Elkartasunaren ordua

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko mar. 25a, 03:30

Edurne Elizondo

Lotsa-lotsa eginda nago". Irune Lekaroz iruindarrak erran ditu hitzok, baina sentimendu hori herritar anitzengan nagusitu da, ikusita Europa nola hartzen ari den Siriatik eta gerra pairatzen ari diren bertze hainbat herritatik ihes egindakoak. "Ailegatzen zaizkigun irudiek guztiz lotsatzen eta tristetzen naute". Lekaroz Nafarroako Gobernuak osatutako zerrendan diren boluntarioetako bat da. Hainbat hizkuntza badaki, eta gela bat hutsik du etxean. "Lagundu nahi dut".

Are gehiago, orain. Ostiralean, Europako atea ixtea erabaki zuen Bruselak; kolpe batez, gainera. Gerratik ihes egindakoei babesa emateko legezko betebeharra du, baina bizkarra eman dio. Bai betebehar horri, bai eta Europara babes horren bila etorri diren migratzaileei ere. Bruselak Turkiarekin tratua egin du, eta Europara sartu nahi dutenei atea blokeatu die. Astelehenean, gobernuz kanpoko erakundeak kanporatzen hasi ziren Lesbos irlatik (Grezia); Europako Batasuna hasi da iheslariak Turkiara itzultzen.

"Hau da Europaren benetako aurpegia; baina ez da oraingo kontua. Ceutan eta Melillan ere gertatu zen; handik sartu nahi zuten migratzaileak bota zituen Espainiak, eta mozal legea erabili zuen legez kanpokoa zena legezko bilakatzeko; gauza bera egiten ari dira orain". Horixe salatu du Javier Indurainek. SOS Arrazakeria taldeko kidea da, bai eta Iruñea Harrera Hiria plataformakoa ere. Hainbat aldiz atera da karrikara azken egunotan, ehunka herritarrekin batera, migratzaileei "benetako Europaren" mezua helaraztera: "Ongi etorri!".

Irune Lazkozek ere karrikan salatu du azken egunotan Bruselaren eta Turkiaren arteko akordioa. Etsipena eragin dio hitzarmen horrek. Lagundu nahi eta zer egin ez jakiteak ere amorratzen duela onartu du. Duela astebete Nafarroako Gobernuko eta Gurutze Gorriko kideekin bilera egin zuten iheslariak laguntzeko izena eman dutenek. Ehun herritar baino gehiagok egin zuten bat. Proposamenak eskatu zizkieten gobernuko ordezkariek boluntarioei, eta batek baino gehiagok eskatu zien agintariei hegazkin bat bidal dezatela, Nafarroak hartuko dituen iheslarien bila. "Badakigu ez dela posible, baina etsita gaude, suminduta, haserre. Ezin dugu gertatzen ari dena onartu".

Nafarroako Gobernua 300 iheslari hartzeko prest agertu zen, joan den irailean. Oraingoz, hamasei baino ez dira ailegatu herrialdera, Gurutze Gorria erakundearen bitartez. Siriarrak dira, baina Ceuta eta Melillatik ailegatu dira Nafarroara. Egunotan hogei pertsonako bertze talde bat ailegatzekoa da, bi hiri horietatik ere.

300eko kupotik, bat ere ez

"Nafarroak hartu nahi zituen 300 horietatik, beraz, bakar bat ere ez da ailegatu", nabarmendu du Indurainek. Egoera antzekoa da bertze hamaika tokitan. Izan ere, iheslarien krisia hasi zenean, 159.000 hartzeko prest agertu zen Europako Batasuna. Denera, 1.000 ere ez ditu hartu. Nafarroan, gobernuak argi utzi du "arrazoi humanitarioak lehenetsi" behar direla, bertzelako arrazoien gainetik, baina iheslariak laguntzeko eta hartzeko eskumena Espainiako Gobernuarena dela.

Eskumenen eta arduren banatze horren erdian daude zerbait egin nahi duten herritar anitz. "Lagundu nahi dugu, baina ez digute uzten; ez dakigu nola egin". Horixe nabarmendu du Irantzu Ansorenak. Irurtzungoa da, baina Zizurren ari da iheslarientzako haur-eramaileak jasotzen, iheslariei bidaltzeko. "Donostiako bi emakumek jarri zuten egitasmoa martxan, eta bat egitea erabaki nuen. Haur anitz ikusten ditugu hedabideen bidez ailegatzen zaizkigun irudietan; besoetan eraman behar dituzte haien gurasoek. Haur-eramaileak bidaltzea da ahal dugun neurrian laguntzeko modua, erosoago eta seguruago mugi daitezen".

Martxoarekin batera hasi zen Ansorena haurrak eramateko motxilak eta antzekoak biltzen; hilaren amaieran Madrilera bidaliko ditu, eta handik eramanen dizkiete iheslariei. "Denera 40 inguru izanen ditut bidaltzeko".

Ansorenak bezala, elkartasuna azaltzeko moduak bilatu dituzte bertze herritar anitzek ere. Iheslariei ongi etorriak direla erran diete sare sozialetan zintzilikatu dituzten kartelen bidez, adibidez. Erakundeek ere bilatu dituzte keinuak egiteko bideak. Eguesibarko eta Zizur Nagusiko udalek, adibidez, Europako bandera kendu dute udaletxetik, azken egunotan. Nafarroako Parlamentuak ere bai. Iruñeko Udalak, berriz, adierazpena onartu zuen joan den astean, Bruselaren eta Turkiaren arteko akordioa gaitzetsi eta Europako mugak irekitzeko eskatzeko. Joan den irailetik, harrera hirien sareko partaide da Nafarroako hiriburua.

"Elkartasuna ongi dago, eta behar da. Baina haratago jotzeko beharra ere bada. Gorago egin behar dugu so; agintariek ez badute deus egiten, elkartasunak bakarrik ezin izanen du arazoa konpondu". Horixe uste du Unai Beroiz fotokazetariak. Turkian eta Grezian izan zen iaz, Dani Burgi eta Luis Carmona lankideekin. Beroiz ere karrikara atera da Turkiaren eta Bruselaren arteko akordioa salatzera. Argi du hobe dela akordio horrek lotuta duen diru saila bertze modu batera gastatzea: "Erabil dezatela, adibidez, gerra gelditzeko". Badaki ez dutela eginen. Eta badaki, halaber, ateak itxi dituen Europa ere badela milaka eta milaka pertsona horiek iheslari bilakatu dituzten gerren erantzule.

Beroizek argi utzi du: "Fotokazetariak gara, eta gure lana egitea da laguntzeko dugun modurik onena, gertatzen ari dena zabalduz, hitzaldiak emanez eta abar". Onartu du, hala ere, Lesbosen gisako toki batean zuzenean esku hartu eta lagundu bertze erremediorik ez dela.

Bizi izandako hainbat pasadizok bereziki ukitu eta hunkitu zuten Beroiz, azaldu duenez. "Gogoan dut, adibidez, ordenagailu eramangarriari helduta ailegatu zen gizona. Txalupatik jaitsi, eta lehortzen hasi zen. Gailu horretan bere bizitza osoa zegoela erran zigun, eta, batez ere, bere curriculuma. Ingeniaria zen".

Lesbosera ailegatu zen familia bat ere gogoan du Beroizek, bereziki, kideen eskuzabaltasunagatik. "Ez zuten deus, eta zuten apur hori eman nahi zizuten, lagundu izana eskertzeko". Beroizen eta lankideen autoan sartu ziren familiako haurrak berotzeko, erabat bustita ailegatu baitziren. "Alaba txikiak bere panpina eman zigun eskertzeko".

Arrazakeriaren arriskua

Javier Indurainek "benetako Europa" hori aipatu du, berriz ere; Grezian iheslariak lagundu dituzten bertako herritarren adibidea. Bertze aldean kokatu du lagundu nahi izan duten herritar horiei isunak jarri dizkien Europa. Ez du erabaki horrek harritu SOS Arrazakeria taldeko kidea: "Europak bere egin ditu eskuin muturreko alderdien programak". Kezkagarritzat jo du egoera hori, arrazakeriak gora egiteko testuingurua eman dezakeelako.

Nafarroan ere bai. Izan ere, iheslarien aurkako mezuak agertu dira hainbat tokitan. 2013an, herrialdean gertatu ziren 20 gorroto delituetatik 14 izan ziren arrazakeriagatik; 2014an, berriz, 24tik 13. Horren aurka egin zuten larunbatean, Iruñean. Arrazakeriaren aurkako eta migratzaile guztien aldeko mezua zabaldu zuten, karrikan, SOS Arrazakeriak, Amnesty Internationalek eta Paperak Denontzat elkarteak. "Gerrak, pobreziak edo klimaren aldaketak martxan jarritako migratzaile guztiei: ongi etorri!".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!