Asier Azpilikueta
Irakurle maiteok, bortz urte pasatxo daramatzat berripaper honetan nire harrikadak jaurtitzen, eta orain arte halako arau idatzi gabeko bat bete dut: nire lantokiari buruz ez idaztea. Orain arte.
Iruñeko Biurdana institutuko irakaslea nauzue. Ikastetxe horrek masifikazio arazo handi bat du duela zenbait urtetik, baina oraintsu arte ez dut zoko hau baliatu horretaz mintzatzeko, iruditzen baitzitzaidan zuek ez zenutela zertan jasan nire lantokiari buruzko matraka.
Iragan hilabeteko idatzian, baina, arau hori hautsi nuen. Biurdanari buruz idatzi nuen. Nafarroako Gobernuak azkenean erabaki baitu Biurdanaren masifikazio arazoa konponduko duen institutu berria eraikitzea, eta, aizue, behingoagatik aipatu behar nuen hemen kontutxo hori.
Eta oraingoan berriz hautsiko dut araua, Biurdana institutuak duen ekimen polit bat aipatu nahi baitizuet: Euskal Liburuaren Irakurketa Publikoa, hain zuzen ere.
Pentsa ezazue unetxo batez zer-nolako hedadura duen irakurzaletasunak eta literaturarekiko grinak gure gizartean. Txikia, ezta? Bada, zaletasun eta grina horiei jar iezaiezue euskal izenlaguna aurretik. Are txikiagoa, ezta? Bada, nanoteknologiaren eremuan sartuko gara zaletasun eta grina hori nerabeen artean aurkitu nahi badugu.
Hartara, 2000. urtean, Biurdana institutuan Irakurketa Publikoa antolatzen hasi ziren "hitz irakurria hitz mintzatu bilakatuz" eta "ekintza pribatua publiko bihurtuz" nerabeen artean irakurzaletasun hori bultzatu nahian-edo. Urtero, euskal idazle bat aukeratzen dute, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren ondoko ortzirale bateko goiz oso bat ematen dute haren liburuen pasarteak ozen irakurtzen.
Gure uste apalean, Biurdanako Irakurketa Publikoak izen txiki bat erdietsi du Euskal Herriko literatur munduan. Bertzeak bertze, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Aingeru Epaltza, Kirmen Uribe, Pako Aristi, Jasone Osoro eta Aitor Arana etorri dira Biurdanara, eta ikasleen —zein kanpoko gonbidatuen— ahotik entzun dituzte beraiek idatziriko zenbait pasarte.
Aurtengo Irakurketa Publikoa XVII.a izanen da, apirilaren 29an ospatuko dugu, eta Jon Alonso idazle iruindarrari eginen dio gorazarre. Camembert helburu, Agur Darwin, Katebegi galdua eta Zintzoen saldoan lanetako pasarteak irakurriko ditugu, eta, Jon Alonsok Bidador pastoraleko testuak idatzi zituela aprobetxatuta, gainera, pastoraleko bortz pasarte jokatzen ausartuko gara. Eta, bide batez, horrekin gure omenaldi txiki eta xumea eginen diogu Joxemiel Bidador zenari, Biurdanako Euskara eta Literaturako irakaslea izan baitzen, bai eta institutuko ikasketa burua ere.
Batek daki institutuan egiten ditugun irakurketa publikoek edota Idazleak eskolan izeneko programako saioek zenbateraino hunkitzen eta ukitzen dituzten gure ikasleak, eta ea irakurzaletasuna pizten ote dieten. Baina, bederen, ikasle horiek egun batez ikusten dute (euskal) literatura uki daitekeen zerbait dela, entzun daitekeen zerbait, mintza daitekeen zerbait. Horregatik bakarrik, saiatzen segitu beharko dugu.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.