Asier Garcia Uribarri
Etxe kaleratzeak. Egunero gertatzen dira, askotan inor gutxi konturatzen bada ere. Errealitate hori mahai gainean jartzeko, Desahuciando el miedo dokumentala (Beldurra etxetik botatzen) egin du Txus San Vicentek (Lezaun, 1984), Iruñeko Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformaren laguntzarekin. Haren lehen dokumentala da. Atzo aurkeztu zuten Nafarroako Filmotekan, eta hurrengo hilabeteetan herriz herri proiektatuko dute.
Nola sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Plataformetako kideekin nuen harremanagatik, konturatu nintzen etxe kaleratzeek hedabideetan jada lekurik ez bazuten ere bere hartan jarraitzen zutela. Egoera horrek sortutako ezinegonak zerbait egitera bultzatu ninduen, eta horrela piztu zen dokumentalaren ideia.
Zergatik uste duzu etxe kaleratzeek lekua galdu dutela hedabideetan?
Nire ustez, plataformetara jotzen duen jendeak, gaur egun, lortzen du etxe kaleratzeak gelditu edo, gutxienez, baldintzak hobetzea. Duela lau edo bost urte, jende hori zen hedabideetan agertzen zena, bankuek ez zutelako inolako negoziaziorik onartzen. Hala ere, orduan bezala, gaur egun ere badago jende asko ez duena plataformetara jotzen. Kasu horiek erabat ikusezinak dira, eta egunero gertatzen dira.
Zer aurkituko dugu dokumentalean?
Hipotekaren ordainketari aurre egin ezin izan dioten sei iruindarren esperientziak kontatzen ditu dokumentalak. Gertakizunak urte ezberdinetakoak dira, horregatik egoerari aurre egiteko moduak ezberdinak izan dira kasuz kasu. Hori da dokumentalaren hari nagusia.
Hala ere, etxe kaleratzeen errealitate osoa bildu nahian, beste bi istorio ere kontatu ditugu. Alde batetik, gizarte alokairua ordaindu ezin izan zuen pertsona batena, eta, beste aldetik, haren etxea zuzenean eman zuen beste batena. Azken hori ohikoena da. Jende asko dago, plataformetara jo gabe, euren etxeko giltza ematen duena. Bi istorio horiek gainetik landu baditugu ere, sartu beharrekoak zirela uste genuen.
Zergatik uste duzu garrantzitsua dela dokumental hau?
Etxe kaleratzeen arazoa ikusarazi nahi dugu, pixka bat ahaztua baitago. Baina, horrez gain, etxea galtzeko arriskuan daudenei mezu bat bidali nahi diegu: "Etxeko giltzak eman aurretik, jakin ezazue eskubideak dituzuela eta horiek defendatzeko talde baten laguntza izango duzuela". Ikaragarria da plataformek egiten duten lana. Ni txundituta geratu naiz. Bankuekin dituzten borrokez harago, egundokoa da eskaintzen duten laguntza psikologikoa.
Nolakoa izan da prozesua?
Urtebeteko lana izan da. Esan bezala, harremana nuen plataformetako kideekin, eta ideia hau proposatu nien. Haiei ondo iruditu zitzaien, eta hasi nintzen jendearekin hitz egiten. Plataformaren lana barrutik ezagutu, eta kasu adierazgarrienen bila jo nuen. Denbora gutxian, material asko bildu nuen. Hurrengo pausoa gidoia zehaztea izan zen. Erronka handia izan da: etxe kaleratzeen errealitatea azaltzea gaia ezagutzen ez duen jendeari.
Dokumentaleko istorioak azken urtean gertatutakoak dira?
Ez, aurrekoak dira. Batzuk dokumentalarekin hasterakoan bukatuak ziren, baina beste batzuk oraindik konpondu gabe daude. Oso prozesu luzeak izan ohi dira.
Bildutako istorioen artean, baten bat nabarmenduko zenuke?
Badago kasu bat, nire ustez, laburbiltzen duena bankuek gai honekin izan duten jarrera. Pertsona batek 2005ean etxea erosi zuen, 200.000 euroren truke. Baina, 2008an, hura galdu zuen. Garai hartan ez zegoen Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformarik. Ordurako 100.000 euro ordainduak zituen. Arazoari aurre egiteko, bankuak kreditu berriak eskaini zizkion, eta, horrela, 250.000 euroko hipoteka berri bat izatera pasatu zen. Urteekin, jarduteko modu horiek legez kanpokotzat jo dituzte auzitegiek. Arazoa da bankuak haren etxearen prezioa 225.000 euroan finkatu zuela. Beraz, etxea emanda ere, 25.000 euroko zorrarekin gelditu zen. Bankuak bazekien zor hori kobratzeko arazoak izango zituela, zorduna oso egoera prekarioan baitzegoen. Beraz, bankuak zorra putre funts bati saldu zion.
Zer dira putre funtsak?
Erakunde ilunak dira. Zorrak erosten dituzte, euren balioaren azpitik, gero zordunari ahal bezainbeste diru ateratzeko. Ez dute bulegorik, eta oso zaila da eurekin negoziatzea edo protesta egitea. Zordunaren gainean presio handia eragiten dute. Putre funtsek mafiaren antzeko teknikak darabiltzate.
Konpondu da kasu hori?
Ez zioten gizarte alokairurik eman nahi. Beraz, 2013an La Caixaren pisu bat okupatu zuen Iruñean, eta, kasualitatez, hurrengo egunean La Caixak gizarte alokairuko pisua eskaini zion.
Landu dituzuen kasuek ezaugarri komunak dituzte?
Bai. Kasu gehienetan, langabeziarekin hasten da guztia. Pertsona bat lanik gabe gelditzen da, eta ezin dio aurre egin pisuko letrari. Orduan, norbera, plataformetara jo gabe, bankuarekin negoziatzen saiatzen da. Baina bankuak ez du atzera egiten. Hortik aurrera, norberaren erabakia da: plataformekin harremanetan jarri eta borrokatu, edo etxea eman. Ez da batere erabaki erraza.
Zaila izan da jendea aurkitzea kamera aurrean hitz egiteko?
Zorte handia izan dut topatu dudan jendearekin. Eurekin harreman pertsonalak garatu ditut. Euren kasuak ezagutu ahala, komentatu nien ea grabatzea inporta zitzaien. Batzuek baietz esan zidaten, eta horiek dira dokumentalean daudenak. Baina badira beste batzuk ez dutenak agertu nahi izan, gai honek estigma handia sortzen baitu oraindik hainbat arrazoirengatik. Hala nola lotsa, porrot sentimendua eta norbera ahal zuena baino hobe bizi izanaren mezuak. Pertsona askorentzat ahalegin handia izan da plataformetara jotzea, zer esanik ez kamera baten aurrean euren bizipenak kontatzea. Zenbait iruindarrek Logroñoko (Espainia) plataformetara jo dute laguntza bila.
Ez da erraza kamera aurrean barrenak hustea.
Ez, inondik inora. Dokumentalean agertzen den jendeak konfiantza osoa jarri du nigan, eta hori erantzukizun handia izan da niretzat. Esaten zidaten: "Hasiko gara grabatzen, eta ikusiko dugu aurrera egiten dugun edo ez". Horrek hunkitu nau, eta, tarteka, baita gainezka egin ere. Ziur nago kamera aurrean kontatu dizkidatenak euren inguru hurbileko jende askok ez dituztela jakingo. Asko baloratu dut hori.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.