguruenik, ondorioen beldur izanen zirelako torturatzaileak. Baina estatuak alderantzizkoa egiten du; torturak salatzen dituztenen aurka egiten du.

Ikuspuntu pertsonalago batetik, nolakoa izan da prozesu hau guztia zuretzat?

Iker atxilotu eta espetxeratu eta gero, Soto del Realera joan ginen hura ikustera. Bisita hartan, jasandako torturen berri eman zigun semeak. Handik bueltan, autoan, familiak argi zuen ahaleginak egin behar genituela mundu guztiak jakin zezan zer gertatu zen, zer egin zioten semeari. Tortura existitzen dela zabaldu behar genuela argi genuen, eta bertan behera uzteko egin behar genuela borroka. Iker espetxean izan zen denboran, asmo hori izan dugu beti lagun. Epaiketaren ordua iritsi zenean, are gehiago. Burlatako herritar anitzek egin dute bat gure asmo horrekin, eta babes handia erakutsi diete Aztnugal auziko kide guztiei.

Epaileek argi utzi nahi izan zuten operazioa ez zutela haiek agindu. Zer deritzozu horri?

Hagitz datu garrantzitsua iruditzen zait hori. Garrantzitsuena, auzi honetan guztian. Lehen aldia da Nafarroako epaileak jendaurrera agertzen direla, mezu bat zabalduz, argi uzteko haiek ikustekorik ez dutela polizia operazio batekin. Barne ministroaren eta polizien jarrera agerian uzten du horrek. Lotsagarria da. Eta argi uzten du Espainiako demokraziaren maila hagitz eskasa dela. Eskubideen murrizketak halako egoerak ekartzen ditu. Ezkerrekoak eta ustez demokratikoak diren hainbat alderdik bertze alde batera begiratu dute torturak gertatu direnean. Guri autokritika eskatzen digute, eta herri honetan egon diren biktimak onartzea. Uste dut torturen auzian bertze aldera begiratu duten horiei ere eskatu behar zaiela autokritika.

PPko Ana Beltranek kontrakoa egin zuen joan den asteko parlamentuko osoko bilkuran. Haserre hartu zituen torturaren aurkako kartelak.

Polizia etxetik atera nintzenean errandako bera erranen dut: Excusatio non petita, accusatio manifesta. Bere burua demokratatzat badu, torturaren aurkako kartel horiek txalotu behar ditu.

Iker Moreno zure semeak, atxiloketak gertatu eta gero, Aztnugal kanpainarekin min egin dutela erran zuen. Ados zara?

Bai. Muralean ez zen Guardia Zibila edo Espainiako Polizia inon ageri. Aztnugal kanpainaren abiapuntua da tortura salaketa bat. Europak bere egin zuen salaketa hori, eta Espainia zigortu zuen, ez ikertzeagatik. Hori da Aztnugal.

Babes zabala jaso duzue hemen. Hemendik kanpo ere bai?

Bai. Auziak gainditu ditu Euskal Herriko mugak. Babes handia jaso dugu hamaika tokitatik: Herrialde Katalanetatik, Andaluziatik, Galiziatik, bai eta Madrildik ere. Handik, gutxiago. Madrilen, oraindik ere, tortura salatzeko beldurra bada. Baita orain sortzen ari diren talde edo alderdi horien artean ere. Gu kontent gaude, halere. Orain mundu guztiak ezagutzen du egin dugun murala. Hamaika tokitan egin dituzte gisakoak ere; Erroman, adibidez. Eskertzen dugu elkartasun hori. Garrantzitsuena da, hala ere, atxiloketek torturaren gaia denen agendan jarri dutela. Eta hori gutxitan gertatu da. Uste dut lagundu duela Aztnugal kanpainak, eta torturaren aurka zabaldutako manifestuak ere bai. Ernest Lluchen alabaren sinadura zen lehena. Hori oso indartsua izan da.

Espainiako kate batean Arnaldo Otegi elkarrizketatu zuten, duela zenbait aste. Otegik torturatu zutela erran zuen, baina kazetariak ez zion tira egin hari horri. Zer iruditzen zaizu?

Nik elkarrizketa ikusi nuen. Eta hori gertatu zenean, burura etorri zitzaidan lehen hitza koldarkeria izan zen. Jordi Evole kazetaria une horretan koldarra izan zela uste dut. Estatuak ez du gai hori ukitzea nahi, eta kazetariak atzera egin zuen. Madrilen, oraindik ere, anitz kostatzen da estatuak egindakoa onartzea.

Bertze elkarrizketa batean, berriki, Paco Etxeberria auzi medikuak erran zuen ETAren biktimek erakundeen babesa jaso dutela, baina, ez, ordea, gizartearena, eta torturaren biktimekin alderantzizkoa gertatu dela; herritarren babesa bai, baina erakundeena ez dutela izan. Ados zara?

Bai. Egia dela uste dut. Etxeberria, gainera, aditua da kontu horietan. Nik uste dut torturaren gaia azaleratzeko lan gehien egin duten pertsonetako bat dela. Hagitz ausarta dela uste dut. Horixe erakutsi dit. Ausartu da, eta gauzak diren moduan azaldu ditu. Eskertzekoa da.

Torturaren gaia agendan jarri dute atxiloketek, erran duzunez. Orain zer?

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko luketela uste dut. Eusko Jaurlaritza ari da jada, eta Etxeberria da, gainera, torturak ikertzeko batzordearen buru. Hagitz ongi. Nafarroako Gobernuak gauza bera egin beharko luke, eta, Etxeberria bada pertsonarik egokiena lan hori egiteko, egin dezala berak. Baina egin dezatela zerbait erakundeek. Biktimak onartu behar dituzte, eta torturatzaileen kontra egin, auzitegietara eraman. Gertatu denak lortu du gaiaz hitz egitea, eta ez da gutxi. Jarraitu dezagun lanean.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!