Edurne Elizondo
Ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular batera. Asmo hori jarri du mahai gainean Nafarroako Gobernuak, aurkeztu berri duen hondakinak kudeatzeko planaren zirriborroaren bidez. Agiria 2016-2025 eperako da, eta epaileek hutsean utzitako aurreko planaren tokia betetzea du helburu.
Abiapuntua hagitz bertzelakoa da, eta ez bakarrik apustu egiten duelako hondakin gutxiago eragin, eta sortzen diren horiek berrerabiltzea eta birziklatzea helburu duen ekonomia zirkularraren alde; aurreko planak ez bezala, herritarren eta eragileen parte hartzea bultzatu duelako ere bai. Hondakinak errausteko aukerari buruz ere aldea nabarmena da: aurreko planak errauste planta eraikitzea lehenesten zuen, eta aurrekontuaren %92 bideratzen zion eraiki nahi zuen azpiegitura horri; oraingoak, berriz, baztertzen ez badu ere, bertzelako proposamenak eta alternatibak jartzen ditu mahai gainean, errausketaren ordez.
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizaldek "asmo handikotzat" jo du plana. Onartu du, hala ere, zehaztutako helburuek Europako eta Espainiako legedietara egokitzen dutela testua. Hau da, legeak agintzen duena egiten ari direla. Xedetzat hartutako neurrietako hainbat nabarmendu ditu: etxeko hondakinen kopurua %10 murriztea; hondakin guztiak tratatzea; Nafarroa osoan martxan jartzea etxebizitzetan eragindako materia organikoa biltzeko sistemak, eta hondakin horien %70 birziklatzea, bertzeak bertze.
Ekonomia zirkularraren alde egindako apustuaren bidetik, hondakinak baliabidetzat hartzeko beharra jarri du kontseilariak mahai gainean: "Horrek ekartzen du prebentzioa lehenestea, kudeaketa publikoa protagonista izatea eta enplegu berdea sortzeko dugun gaitasuna bultzatzea", azaldu du Isabel Elizaldek.
Helburuak argi utzi ditu gobernuak. Helburu horiek nola bete, ordea, bertze gauza bat da. Asmoak paperean jasotzea baino gehiago beharko dute. Horixe nabarmendu dute zirriborroa aztertu duten hainbat eragilek. Alderdi argi eta on anitz ikusten diote plan berriari, aurrekoarekin alderatuta 180 graduko norabide aldaketa ekarri duelako; baina baditu ilunak ere. Sustrai Erakuntza fundazioko buru Martin Zelaiak helburuetan "zorrotzago" izateko eskatu dio gobernuari; "2025erako errefusa, oraindik ere, %34 izatea onartzea gehiegi da", jarri du adibide. Ekologistak Martxan taldeak eta Nafarroako Greenpeaceko bozeramaile Ana Malonek hondakinen bilketaren esparruari egin diote so, eta atez ateko sistemaren alde egin dute, "onena" delako; Malonek sistema hori ezartzearen alde egin du, "halabeharrez".
Jesus Arbizu industria ingeniaria zorrotzagoa izan da bere kritiketan, eta nabarmendu du gobernuaren planak helburuak betetzeko moduan egiten duela huts: "Ingeniaritzaren ikuspuntutik ari dira, eta azpiegitura handiak proposatzen dituzte; hondakinena, baina, arazo soziala da, eta biologoak eta soziologoak behar ditugu hari heltzeko", erran du.
UPNren gobernuak 2010. urtean onartu zuen aurreko hondakinen kudeaketari buruzko plana. Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak helegitea jarri zuten haren aurka, eta, ondorioz, epaileek atzera bota zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak 2015. urteko urtarrilean berretsi zuen baliorik ez zuela. Gobernuak, urte hartako otsailean, hutsetik hasi zuen plana osatzeko prozesua, berriz ere. Oraingo gobernuak aurkeztutako zirriborroa prozesu horren ondorioa da, beraz. Eta hori da, Jesus Arbizuren ustez, haren akats nagusietako bat. Industria ingeniariak parte hartu du prozesu horretan guztian. "Oraingo gobernuko arduradunak azken bileretan baino ez dira egon", azaldu du.
Toki entitateen ardura
Zirriborroak hainbat datu jarri ditu mahai gainean, irudikatzen duten errealitate hori abiapuntutzat hartuta, hainbat helburu zehazteko. Arlo horretan kexarik ez du Arbizuk. "Diagnostikoa egin, eta legeak eskatutakoa hartu dute helburu". 2014. urtean, 262.601 tona etxeko hondakin eragin zituen Nafarroak. Toki entitateen ardura da hondakin horiek biltzea eta tratatzea. Baztango Udala bazter utzita, gainerako udalek mankomunitateen esku utzi dute hondakinak biltzeko ardura. Denera, beraz, hamasei erakunde ari dira lan horretan. Baztango Udala eta mankomunitate horiek hondakinen partzuergoan egiten dute bat; denek, Iruñerrikoak izan ezik. Hondakinak tratatzeko lana Iruñerriko Mankomunitateak eta bertze erakundeek osatzen duten partzuergoak egiten dute, hain zuzen.
Mankomunitateek ez dute sistema bera erabiltzen hondakinak biltzeko. Emaitzak ere, ondorioz, ez dira berdinak, birziklatze kopuruei buruz, adibidez. Arbizuk eta gainerako eragileek Sakanak, Malerrekak, Bortziriek, Baztanek eta Iratik egindako apustua nabarmendu dute: gaika biltzea, hainbat kasutan atez ate, eta, bertzeak bertze, konposta egitea jasotako materia organikoarekin. Bidea hori dela nabarmendu dute Arbizuk eta Malonek. "Herritarrok argi izan behar dugu arazoaren parte garela, eta, ondorioz, konponbidearen parte ere izan behar dugula", erran du lehenak; Malonek erantsi du "derrigorrean" egin beharko luketela herritarrek hondakinak gaika sailkatzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko ahalegin hori. Administrazioak saritu beharko lukeela gaineratu du, eta zigortu, berriz, ahalegintzen ez direnen jokabidea.
Gaur egun, ahalegintzen ez direnen aldean jarri du Malonek Iruñerriko Mankomunitatea. Duen ardura handia da, ordea, Greenpeaceko kideak nabarmendu duenez, eskualde horretan sortzen direlako Nafarroako hondakinen erdiak. Iruñerriak bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin du. Nahi duenak uzten du hor materia organikoa. Giltza erabiltzen dute, bertzelako hondakinik bota ez dezaten.
"Katalunian bide luzea egin dute sistema horrekin, eta agerian gelditu da ez duela funtzionatzen; %35 ere ez dute biltzen". Arbizuk ere kritikatu du Iruñerriko Mankomunitatearen lana. "Ez ditu legeak betetzen; hondakinen arazoari buruzko kontzientziazio kanpainak egin beharrean, ingurumenari kalterik ez diotela egiten herritarrei sinetsarazteko publizitate kanpainak egiten ditu".
Sakanako edo Bortzirietako mankomunitateek bezala, materia organikoa konpost bilakatzeko aukera bere egin du gobernuak aurkeztutako zirriborroak. Bat egin du apustu horrekin Arbizuk, baina, ez, ordea, prozesua gauzatzeko hautatutako bidearekin. Gobernuaren asmoa da Iruñean planta handi bat jartzea, eta bertze hiru txiki, Zangozan, Donezteben eta Arbizun. "Ez da hori bidea; Austriako ereduari jarraitu beharko genioke, eta planta txiki gehiagoren aldeko apustua egin". Zirriborroak berak jasotzen du hondakinak sortzen diren tokitik ahalik eta hurbilen tratatzeko beharra. "Proposatzen dituen azpiegiturek, ordea, ez dute oinarri horrekin bat egiten", salatu du Arbizuk.
Ontziak biltzeko azpiegituren inguruan antzeko kritika egin du Arbizuk. Gaur egun, lau planta ari dira lanean, baina gobernuak zirriborroan jaso du behar dena baino gaitasun handiagoa dutela azpiegitura horiek. Gobernuaren asmoa da Iruñekoa eta Tuterakoa bakarrik uztea martxan. "Berriz ere, ez dute hurbiltasuna kontuan hartzen", erran du Arbizuk.
Horren harira, bertze kritika bat jarri du mahai gainean 3R Konpainiak: "Ontziak berrerabiltzeko aukera aipatu ere ez du egiten zirriborroak". Esparru horretan urratsik egiteko asmorik ez dela beldur dira taldeko kideak.
Erraustea, eztabaidagai
Aurreko planak hondakinak errausteko planta egiteko asmoa zuen izar. Alderantzizkoa da egoera oraingo zirriborroan, baina errausketaren aukera ez du bazter utzi gobernuak. Gogor kritikatu du hori Arbizuk, zirriborroa prestatzen hasi zirenean eragile guztiek adostu zutelako bide horri ez jarraitzea. "Nork eta zergatik sartu du orain errausketaren aukera?", galdetu du.
Zehazki, gobernuak hiru bide proposatu ditu: lurperatzea, Nafarroan erraustea, edo hemendik kanpo erraustea. "Nafarroatik kanpo errausteko aukera hori mahai gainean jartzea ezin dugu onartu; guretzat txarra dena hemendik kanpo ere bada", salatu du Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak. Greenpeaceko Ana Malonek ere lurperatzearen alde egin du. "Hondakinak ongi tratatzen badira, ez du zertan arazorik egon".
Ekaina bitarteko epea zehaztu du Nafarroako Gobernuak zirriborroari ekarpenak egiteko. Asmoa da urtea amaitu baino lehen 2016-2025erako plana onartzea. Eragileek uste dute orain mahai gainean dagoen agiria hobetzeko aukera anitz badirela. Ana Malonek esparru guztietako ordezkariei egin die deia, prozesuan parte har dezaten: "Sindikatuek, herri mugimenduek eta abarrek parte hartzea behar dugu; politikariek ere bai; azken urteotako eztabaidetan ez dira egon". Hondakinena "denon arazoa" dela berretsi du Arbizuk, eta, ondorioz, neurriak herritarrekin jorratu eta adostu behar direla. Hitz egin.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.