Aldatzeko ereduak

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko api. 29a, 03:15

Edurne Elizondo

Abiadura handiko trenari ezetz errateko antolatu dute AHT Gelditu Elkarlanak eta bertze hainbat eragilek Txirrinka bizikleta martxa. Maiatzaren 20tik 22ra eginen dute, eta Hego Euskal Herria zeharkatuko du, lau zutabetan banatuta. Bizikletara igo baino lehen ere, lanean aritu dira Nafarroako zutabeko kideak: 1975etik gaur egunera arte herrialdean ingurumenari eragin dioten azpiegituren eta proiektuen mapa osatu dute, bai eta egitasmo horien aurka aritu diren eta ari diren taldeena ere.

Ia ehun orriko txostena egin, eta hiru ondorio nagusi jarri dituzte mahai gainean: batetik, berrogei urteotan anitz izan direla ingurumenari mehatxu egin dioten proiektuak, bai eta haien aurka sortu diren taldeak ere; txostenaren egileek 65 gatazka jaso dituzte haien zerrendan. Bertzetik, borroka moldeak, aktoreak eta arrazoiak askotarikoak izan direla: azpiegiturak, garraioa, energia, arlo militarra, hirigintza, harrobiak eta bertze jorratu dituzte txostena osatzeko, esparru horiek guztiak ukitu dituztelako sortutako gatazkek. Azkenik, borroka horiek bultzatu dituztenek garaipen anitz lortu dituztela: 65 gatazka horietako 28tan proiektuak bertan behera utzi dituzte; hemeretzitan aurrera egin dute; eta gainerakoetan, berriz, borrokak indarrean jarraitzen du.

AHTaren gisako azpiegiturak ahalbidetzen dituen gizarte eredua aldatzeko beharra nabarmendu nahi du Txirrinkak, eta Nafarroako "erresistentzien" inguruko txostenaren bidez, aldaketa hori gauzatzeko ereduak jarri ditu agerian herrialdeko taldeak. Erresistentzia horiek izan zituzten mintzagai joan den astean, hain zuzen, Txirrinkaren antolatzaileek egindako mahai inguruan. Energia nuklearraren aurkako borroken ikuspuntutik, ekologismoak Nafarroan beti izan duen izaera soziala eta zabala nabarmendu zuen Andoni Romeok, adibidez. Bat egin zuen Sustrai Erakuntza fundazioak behin baino gehiagotan zabaldu duen mezuarekin, eta borroken arteko lotura agerian utzi zuen. Aspaldiko eta egungo borrokek estatuaren erantzunarekin duten lotura jarri zuen mahai gainean, bertzalde, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kide Peio Lusarretak. Talde horrek egindako ekintza zuzeneko jarduerek gaur egungo mozal legearekin duten harremana aipatu zuen, ildo horretan. "Desobedientzia zibilaren aurka egiteko onartu dute".

Gladys del Estal

Nuklearren aurka Nafarroan egindako lana ekarri zuten gogora joan den asteko mahai inguruan. Txirrinkaren antolatzaileek ere borroka ildo hori hautatu dute haien txostena zabaltzeko. Izan ere, 1970eko hamarkadan, orduko Iberduerok zentrala egin nahi izan zuen Arguedasen, Erriberan. 1979. urteko ekainaren 3an, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako nuklearren aurkako protestetan, Guardia Zibilak Gladys del Estal gazte ekintzailea hil zuen tiroz, Tuteran.

Erriberan sortu dira bertze hamaika proiektu eta protesta; indarrean jarraitzen du Castejongo zentral termikoen aurkakoak, bai eta Bardeako tiro eremuaren kontrakoak ere. Haustura hidraulikoarekin lotutako egitasmoek ere eragin dute haien aurkako taldeak sortzea azken urteotan Erriberan. Eskualde hori ukitzen du, halaber, abiadura handiko trenak, eta Itoizko urtegiarekin lotutako Nafarroako ubidearen proiektuak ere bete-betean eragiten dio Nafarroaren hegoaldeari.

Azken berrogei urteotako gatazken artean oihartzun gehien lortu dutenetako bat izan da Itoizko urtegiarena, zalantzarik gabe. Proiektu horren eskutik aldatu zuen Nafarroako Parlamentuak bere naturguneen legea, lehendabiziko aldiz. Aldaketa horrek erakutsi zuen paperean jasotako babesak deus gutxirako balio zuela, aurretik legez babestuta zegoen espazioa babesik gabe utzi baitzuen. Bigarrenez Larrako eski estazioen proiektuarekin egin zuen hori parlamentuak. Berriz ere, aurretik legez babestuta zegoena babesik gabe gelditu zen, inguruko balio naturalak eta ekologikoak aldatu ez ziren arren. Itoizkoa bezala, Larrako borroka ere oposizioak galdu zuen. 2003an, manifestua plazaratu zuten Larraren alde oposizioko alderdiek eta hamaika eragilek. Karrikan egin zuten protesta herritarrek. Baina ez zuten proiektua gelditzea lortu. Eski estazioak eginda daude.

Erribera ukitu dute ingurumenari kalte egin dioten proiektu anitzek; Pirinioak ere bai. Oraindik ez da erabat bazter gelditu, adibidez, Zilbetin egin nahi duten magnesita harrobia, eta Aurizberrin ere bada silizea ustiatzeko proiektu bat mahai gainean. Baztanen, berriz, Aroztegiko hirigintza proiektuaren aurka ari dira.

Itoitzen galdutako borrokak min handia egin die herri anitzi, baina zer ospatu ere izan dute: Iruñea eta Biarno artean autobidea egiteko proiektua aurkeztu zuten 1998an. Pirinioetako bi aldeetako herritarrek bat egin zuten Leia Taldean, haren aurka lan egiteko, eta ahaleginaren ondorioz lortu zuten esperotako emaitza: egitasmoa bazter utzi zuten, inguruko herriak kontra altxatu eta gero.

Autobideen artean, hala ere, Leitzarango proiektuak lortu du oihartzunik handiena, berrogei urteotako gatazken artean. Hura izan zen gogorrenetako bat. Haren berri jaso du Txirrinkak txostenean, eta gogora ekarri du 1987an sortu zela Autobiaren Aurkako Koordinakundea, eta 1989an hasi zituztela errepidea egiteko lanak. Bi urteko epean, obra horien aurkako 160 sabotaje ekintza egin zituzten. ETAk ere esku hartu zuen azpiegitura horren aurkako borrokan, eta hamaika atentatu egin zituen. Autobiako obrekin lotura izateagatik lau pertsona hil zituen. 1990ean Autobiaren Aurkako Koordinakundeak Lurraldea Alternatiba aurkeztu zuen, eta izen bera hartu zuen koordinakundeak. Negoziazio prozesua hasi, eta egun martxan den bidea inauguratu zuten, 1995ean.

Galdu eta irabazitako borrokek hamaika lezio utzi dute. Horixe nabarmendu du Txirrinkak bere txostenean. Ondorio nagusietako bat da batzeak duen garrantzia. Txirrinka bera hainbat eragileren bat egitearen ondorio da. Sustrai Erakuntza fundazioak gisako rola betetzen duela adierazi dute txostenean, laguntza juridikoa eskaintzeaz gain, koordinazio lana ere egiten duelako hainbat talderen artean. Ingurumenari eragiten dioten proiektuek lotura dutela agerian utzi izan du fundazioak, anitzetan; haien aurkako borrokek ere izan dezakete.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!