“Gure aurrekontua orain 1991. urtekoa baino txikiagoa da”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko api. 8a, 03:40

Asier Garcia Uribarri

Mende laurdena beteko du Lizarrako Gustavo Maeztu museoak. Erakustokiak gaurkotasunik ez galtzeko eta eskaintza berriak sortzeko, gogor lan egiten dute Camino Paredes zuzendariak (Iruñea, 1959) eta bertako langileek. "Museoa arte eta kultura etengabeko ekintzen gunea da".

Gustavo Maeztu museoak 25 urte egingo ditu aurten. Zu hasieratik ibili zara proiektuan. Atzera begira, zer balorazio egiten duzu?

Oso balorazio positiboa egiten dut, uste baitut museoak bere tokia lortu duela Lizarran. Hori oso garrantzitsua da, Gustavo Maeztuk nahi zuelako haren ondare artistiko osoa Lizarrako herritarrena izatea. Urte hauetan, museoak eta herritarrek bat egin dute, modu sakonean.

Museoa zergatik da garrantzitsua Lizarrarentzat?

Badaude museoak borondate politikoarengatik sortzen direnak, eta beste batzuk herritarren borondateagatik sortzen dira. Gustavo Maeztu museoa Lizarrako herritarren eskaeraren ondorioz sortu zen. Herria margolariarekin oso identifikatuta sentitzen da, Maeztuk bere azken urteak Lizarran pasatu zituelako eta haren lan guztiak hiriari eman zizkiolako.

Nola sortu zen museoaren proiektua?

Maeztuk Lizarrako Asteria kalean zuen estudioa, eta, bertan, bere lanak zituen banatuak gutxi gorabeherako irizpide artistikoekin. Margolaria hil zenean, 1947an, lantegia itxi, eta bere lan guztiak gaur egun museoa dagoen jauregira ekarri zituzten, Nafarroako Erregeen jauregira. Urte batzuetan, erakustaldi jakin batzuk egin ziren, baina azkenean itxi zuten eraikina, oso hondatuta zegoelako. Azkenean, Nafarroako Gobernuak eta Lizarrako Udalak museoa egiteko lankidetza ituna sinatu zuten 1991. urtean. Horren arabera, gobernuak eraikina egokitu, eta udala museoaren kudeaketaz arduratuko zen. Miguel Angel Alonso del Val arkitektoak zuzendu zituen lanak. Urte hartako ekainean ireki zen museoa.

Nola sortu zen Maezturen eta Lizarraren arteko harreman berezi hura?

Maeztuk Nafarroako Foru Diputazioaren enkargu garrantzitsu bat jaso zuen 1935ean: Nafarroako jauregiko bilkura gela apaintzea mural batekin. Enkargu hori oso inportantea izan zen, orduko agintariek uste baitzuten Maeztu izan zitekeela Nafarroaren izaera hobekien irudika zezakeen artista. Bere lana 1936ko ekainean entregatu zuen. Urte hartan uda Lizarran igarotzea erabaki zuen, hiriarekin maitemindu zelako. Oporretan zegoela, militarrak altxatu ziren. Horren ondorioz, Maeztuk erabaki zuen bere ondasunak Bilbotik Lizarrara ekartzea eta bertan bizitzea. Lizarran hil zen. Azken urteak oso biziak izan ziren margolariarentzat. Garai hartan, Lizarratik pasatu ziren orduko artistarik onenak; besteak beste, Zulueta eta Amarika. Maezturi esker, hiri hau kulturaren gune bat izan zen. Hiriari hartu zion estimuagatik erabaki zuen hau izatea bere lanen gordailua.

Nola garatu da museoa?

Gizartearekin batera aldatu da museoa, erakusketa iraunkorra aldatuz eta hobetuz. Ia haren lan guztiak zaharberritu ditugu. Era berean, bat egin dugu museoen gaur egungo irizpideekin; besteak beste, bilduma osoa digitalizatuz. Gure webgunean, Maezturen lan guztiak ikus eta deskarga daitezke. Publikoarekin eta gaurkotasunarekin batera goaz aurrera.

Erakusketa iraunkorra duzue Maezturen lanekin. Nola egiten duzue 25 urte dituen erakusketa horrek gaurkotasunik gal ez dezan?

Garrantzitsuena museoa estetikoki gaurkotua izatea da. Urte hauetan, besteak beste, hormetako koloreak aldatu ditugu, margolanak, kartelak eta azalpen diskurtsoak. Horri gehitu behar zaio museo honek urte osoan duen jarduera, hezkuntza, ikastaro, erakusketa eta ekintza maila handia. Museoa artearen eta kulturaren inguruko etengabeko jardueren gunea da. Horrez gain, badugu liburutegi garrantzitsu bat. Bertan, Maezturen garaiko arte garaikideari buruzko 40.000 liburu ditugu. Horri esker, dokumentazio zentro garrantzitsu bat gara ikertzaileentzat eta arteaz gehiago jakin nahi duen ororentzat.

Zer tailer mota dituzue?

Askotariko tailerrak ditugu. Helduentzat, Tailer kulturalak daude; horietan harremanetan jartzen ditugu historia, artea eta literatura. Otsailetik martxan da bat Espainiako urrezko mendeari buruz. Horrekin batera, helduentzat ere baditugu beste tailer praktikoago batzuk, artea ezagutu eta sortzeko. Era berean, badugu tailer mordoa haur eta gazteentzat, integraziorako, bai eta bibliografikoak ere. Hezkuntza lan handia egiten dugu.

Urte hauetan museoak garai hobeak eta okerragoak izan ditu?

Argi dago museoak bere gorabeherak izan dituela. Azken urteetan, krisia pairatzen ari gara. Udalak erabaki zuen irekitzeko ordutegia murriztea; orain, goizez baino ez gaude. Egoera hori kudeatzea zaila da, bisitari asko ditugulako. Baina zailtasun horiei aurre egiteko bestelako aukera batzuk asmatu ditugu, museoak indarrik ez galtzeko.

Nola eragin dizue krisiak?

Museoen finantzaketa behea jota dago, bai gobernuaren eta bai udalaren aldetik. Horrek asko zailtzen du kudeaketa. Gure aurrekontua orain 1991koa baino txikiagoa da. Baina zailtasun horiek gainditu ditugu babesleen laguntzarekin. Norbanako batzuen eta beste erakunde batzuen eskuzabaltasunari esker lortu dugu museoak etengabeko jarduera izatea.

Uste duzu instituzio publikoen laguntza aldatuko dela?

Politikariek berriz pentsatu beharko lukete kultur erakundeen egoeraz. Horrenbeste murriztu dute, itolarrian gaude. Oso gogorra da. Badakit egoera latza dela guztiontzat, baina museoen egoera berraztertu behar dute. Bideragarritasuna helburu duen analisia behar dugu.

Uste duzu artea ez dagoela behar bezala baloratua Nafarroan?

Ez dakit nolakoa litzatekeen behar bezala hori, baina instituzionalki axolagabetasun handia dago arlo askotan. Bereziki, kultura arloa oso egoera zailean dago. Itxaropena dut, krisia gaindituz goazen heinean, kultur erakundeon egoera berriro aztertuko dela.

Urtemuga honetarako zer ekintza prestatu dituzue?

Museoak bi gune berri sortu ditu, eta opari bat dira herritar eta erabiltzaileentzat: liburutegia eta gune didaktikoa. Gainera, erakusketa programazio berezia egin dugu. Orain, Naturalezas (Naturak) erakusketa interesgarria dugu. Gainera, hainbat ekitaldi egingo ditugu. Datorren hilean, Juan Manuel de Pradak hitzaldi bat emango du, eta, ekainean, sinposio bat antolatu dugu; Mauricio Wiesenthal, Luis Antonio de Villena eta Tomas Hierro ariko dira, besteak beste. Kontzertuak ere prestatu ditugu.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!