Ander Perez
Politika "hesitik" ikusten zuen, baina lehen lerroan parte hartzen du orain Maria Solanak (Iruñea, 1975). Joan den maiatzeko hauteskundeetatik parlamentari da, Geroa Bairen eskutik. Aldaketak sei hilabete egin dituela, "pentsatzeko denbora" eskatu du. Gobernua oposizioaren erritmora doala uste baitu: "Orain arte, besteek bultzatzen dutenari erantzuten ibili gara".
Komunikazioaren alorretik politikako lehen lerrora egin duzu salto. Alde handirik al dago?
Kazetaritzatik —hainbat komunikabideetan nenbilen lanean— komunikazio politikorako urratsa egin nuenean nabaritu nuen aldea. Nafarroa Bain sartu nintzen 2007an, prentsa arduradun gisa. Politika beste aldetik ikusten hasi nintzen, komunikazio kabinetetik. Hor eman ditut orduz geroztiko urteak, NaBain hasieran eta EAJn gero, baina beti NaBai edo Geroa Bairen barruan, koalizioari begira. Politikarekin harremanetan nengoen, baina hesitik. Erraza da zinegotzi edo parlamentari bati esatea "hau edo beste hau esan behar duzu", baina beste gauza bat da ardura lehen pertsonan hartu eta aurpegia ematea.
Zer irizten diozu gobernuaren sei hilabeteko jardunari?
Nire kezkarik handienetakoa da ez dugula denborarik izan hausnarketa hori behintzat egiteko. Pentsatzeko denbora behar dugu, bestela repentistak bihurtzen baikara. Bertsolariarena eginez goaz, eta ongi kokatuta egonda eta gakoak izanda ongi atera daiteke, baina zenbaitetan, maiz, poto egiten dugu. Garrantzitsuena da hausnarketarako denbora hartzea, parlamentuan bezalaxe gobernuan ere. Gainera, uste dut gehiegi markatu digutela martxa gainontzekoek. Gelditu behar dugu, arnasa hartu, eta gure egutegia eta egitasmo plana zein den ikusi. Eduki, badugu. Badut sentipena orain arte gainontzekoek bultzatu dutenari erantzuten ibili garela. Oposizioa bere bide orriari jarraitzen ari zaio, eta, agian, gu baino gehiago ari dira asmatzen. Baina erasotzea beti da errazago.
Irmotasun faltaren sentipena adierazi du zenbaitetan gobernuak. Eta sarri erabakien teknikotasunean babestu da erabakiak hartzeko. Beldurra zaio erabaki politikoak hartzeari?
Beldurra bainoago, konpromiso bat da: ez dadila gailendu inoren nahi politikoa besteen gainetik. Gobernua sustengatzen duten lau indarrez ari naiz. Horrek zailtzen du lana; kontseilariek edo presidenteak alde bakarreko erabakiak hartuko balituzte, eraginkorragoa litzateke dena, baina baita erasokorragoa ere.
Baina akordio programatikoan datozenak erabaki politikoak dira, eta adostuak. Beraz, haien aplikazioan ez luke arazorik egon beharko.
Nik ongi ikusten dut fundamentuzko argudioak gehitzea, nahiz eta akordio politikoan agertzen dena erabaki ideologikoa izan. Beti kritikatu izan dugu UPNk urteetan erabaki politikoak hartu dituela bestelako sostengurik gabe. Erabaki politikoak hartuko ditugula? Jakina. Politikariak gara, eta lan politikoa da gurea. Berezkoa da. Hortik aparte, egin daitezela gauzak behar bezala.
Aldaketa "lasaia" eskatu du Geroa Baik askotan. Aldaketa sakonaren antonimoa al da hori?
Gure aburuz, sinonimoa da. Geroa Baik beti defendatu du hori. Oso garrantzitsua zen hori ulertaraztea: ez garela egun batetik bestera iraultza egiteko etorri, dena hankaz gora jartzera gero buelta emateko. Hori transmititu nahi genuen. Argi baikeneukan aldaketa egin behar zela, baina zailtasunak egongo zirela: aldebakartasunez ez jarduteak ekarriko zuen aldaketak lasaia behar zuela izan. Lasaia, iraunkorra izateko. Eta, aldi berean, benetakoa. Alegia, sakona, zeren sakona ez den aldaketa ez baita benetakoa.
EAJk inoizko protagonismo politikorik handienetarikoa du Nafarroan, Geroa Bairen bitartez. Positiboa izan al da formula?
EAJk apustu erabatekoa egin zuen Nafarroa Bai sortzeko. Eragile nagusietakoa izan zen, lehenengoetarikoa, beste batzuk atzetik etorri baitziren. Hasieratik argi zuten ezinbestekoa zela. Baina ez EAJren iraupen edo kideen onurarako, baizik eta Nafarroan, inoiz aldaketa izango bazen, ezinbestekoa zelako indar aurrerakoi, abertzale eta ezkertiarrok batzea. Hori izan da NaBairen funtsa, eta baita Geroa Bairen funtsa ere. EAJk ez du apustu hori egin bere kuotak bermatu eta bere botere politikoa indartzeko, baizik eta zentzua izan zezan bere izaerak berak.
Geroa Baik bokaziorik al du alderdi hegemonikoa izateko?
Bai, horrekin konbentzitua nago. Nafarroa Bai erabat hautsi zenean, batzuk argi genuen gisa eta filosofia horretako proiektu batekin jarraitu behar genuela, eta oso baldintza xumeetan abiatu genuen Geroa Bai. Askok esan ziguten: "Zertarako? Hutsaren hurrengoa zarete, ez du zentzurik...". Gu konbentzituta geunden, uste baikenuen alderdien artean haustura izan arren ordezkatzen genuen gizartearen arlo horretan ez zegoela hausturarik. Jarraitzen zuen espazio horrek, eta mantentzen da oraindik ere. Gure nahia litzateke espektro hori zabaldu eta gehiengoa bilakatzea. Betiere ulertuta oso espektro askotarikoa eta kritikoa dela. Mantentzen den bitartean, zentzua izango du Geroa Baik.
Noraino iritsi nahiko zenuke gainerako euskal lurraldeekiko harremanean?
Ahal den guztiraino, harremanez ari bagara. Beste kontu bat da estatusean.
Eta estatusean?
Ez da nire lehentasunetako bat, ez aurten eta, segur aski, ez legealdi osoan. Uste dut Nafarroan jarri behar dugula arreta; nahikoa lan dugu geure buruaz arduratu eta geure burua errealitate politiko berri honetan kokatzeko. Gero gerokoak. Baina horrek ez du oztopo izan behar harremanak izan eta sustatzeko, ahal den denetan eta maila guztietan. Hemengo agintariek bizkarra eman diete luzaroan gainontzeko herrialdeei, nahita, eta horretan denok galdu dugu.
Zer nahiko zenuke lortu lau urte hauetan?
Denbora behar dugu, eta denborak emango digu arrazoia. Seguru nago lana aurreikusi bezala egiten badugu denborak arrazoia emango digula. Momentu itsusienean gaude orain, adibidez, zerga erreformaren gaian. Diru sarrerak handituko diren edo denon onura ekarriko duen ikusteko, denbora behar da. Baina geure buruari fidel bagatzaizkio, ziur naiz lau urte barru gauzak askoz hobeto egongo direla. Eta horrela ez bada, akabo, baina izango da ongi aritu ez garen seinale. Geroa Bairen leloa Guztion Nafarroa da. Guztiona: pertsonena, ez alderdiena, ez botereena, ez enpresena, ez eragile sozialena eta ez sindikatuena. Guztiona. Horri jarraikiz, aukera asko izango ditugu asmatzeko.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.