Maialen Belarra
Talde lana, lagunarteko giroa, antzerkia, auzolana, umorea, parte hartzea, jolasa... Denetarik izan du berriz ere Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoak, eta bihar Etxarri Aranazen egingo den finalean ere horixe islatuko da. Hamar mende geroago, oraindik entzun daiteke Itzaltzuko bardoaren kantuen oihartzuna, molde berriekin osaturik. Gartxoten ondorengoek harrobi sendoa osatzen dute Nafarroan. Guztira 121 parte hartzaile izan ditu aurtengo egitasmoak: hamasei talde eta 71 bertsolari. Hiru taldek itxiko dute aurtengo aldia biharko finalean: Obario Maldikoak, Larungo Antenak eta Atekaberts taldeek.
"Taldekakoak bertsolaritza beste era batean ulertzeko aukera ematen du. Gozamenerako tarte handiagoa uzten du, esperimentaziorako… Txapelketa zurrunagoa da, eta Bardoek oholtza libreago bat marrazten dute denentzat", halaxe ziurtatu du Saioa Alkaiza Obario Maldikoak taldeko bertsolariak. Iritzi berekoa da Julen Zelaieta Larungo Antenak taldeko kidea ere: "Kezkak badaude bi kasuetan, baina bertzelakoak dira. Ez zaigu hainbertze axola zenbat puntu eskuratzen ditugun. Guztia ongi antolatzea eta etxe giroko saio bat egitea da funtsezkoena".
Izan ere, taldekakoak, izenak ongi dioen moduan, elkarlana du zutarri garrantzitsuena. Taldeko kide guztiek zeregin andana dute saio bakoitza baino lehen: kartelak jarri, gaiak egin, bertze saiotara epaitzera joan, etxeko saiorako tokia bilatu, grabatzeko baliabideak bermatu, eta abar. "Nik uste dut horrelakoetan ohartzen garela Txapelketa Nagusian nolako lana egiten duten gutxi batzuek bertsolariok kantatu ahal izateko", dio Zelaietak.
Finean, Bardoetan balioa ematen zaie bertsolaritzaren esparru guztiei; saio baten atzean dagoen lan guztia azaleratzen da: "Garrantzitsua da bertsotan aritzea, baina gainontzeko lan guztia ere maila berean dago, denon lana da, eta hori baloratu behar dugu", azaldu du Alkaizak.
Gainera, bertsolari hasiberrientzat plaza erakargarria eskaintzen du taldekakoak: formatu txikiko saioak, tokian tokikoak, lagunarteko giroa, taldekideen babesa, zurruntasun handiegirik ez... Aurten hogei bertsolarik lehen aldiz kantatu dute jendaurrean. "Lehen pausoa ona izan da, esperientzia positiboa izan dute gehienek. Hori garrantzitsua da", baieztatu du Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak. Oro har, aurtengo aldiaren balorazio oso ona egiten du elkarteak.
Aniztasuna nagusi
Zelaietak jakinarazi du bertso eskola batzuek urtebete eskas izanagatik ere beren taldetxoa osatu dutela, eta horrek "ilusio berezia" egiten duela. Dena den, beterano gehiagok parte hartzea ere beharrezkoa dela uste du. "Polita da 14 urteko batek 40 urteko batekin kantatzea. Horrelako aukerak ematen ditu egitasmo honek, eta finalean ere denetarik egongo da", ziurtatu du Joanes Illarregi Atekaberts taldeko kideak.
16 urte izan arren, bi aldiz iritsi da Illarregi taldekako finalera. Aurtengoak, baina, badu berezitasunen bat, bere anaia Xabatekin kantatuko baitu oholtzan. "Txikitatik elkarrekin egon gara bertso eskolan, eta askotan tokatu zaigu batera abestea. Polita da hori". Eskolarteko Bertsolari Txapelketan maiz hartu dute parte bi anaiek. "Bardoak oso ezberdinak dira. Agurretik bertatik beste giro mota bat nabari da".
Saioak egiteko molde horrek lotsa kentzeko bidea irekitzen duela uste du Illarregik: "Jendaurrean kantatzeko konfiantza hartzeko balio du, lagun giroan gaudelako. Horrek segurtasuna irabazten laguntzen du. Ongi pasatuz ikasten dugu". Bertso eskolakoen artean ere giro hobea eta harreman estuagoa sortzen dela baieztatu du.
Horrez gain, azken bi hilabeteotan bertsoa hain euskaldunak ez diren zenbait eskualdetara ere iritsi da. "Mezkirizko saioan sekulako giroa sortu zen, adibidez. Nabari zen eurentzat zerbait berezia zela saioa han egitea", jakinarazi du Zelaietak. Illarregik uste du hainbertze umore eta jolas egonik hain bertsozalea ez den hori ere joan dela saioren batera: "Lehen aldiz bertso saio bat ikustera joan direnek esan digute ongi pasatu dutela, barre egin dutela eta gustura egon direla".
Horren harira, Arburuak ziurtatu du txapelketa kutsua alde batera utzi dela, eta biharko finalak batez ere balioko duela Nafarroan "bertso munduan zein ekosistema polita" dagoen ikusarazteko. "Lehia gutxienekoa da, eta hori bertsoak botatzeko eran ere nabari da. Dena den, Txapelketa Nagusia ere beharrezkoa dela uste dut, bertsoaz gozatzeko beste formatu bat eskaintzen baitu", gehitu du Alkaizak.
Bertsolari, nahi duen oro
Obario Maldikoak taldeko kideak baieztatu du bertsolaria bertso bat bota nahi duen edozein dela. "Oso inportantea da profesionala ez den jendea ere aditzea bertsotan. Denetariko ereduak behar direla uste dut, eta Bardoek hori eskaintzen dute". Alkaizaren ustez, bertsolaritza indartsu dago Nafarroan: "Euskara ukatu izan diguten guneetan ere geroz eta indartsuago dago, baina hori ezin da taldekakora mugatu; jendea urte osoan animatu behar dugu".
Baina bertso munduan dagoen oro ez da bertsolaria. Badaude gai egileak, aurkezleak, epaileak, bertsozaleak... Aldi honekin heziketa lan bat ere egin dela uste du Arburuak, bertsoaren ekosistema osatzen ari baita pixkanaka. Biharko egun osoko festa antolatu dute auzolanean. Etxarri Aranazko frontoian izango da finala, 17:00etatik aurrera. Ondoren, triki-poteoa egingo da, eta, eguna ongi amaitzeko, afaria egingo dute frontoian. Festa handi batekin bukatuko da aurtengo ekitaldia, eta finalean ere aniztasuna izango da nagusi: gazteen freskotasunak eta beteranoen eskarmentuak borobilduko dute saioa.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.