Edurne Elizondo
Ezustean harrapatu ditu berriak iruindarrak. Saidek Carlos III zinematokia itxi du asteon, eta aretorik gabe gelditu da, ondorioz, hiriko erdialdea. Ekainera arteko estreinaldiak iragartzen zituzten kartelak zintzilik egon dira, duela gutxira arte; eta leihatilara sarrerak erostera joan direnei ere zinematokiak ikusleak bazituela azaldu diete langileek, azken egunotan. Saide etxeak ez ditu bakarrik zinema aretoak kudeatu, orain arte. Higiezinen esparruko enpresa ere bada. Arduradunek, hala ere, ez dute itxieraren arrazoiei buruzko azalpenik eman nahi izan.
"Tristea izanen da txikitako oroitzapenak gordetzen dituen toki hori banketxe edo Amancio Ortegaren arropa denda bihurtuta ikustea". Horixe erran zuen Fermin Erbiti kazetariak, joan den astean, Euskalerria Irratiko mikrofonoetan. Ildo horretan mintzatu da bertze kazetari bat, Juan Zapater, alegia. Zinema kritikaria da, gainera, eta Bilbo Arteko zuzendaria. Ederki ezagutu ditu Zapaterrek Saideren Iruñeko zinema aretoak, eta bat egin du Erbitirekin. "Gure historiaren eta memoriaren zati bat galdu dugu Carlos III aretoen itxierarekin".
Haratago jo du Zapaterrek bere analisian, halere, eta prozesu bateko azken urrats gisa hartu du zinematokiaren desagertzea. "Iruñeak bat egiteko espazioak galdu ditu; kulturaren esparruko hamaika toki desagertu dira hirian; edukiz gabetzen ari dira Iruñea, husten", erran du. Erdialdean bereziki sumatzen da prozesu hori, Zapaterren hitzetan. "Filmoteka erdigunean jartzeko aukerak ihes egin zigun; hainbat erakusketa areto galdu ditugu, eta Carlos III aretoen aurretik ere Principe de Viana zinematokiak itxi zituen bere ateak".
Espazio horiek galdu, eta erdialdeak irabazi dituenak zerikusteko gutxi dute kulturarekin lotutako aisialdiarekin. "Hiriko eremu horretara arropa erostera edo edatera baino ezin zara joan; Alde Zaharra sanferminzalekeriaren jarraipen bilakatu dute", nabarmendu du Zapatarrek.
Merkataritza guneetara
Zinema aretoen krisiaz anitz hitz egin da azken urteotan. Teknologia berriek erabat baldintzatu dute esparru horren etorkizuna, eta goitik behera aldatu dituzte kontsumo ohiturak. Aretoak hirietako erdigunetik ateratzeko joerak ere zehaztu du bide bat.
Egun, Iruñean, Carlos III itxi eta gero, Golem zinema aretoak dira hirian gelditzen diren bakarrak, Donibane auzoan. Hiritik kanpo, merkataritza guneetan daude gainerako aretoak. "Merkataritza guneetako aretoetara joaten dena, ordea, ez da benetako zinemazalea; krispeta zalea da, zinemari buruzko irizpiderik gabekoa. Zinema aretoetako ikusleen %80, hain zuzen, gisa horretakoak dira".
Iñaki Arrublak erran ditu hitz horiek. Navarra de Cine etxeko arduraduna da, eta zinemaren historiako irakasle Nafarroako Unibertsitate Publikoan. "Zinema eta zinemara joatea maite dugunontzat, etxeko egongelaren zati bat galtzearen gisakoa izan da Carlos III zinema aretoen itxiera", erran du.
"Iragarritako heriotza baten kronika izan da, baina". Horixe uste du Juan Zapaterrek. Digitalizazioaren ondorioz zinema aretoek inbertsio handiak egin behar izan zituztela azaldu du zinema kritikariak. Arrublak argi utzi du, halaber, aretoak kobratzen duen sarreraren erdia banatzailearentzako izaten dela. "Ez da erraza aurrera egitea. Teknologiak zehazten du etorkizuna; onerako edo txarrerako, hau da dagokigun garaia".
Ikusleen kopuruak islatzen ditu egon diren aldaketak. 2000. urtean, 1,9 milioi izan ziren herrialdeko zinema aretoetan, Espainiako Kultura Ministerioaren datuen arabera. 2012an, berriz, 1,4. Urte horretan 19 zinematoki zeuden Nafarroan, eta denen artean 76 areto zituzten. 2013an behera egin zuen kopuruak: herrialdeko 15 zinematokiek zituzten 72 aretoetan 1,2 milioi ikusle hartu zituzten. Joera aldatu zen 2014. urtean, ordea, eta bi urte lehenagoko kopurua berreskuratu zuten aretoek: 1,4 milioi ikusle. Horiek dira ministerioak emandako azken datuak.
Eredu berriak
8 apellidos vascos filmaren gisako produktuen arrakasta izan daiteke igoera horren giltza, Arrublak azaldu duenez. Kasu bakanak dira, ordea. Zinemaren errealitatea da, haren hitzetan, benetako zinemazaleak Internetera jotzen duela, eta gazteek galdu egin dutela ikusleek aretoekin zuten lotura. "Etxean ikusten dugu zinema; edo lagun artean duten etxabean gazteek".
Joera izanen da aretoetan estreinaldi hagitz bereziak egitea, Arrublaren ustez. "Horrek ekarriko du egungo areto anitzeko eredua berriz ere aldatzea; bi edo hiru baino ez dituzte izanen, ziurrenik, aurrerantzean".
Zinema etxean kontsumituz, jarduera horrek bere izaera soziala galtzen du. Horixe erran du Arrublak, eta bat egin du Zapaterrek ere. Biek nabarmendu dute hiriak anitz galdu zuela Nafarroako Filmotekaren egoitza Mendebaldea auzora eraman zutenean. "Principe de Viana aretoek itxi zutenean, han jartzeko ahalegina egin behar zuten; aukera ederra galdu genuen hor. Filmotekak erdialdean behar du egon, eta bat egiteko tokia izan behar du", erran du Arrublak. "Tamalgarria da, adibidez, Ikuspuntu jaialdia Baluarteren gisako espazio batean egin behar izatea; halako jarduera batek behar duen kalitatea ez du bermatzen", erantsi du Zapaterrek.
Filmoteka erdialdetik urrun egoteak pobreago bilakatzen du Iruñea, kulturaren ikuspuntutik. Hori nabarmendu du zinema kritikariak. Politikaren ikuspuntutik "porrot handitzat" jo du, gainera, hiriko erdialdeak kultura zabaltzeko eta garatzeko espazioak galdu izana. "Agintarien interes eta konpromiso falta da egoera horren erantzule".
Ez du uste nahita egindako prozesu bat denik. Mikel Zuza idazle eta liburuzaina, berriz, ez da iritzi berekoa. Corte Ingles denda zabaldu zutenean orduko Iruñeko alkate Yolanda Barcinak errandakoak gogoratu ditu, iritzi horren alde: "Merkataritza gune hori erdialdeari bultzada emanen zion lokomotora izanen zela erran zuen; eta bai, bultzada eman dio, bai eta gainetik pasatu ere".
Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kide ere bada Zuza. Argi eta garbi erran du: "Erdialdea hustuz joan dira, eta ostatuak eta Gazteluko plazako aparkalekua bertzerik ez dira gelditzen. Alde Zaharrak urrezko aukera galdu zuen unibertsitate publikoa Arrosadian egitea erabaki zutenean". Corte Ingles dagoen orubean Nafarroako Liburutegi Nagusiak egon behar zuela erantsi du. "Liburutegien Nazioarteko Federazioak argi dio egoitza nagusiak beti egon behar duela erdialdean; hemen alderantziz egin dute".
Kulturarekin lotutako espazioak galduta, "arropa marka nagusien eremu" bilakatu dira Iruñeko Alde Zaharra eta inguruko karrikak, Zuzak salatu duenez. "Bihotzik gabeko hiri bihurtu dute. New Yorken administrazioa ari da dirua jartzen erdialdea biziberritzeko; hemen kontrakoa egiten dugu. Gaiarre antzokiak eta Nafarroako Antzerki Eskolak baino ez diote eutsi". Galtzen utzi behar ez diren irlatzat jo ditu.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.