Edurne Elizondo
Gobernantzari buruzko arloa nabarmendu du Geroa Baiko Itziar Gomezek, "dena aldatzeko oinarria" delako. "Asmo handikotzat" jo du EH Bilduko Patri Peralesek, berriz, eta berdintasunera bidean urratsak egiteko "neurri zehatzak" jasotzen dituela erantsi du. Ezkerra alderdiko Edurne Eginok "transbertsaltasunaren alde" egin den apustua jarri du mahai gainean, eta PSNko Patricia Fanlok, azkenik, "diseinua eta planifikazioa" nabarmendu ditu. Taldeok, Aranzadirekin batera, aldeko boza eman zioten Iruñeko III. Berdintasun Planari, joan den asteko osoko bilkuran. UPN, berriz, abstenitu egin zen; alderdi erregionalistak egindako lanaren "oinordekotzat" jo zuen plana Ana Lezkano UPNko zinegotziak, baina ez zion baiezkoa eman, Aranzadiko Berdintasun zinegotzi Laura Berroren esku egonen delako "testua interpretatzeko" ardura.
Kontent da Berro osoko bilerak planari emandako babesarekin. Onartu eta gero lasaitua hartu duela aitortu du, baina badaki lanik gogorrena orain hasiko dela: berdintasun planean onartutakoak gauzatzen hastekoa, alegia. Azken urteotan berdintasunaren alde urratsak egin direla uste du Iruñeko Udaleko zinegotziak, baina garrantzitsutzat jo du ez ahaztea egungo esparrua zein den: "Heteropatriarkatuaren eta androzentrismoaren esparrua". Mugimendu feminista jo du orain arte berdintasunaren alde egindako urrats horien bultzatzaile nagusi: "Mugimendu feministak etengabeko lana egin du berdintasunaren auzia agenda politikoan jartzeko", erantsi du Laura Berrok.
Iruñeko Udalak onartu berri duen III. Berdintasun Planak lau arlo nagusi ditu: gobernantza eta berdintasunarekiko konpromiso politikoa da lehena; emakumeen ahalduntzea bigarrena; hirugarrenak helburu du onartzea zaintza eta erantzukidetza funtsezkoak direla biziari eusteko. "Kontua da pertsona jartzea erdian", erran du Berrok. Emakumeen aurkako indarkeriei buruzkoa da azken arloa. Hiri segurua lortu nahi du udalak. Oraindik ez da, datuen arabera. Urtarrilean, emakumeen aurkako indarkeriengatik 43 salaketa jarri zituzten; otsailean, 37.
Lau alor horiek eta bakoitzaren barruan jasotako neurriak zehaztu dituen prozesua iaz hasi zen, oinarri hartuta 2014an gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruz egindako diagnostikoa, eta aurreko planaren balorazioa. Iruñeko Udalarekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Eraberria eta Likadi aholkularitza etxeetako profesionalek hartu dute parte plana osatzeko prozesu horretan, bai eta hainbat emakume taldek, sindikatuk eta eragilek ere.
Autonomia ekonomikoa
2014an berdintasunari buruz egindako diagnostikoak mahai gainean jarri ditu, bertzeak bertze, lan esparruari buruzko hainbat datu adierazgarri: Nafarroan behin-behineko kontratuak %31 direla emakumeen artean, adibidez, eta %6,6, berriz, gizonezkoen artean; ikerketak azaldu du, halaber, emakumeek hartu dituztela familiako kideren bat zaintzeko eskatutako baimenen %84,1, eta seme-alabak zaintzeko baimenen kasuan, %95,6 direla emakumezkoek hartutakoak; gizonezkoen eta emakumeen soldaten arteko aldea ia %30ekoa dela ere jaso du diagnostikoak.
Emakumeen enpleguaren prekaritatea autonomia ekonomikoa lortzeko dituzten zailtasunekin lotu du Laura Berrok. Eta hori jo du, hain zuzen ere, berdintasun planak jorratu beharreko esparru nagusitzat. "Ez da kasualitatea feminizatutako lan esparruak hain prekarioak izatea; gizarteak ez die baliorik ematen. Auzi horri heltzea funtsezkoa da, autonomia ekonomikoa oinarria delako". Autonomia ekonomikorik ez izateak ekartzen du diagnostikoak agerian utzitako bertze errealitate bat: emakumeek etxebizitza bat lortzeko zailtasun gehiago dituztela azaltzen duena, alegia. "Dena dago lotuta", erran du zinegotziak.
Emakumeen ahalduntzeari buruzko arloan jorratu du III. Berdintasun Planak autonomia ekonomikoaren auzia, eta hiru helburu zehaztu ditu: enpleguan emakumeen egoera zein den azaltzea; pobrezia eta bazterketa sufritzeko arriskuan diren emakumeen ahalduntze prozesuak ahalbidetzea, udal gizarte zerbitzuetatik; eta aldaketa bultzatzea enpresaren eta unibertsitatearen arloan, emakumeek erantzukizuneko postuetara eta zuzendaritza postuetara iristeko dituzten zailtasunak bazter uzteko asmoz.
Berdintasun plana onartu zuten joan den asteko osoko bilera berean etxeko langileen egoera aztertu zuen Iruñeko Udalak, eta arlo hori jo du Laura Berrok emakume anitzek lan esparruan duten prekaritatearen adibide: "Zortzi orduko lanaldia dutenek 400-500 euroko soldata izaten dute, gehienez", salatu du Berdintasun zinegotziak. Halako egoerak identifikatzea, azaleratzea eta lantzea da udalaren asmoa. "Nafarroako Gobernuarekin lan egin beharko dugu".
Emakume Salerosketen Kontrako Ekintza izeneko elkartea da berdintasun plana osatzeko prozesuan parte hartu dutenetako bat. Taldeko kide Vanesa Egiluzek ere ahalduntzearen esparruak duen garrantzia nabarmendu du. Ontzat jo du plana egiteko prozesuaren emaitza, baina "errealitatera egokitu" beharko dela uste du. Ahalduntzearen aldeko apustua "hagitz garrantzitsua" dela berretsi du, halere. "Funtsezkoa da esparru hori lantzea, ahalduntzearen bidez erakundeetara ailegatzen ahal garelako, eta enplegua, ekonomia eta bertze hobetu".
Ahalduntzeari buruzko arloaren gako nagusia transbertsaltasuna dela erantsi du Vanesa Egiluzek. Udaleko berdintasun teknikari Pilar Mayok berak erran zuen, plana onartu baino lehen, orain sortu dela aukera udalean transbertsaltasunaz eta udalaren barruko alor guztietan genero ikuspegia ezartzearen beharraz hitz egiteko eta lan egiteko. Aukera hori baliatu du planak.
Steilas sindikatuko Maria Palaciosek bat egin du iritzi horrekin. "Plana asmo handikoa da, eta hagitz interesgarria; haren ekarpen nagusia da, nire ustez, transbertsaltasunaren ideia, modu transbertsal batean lan egiteko asmoa", nabarmendu du.
Egiluzek agertutako kezka bera aipatu du Palaciosek, halere: plana errealitatera egokitzeko behar horretan, bidean gal daitekeena, alegia. "Papera ez baita deus, adibidez, aurrekonturik gabe. Udaleko departamentu guztiek landu beharko dituzte planak jasotako politikak, bertzalde, eta ez da lan erraza izanen. Badakigu erresistentziak izanen direla".
Barruko erresistentziak aipatu ditu sindikatuko kideak, bereziki. Eta haien aurka egiteko planak jasotako formakuntzaren garrantzia nabarmendu du. Palaciosek bezala, etxe barruan egin beharreko lan hori "erronka handia" izanen dela uste du Laura Berro zinegotziak berak. Gobernantzaren arloan jasotakoa da esparru horretan egin beharreko lana. "Estuki lotuta dago borondate politikoarekin, baina baita udaleko talde teknikoa trebatzeko gaitasunarekin ere". Planak "aldaketa sakona" ekarri beharko lukeela erantsi du zinegotziak: "Betaurreko moreak jartzea, esparru guztietan, lan eta politika guztiei generoaren ikuspegitik heltzeko".
Aldaketa hori ez dela berehala gertatuko argi du Berrok. Planak, hain zuzen, sei urteko epea du, 2022a bitarte. Hasteko, bertze berdintasun teknikari bat kontratatuko du udalak aurten, eta bertze bat datorren urtean. Berdintasun arloak 554.000 euroko aurrekontua du 2016rako. Planak ez du diru sail zehatz bat lotuta. "Asmoa da sail guztiek bideratzea aurrekontuaren zati bat berdintasunerako".
Palaciosek eta Egiluzek ere argi dute planak denbora beharko duela. Argi utzi dute, halere, adi egonen direla, udala zainduko dutela. Are gehiago erran du Egiluzek: "Planak jasotako neurriak gauzatzeko prozesuan emakume taldeek izan behar dute protagonista; udalak tresnak jarri beharko lituzke taldeon esku, ekarpenak egiten jarraitu ahal izateko". Urratsak egiteko benetako berdintasunerako bidean.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.