Iritzia: UPNren txandrioen rankinga

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko ots. 12a, 03:00

Asier Azpilikueta

Hona hemen Erregimen Zaharreko gobernuek egin zituzten diru xahutze handienen top 10 zerrenda.

1. AHT. Ba ote daki inork benetan zenbat diru gastatuko duten Nafarroan abiadura handiko trena egiten? Aurkakoen aspaldiko kalkuluen arabera, egitekotan, denetara 4.000 milioi euro baino gehiago gastatuko lituzkete. Aldekoek ez dute zenbaki zehatzik ematen.

2. Itoitz. 2012an eginiko ikerketa batean, Rosario Brinquis ekonomialariak azaldu zuen ordu arte Itoitzen eta Nafarroako Ubidean 1.751 milioi euro inbertitu zituztela ?diru publikoak gehienak? eta horietatik bakarrik %27 berreskuratu zituztela.

3. Ezkutuko bidesariak. Sistema horren bidez ordainduriko herri lanak anitzez garestiagoak ateratzen zaizkigu. Adibidez, Bideko autobia egitea 390 milioi euro kostatu zen. Baina kanona 2032 urte arte ordainduko dugunez, azkenean, 1.200 milioi inguru pagatuko ditugu. Pirinioetako autobia, berriz, 2039 urte arte ordainduko dugu, urtero 16 milioi astinduta.

4. Nafarroako Kutxa. 2009an, Nafarroako Kutxaren ondareen balioa 1.250 milioi eurokoa zen. 2012an, jada Banca Civica taldearen barnean, 280 milioikoa zen balio hori. Burtsan zortzi hilabetez egon zen Banca Civica eta bere akzioen balioa %27 jaitsi zen. Ondoren, Caixabankek irentsi zuen 979 milioi ordainduta.

5. Reyno Arena. Mega kirol pabiloia erabat bukatzen dutenerako, 68 milioi euro gastatuak izanen ditugu ?enpresei atzerapenengatik eman beharreko kalte-ordainak barne?. 2009an hasi ziren eraikitzen, baina 2012ko azaro arte ez zuten bideragarritasun planik egin.

6. Los Arcos. Kontuen Ganberaren arabera, Los Arcosko zirkuituan 52 milioi euro gastatu zituzten ?BEZ gabe?. 2010ean inauguratu zenetik milioiak galdu ditu zirkuituak urtero. 2013ko bukaeran, Nafarroako Gobernuak Los Arcos Motorsport enpresari utzi zion zirkuituaren bortz urterako kudeaketa, 1,3 milioiren truke.

7. Senda Viva. Arguedasko basamortuan dagoen zoologikoa 2004an inauguratu zuten. 2012 arte, Nafarroako Gobernuak 58,1 milioi euro gastatu behar izan zituen bertan. Urtero ia 200.000 bisitari jasotzen omen ditu, baina urtero 1,2 milioi galtzen segitzen du.

8. Iberdrola. Behinola, haize errotak egiteko enpresa publiko bat izan zuen Nafarroak, EHN izenekoa. Gobernuak enpresa hura saldu egin zuen etekinak ematen zituen garai batean. Lorturiko diruarekin burtsaren jokoan sartu eta Iberdrolaren akzioak erosi zituen. Azkenean, 19,6 milioi euro galdu ditugu joko espekulatibo horretan.

9. CUN. Nafarroako Unibertsitate pribatuko langileak bere klinikan artatzeagatik, 2009 eta 2015 urteen artean, ia 37 milioi euro ordaindu zizkion Nafarroako Gobernuak Opusi. Batere txosten ekonomikorik egin gabe, noski. Gobernu berriak kontuak atera ditu eta kalkulatu du pertsona horiek Osasunbidean artatu izan balituzte 14 milioi euro merkeago aterako zitzaigula dena. Ez du hitzarmena berritu.

10. Sanferminetako museoa. Iruñeko besta nagusiaren esentzia museo batean sartzeko burutazioa izan zuen UPNk. Proiektua egiten hasi, baina behingoagatik, gastatu behar zen dirutzak izutu zituen eta bertan behera utzi zuten. Bidean hiru milioi euro xahututa.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!