Hiriak ezkutatzen duen hiria

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko ots. 26a, 03:30

Edurne Elizondo

Euriak lokatz bilakatu du bidea. Ur tantek gogor jotzen dituzte kartoizkoak diruditen txaboletako paretak. Sasi artean daude, ezkutatuta. Arropa bustita dago, zuhaixka batetik bertzera zintzilikatutako sokaren gainean. Isiltasuna da nagusi, atea zabalik duen etxola batetik neska gazte baten ahotsa entzuten den arte. "Egun on!".

Marinela Petreak 21 urte ditu, eta duela hamabost egun inguru ailegatu zen Iruñera, 23 urteko Petrea Vasilerekin batera. Autobusez egin zuten hiru eguneko bidaia, Bukarestetik. "Hemen lagunak baditugu; sorterrian ez dugu deus, ez dugu dirurik, ez dugu lanik, ezta izateko esperantzarik ere". Petreari etsipen puntu bat sumatzen zaio ahotsean. Iruñera etorri da sorterrian ez zuen etorkizunaren bila, baina bizilagunen kexekin eta arbuioarekin egin du topo.

Petrea eta Vasile Errumaniako bertze sei pertsonarekin batera bizi dira Tenis Klubaren atzeko lur sail batean, elkarte horren frontoi zaharreko paretaren kontra eraikitako etxoletan, Lezkairu auzotik gertu. Ez dira orain ailegatu, baina eztabaidak orain egin du eztanda hedabideetan eta herritarren artean. Batetik, Tenis Klubak salaketa jarri duelako, txabolak ken ditzatela eskatzeko. Lur sailaren zati gehiena, %90, elkarte horrena da, hain zuzen ere; gainerakoa, berriz, Iruñeko Udalarena.

Udalak jasotako kexek piztu dute eztabaida, bertzetik. Lezkairu ondoko Santa Maria La Real auzoko bizilagunek erakunde horrengana jo dute, bertzeak bertze, etxolak husteko eskatzeko. Arartekoari ere gutunak bidali dizkiote, eta sare sozialetan, gainera, sinadura bilketa jarri dute martxan, errumaniarrak orain dauden tokitik bertze nonbaitera mugi ditzaten eskatzeko.

"Segurtasunik ezak" eta "osasungarritasunik ezak" kezkatutako auzokidetzat jo dute haien burua sinadura bilketa bultzatu duten bizilagun horiek. "Beldur" direla aipatu dute, gainera. Iruñeko Udaleko oraingo agintariek irail aldera jaso zituzten lehendabiziko kexak. "Duela lau urte inguru ailegatu ziren errumaniarrak auzora; udan egoten ziren, batez ere; azken hilabeteotan talde bat bertan finkatu da, eta horrek eragin du kexek gora egitea", azaldu du Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotzi Edurne Eginok (Ezkerra).

Zinegotziak bi kontu utzi nahi izan ditu garbi: batetik, Iruñeko Udalak ez duela urratsik eginen errumaniarrak indarrez diren tokitik mugitzeko. "Kontuz eta errespetuz jokatu behar dugu. Egoeraren jarraipena eginen dugu, erabakiak ezin baitira egun batetik bestera hartu; prozesu bat da hau". Azaldu du, halaber, udaleko hainbat arlo ari direla gaia aztertzen, bertzeak bertze ingurumenekoak, etxolak dauden eremuaren egoera ahalik eta gehien hobetze aldera. Bertzetik, auzokideek azaldutako kexen aurrean, "arazoa bere neurrian" hartu behar dela nabarmendu du Eginok: "Zortzi pertsona dira". Bizilagunekin ere "pedagogia egiteko beharra" badela erantsi du Ezkerrako kideak, arrazakeriari atea itxi ahal izateko. Kezkagarritzat jo ditu zenbait bizilagunek errumaniarren inguruan zabaldutako mezuak.

Txatarra biltzen

Nafarroan, 7.500 errumaniar inguru bizi dira; haietako 3.000 daude hiriburuan. Herritar horietako anitz 2007. urtetik aurrera ailegatu ziren herrialdera, Errumaniak eta Bulgariak Europako Batasunarekin bat egin eta gero. Eraikuntzaren sektorean lan egitera etorri ziren gehienak, bai eta gidari lanetan aritzeko ere.

Lezkairu ondoan bizi diren errumaniarrek txatarra biltzen eta saltzen dute, aurrera egin ahal izateko. Marinela Petreak argi erran du sorterrian ez zuela ikasteko aukerarik izan. Lana ahal duen tokian bilatzea bertze erremediorik ez duela.

"Txatarra biltzen ematen dugu eguna denok", erantsi du Petrea Vasilek. Egun guztiak ez dira berdinak. "Egun batean 20 edo 30 euro lor ditzakegu; bertze batean, berriz, 5 edo 10". Diru sarrera hori ez da txabolak atzean utzi ahal izateko nahikoa. "Nahiko genuke pisu batean gela bat alokatu! Baina ezin dugu. Hori da kontua. Hemen bizi bertze aukerarik ez dugula".

Txabolei egin die so Vasilek hitz horiek erran dituen bitartean. Paretek nekez lortzen dute ura barrura ez sartzea. Mantak daude lurrean, eta kanpotik sumatzen da barruko hotza. Butano-botila dute janaria prestatzeko. Dutxa hartzera, berriz, Alde Zaharreko bainu etxe publikora joaten dira. "Nork nahi du horrela bizi?", galdetu du gazteak.

Vasilek bere bi seme-alabak utzi ditu Errumanian, Bukaresten. Gainerako familia ere bai. Baita Petreak ere. "Ez da samurra, baina haiek ere ikusten dute bertze aukerarik ez dagoela". Kosta egiten zaio bizilagunen ezinegona ulertzea. "Guk ez diogu inori kalterik egiten". "Ez gara lapurrak; ez dugu arazorik poliziarekin, eta ez dugu inor gogaitu nahi. Zer jan lortzeko egiten dugu lan; utz diezagutela hori egiten", erantsi du Vasilek.

Harekin bat egin du Marinela Petreak. "Bakean bizi nahi dugu, bertzerik ez". Inguruan bizi diren bizilagunei gauza bakarra eskatu die. "Jar daitezela gure larruan, une batez".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!