“Aldaketa sakona izango dela bermatzea da gure erronka”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko urt. 29a, 02:40

"Arantza handia" du Dabid Anautek (Burlata, 1968). Euskararen Lege berri bat osatzeko erronkarekin sartu zen Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduren eskutik, euskara teknikari ofizioa tarte batez alde batera utziz. Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek, ordea, ez dute alorrean adostasunik lortu. Horregatik, eztabaidan "gizartearen ahotsa" behar dela uste du. Ez bakarrik gai horretan, orokorrean baizik. Izan ere, dioenez, gizarteak bermatuko du aldaketaren sakontasuna, "mugitzen segitzen badu".

Zergatik erabaki zenuen politikarako jauzia egitea?

Tira, politikagintzan banenbilen, herrigintzan, politika oso modu zabalean ulertuta. Oraingoan, aldaketa momentu interesgarri bat zetorren, eta horrek konpromiso bat behar zuen, konpromiso orokorra, kolektiboa. Niri aukera etorri zitzaidan beste fronte honetan aritzeko. Herriaren etorkizunarekin konpromiso bat da, orain forma hau hartu duena. Lehendik neukan konpromiso bera da, baina, kasu honetan, beste jokaleku batean.

Alde handia al dago kaletik instituziora?

Nire ikuspegitik, denak dira borroka beraren jokaleku edo fronte ezberdinak. Baina egia da eguneroko lanean, herrigintzan, gizarte eragileetan edo udal mailan aritzetik halako instituzio batera etortzean badela aldea, formetan eta prozeduretan. Beste toki batzuetan ez bezala, hemen egunero zaude zuk bezala pentsatzen dutenekin, baina baita zuk bezala pentsatzen ez dutenekin ere, eztabaidan. Bestalde, bada presio mediatikoa ere: oso jarduera publikoa da, kanpora begirakoa.

Badirudi apaldu dela azken lau urteetan izandako mobilizazio soziala. Zeren seinale da hori?

Bai, uste dut neurri batean gertatu dela, eta neurri batean ere logikoa izan daiteke. Hemen oso mugimendu handia egon da, aldaketa bat bultzatu duena, eta aldaketa hori instituzionalki etorri da. Horrek, beharbada, itxaropen batzuk sortu ditu, jendea jarri du instituzioei begira, ea zer datorren. Ulertu da lanaren zati bat egina balego bezala. Hori arriskutsua da, aldaketak, izatekotan, politikoa, instituzionala, soziala, eta maila guztietakoa behar duelako izan. Hori bermatuko da gizarteak mugitzen segitzen baldin badu. Baina hemen denak ari gara ikasten egoera politiko berri hau ulertzen, eta, beharbada, ikasi beharko dugu zein den bakoitzari dagokion papera. Uste dut gogoeta hori denok daukagula egiteko: bai UPNk berak —agintean egotetik oposiziora pasatu da, eta ikasi behar du zein den bere posizio berria—, bai oposizioan zeuden eta orain gobernuan daudenek, gobernua sostengatzen gaudenok, baita gizarteak berak ere. Denok dugu asko ikasteko.

Egoera berri horretan, zein toki izan behar luke EH Bilduk?

Gure buruari jarri diogun erronka da aldaketa sakona izango dela bermatzea, norabide egokian joango dela eta behar besteko sakontasuna izango duela. Gure kezka eta helburua hori da. Horrek kudeaketa bat eskatzen du. Orain, egoerak posizio jakin batean jarri gaitu: ez gaude gobernuan, baina gobernua sostengatzen dugu, eta horrek eskatzen digu erantzukizunez jokatzea; baina, aldi berean, zorroztasunez ere bai. Hor akordio batzuk daude, eta horiek aurrera eramango direla bermatzea da gure ardura. Baina guk badugu aukera eta eskubidea gure ideia eta proposamen propioak zeintzuk diren azaltzeko, jakina.

Baina nahiko luke EH Bilduk aldaketa urrunago joatea?

Bai, lau indarren arteko tentsio horretan, eta negoziaketetan bertan, planteatu genuen zenbait gaietan aurrerago joan behar zela. Indar korrelazioak eman duena eman du, eta gutxienez adostutakoa aurrera atera behar da. Hortik aurrera, gizartearen presioak ekarri dezake adostutakoa baino urrutiago joatea.

Euskararen Lege berri bat osatzea zen legealdirako erronka. Zurea, eta EH Bildurena. Horretan ez da akordiorik izan, ordea. Kezkatzen al zaitu?

Bai, kezkatzen nau, eta niretzat arantza handia da, zalantzarik gabe. Guk segitzen dugu esaten ezinbestean behar dela lege berri bat, lurralde osoan ofizialtasuna ezarri eta zonifikazioa ezabatuko duena. Gure posizioan ez dago aldaketarik, segitzen dugu esaten lehen esaten genuena. Ez dugu lortu hori adostea, eta nik nahiko nuke gizartearen ahotsak ere parte har dezan eztabaida horretan: herritar askoren aldarrikapena da, eta tartean dira hizkuntza eskubideak ere, eta ez dut uste horiek ukatzeko argudio handirik egon litekeenik. Hau ez da itxita dagoen eztabaida, itzuli beharko da, eta helburu horretan ez dugu etsiko. Itxaropena daukat, eta nire esperantza da legealdi honetan Euskararen Lege berri bat izatea.

Euskalgintza kexu agertu da, gobernuak behar besteko urratsik egin ez duelakoan. Zu euskalgintzaren parte zara, baina gobernua sostengatzen duzu. Nola hartzen duzu hori?

Euskalgintzaren ikuspegia eta kritikak ulergarriak dira, bistakoa delako aurrekontu hauek ez direla euskarak behar dituenak. Beste kontu bat da akordio politiko honetan noraino iristeko modua izan dugun. Hemen norabidea da aldatzen hasi dena, baina norabide horretan askoz aurrerago ere joan behar da. Euskalgintzak, eta gizarte osoak, oro har, badu egiteko bat: gobernua zorrotz hartzea kritiketan. Hori egitea onargarria eta logikoa da, eta kontuan hartzekoa. Aldaketa etxe honetan egin beharko da [parlamentuan], baina kanpotik ere bultzatu behar da; askotan kritika eginez, eta beste batzuetan politika batzuk lagunduz. Denei bezala, bere egitekoa definitzea dagokio ere euskalgintzari. Guk oso kontuan hartzen ditugu euskalgintzaren ekarpenak, normalean bat gatozelako.

Oposizioak, aldi berean, euskararekin lotutako gaiak erabili ditu gobernua kritikatzeko.

Oposizioak bandera nagusi batzuk hartu ditu, eta horietako batzuk hezkuntza eta hizkuntzarekin lotura dutenak dira. Argi daukat euskararen normalizazioan pausoak eman ahala suak piztuko dituztela. Estrategia bat da, gobernua eta lau alderdiak desgastatzeko, batetik, eta baita lurraldea markatzeko ere. Esateko: "zuek hemendik ezin zarete pasatu, eta pasatzen baldin bazarete, sua". Horrek duen arriskua da urratsak eman behar dituzten eragileak kikiltzea, eta egin beharko lituzketen gauzak ez egitea; eta, azkenean, Erregimenaren indarrek markatzea noraino joan gaitezken politiketan. Horri aurre egin behar diote parlamentuak eta gobernuak, baina uste dut gizarte eragileek ere badutela ardura, oposizioa handik tiratzen ari bada beste aldetik ere tiratzeko, eta politika batzuk, egokiak direnean behintzat, babesteko.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!