Argia itzali eta pobrezia piztu du langabeziak

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko urt. 29a, 02:20

Lana galdu nuenean hasi zen gainbehera". Jose Luis Galindorenak dira hitzak. Bilbotarra da, baina aspalditik du Nafarroa bizitoki. Burlatan eman zituen urte anitz, abenduan etxegabetu zuten arte. Bitan moztu zioten argindarra, etxetik bota baino lehen. Ezin zituen fakturak ordaindu. Nafarroako Gobernuaren etxebizitza batean bizi da orain, Iruñean, alokairu sozialarekin. Gizarteratzeko Errenta jasotzen du, bai eta haren osagarria ere; denera, 600 euro inguru. Lanak ditu gastu guztiei aurre egiteko, hala ere. Dibortziatuta dago, eta bi alaba ditu. Berogailua luxu bilakatu da harentzat, eta bi aldiz pentsatzen du gela bateko edo bertzeko argia piztu aurretik. Pobrezia energetikoak betean jo du. "Etxean zortzi watteko bonbillak ditugu".

Galindorena bertze milaka herritarren eguneroko bera da; langabeziak amildegiaren ertzean jarri dituen bertze milaka herritarren errealitate bera. Ingurumen Zientzien Elkarteak txosten bat egin du, eta nabarmendu du Nafarroan 96.000 pertsonak pairatzen dutela pobrezia energetikoa: herrialdeko familien %19k soldataren %10 baino gehiago gastatzen dute energiari lotutako fakturetan; hau da, pobrezia energetikoa sufritzen dute.

Bertze anitz, gainera, estatistiketatik at gelditzen direla nabarmendu du Astearteak Eguzkitan plataformako kide Israel Gonzalezek; kopurua handiagoa dela, beraz: "Argindarraren edo gasaren faktura ordaintzeko arazoak izanen dituztela jakinda, halabeharrez kontsumoa erabat murriztea erabakitzen dutenak dira".

Horiek ere pobrezia energetikoak jo dituenen multzoan daude. Pobreziak harrapatu dituenen taldean. "Pobrezia baita arazoa", Nafarroako Gurutze Gorriko Conchi Igeak erran duenez. Energiarekin lotutakoa pobreziak dituen mila aurpegietako bat bertzerik ez da.

Nafarren %14,5 daude bazterketa arriskuan, Gurutze Gorriko datuen arabera; 30.000 pertsona daude pobrezia larrian. Ia 3.600 familia eta 4.000 ume artatzen ditu erakunde horrek Nafarroan. Igeak aurpegia jarri die pobreziak jo dituenen bi multzo nagusiei: "Adin bateko langabeena da bat; haurrak bakarrik zaintzen dituzten emakumeena, bertzea". Lanpostu prekarioek, gainera, "langile pobreen" multzoa ekarri dutela erantsi du.

Hitzarmena Iberdrolarekin

Bi astez argindarrik gabe egon da Galindo, Nafarroako Gobernuak Buztintxurin alokatutako etxebizitzan. Administrazioa da etxe horren jabe, baina argindarraren gisako zerbitzuak ez daude haren izenean. Ondorioz, alokatzen duenak ordaindu behar du zerbitzua jasotzen hasteko kuota.

Nafarroako Gobernuak eta Iberdrolak hitzarmena sinatu zuten duela astebete, eta hainbat neurri adostu zituzten, pobrezia energetikoari aurre egiteko. Ez zuten hitz egin gobernuaren etxebizitza zehatz bat alokatzen duten pertsona guztiek zerbitzua jasotzen hasteko kuota hori ordaindu beharraz. Urte batean hiru pertsonak alokatzen badute etxe hori, hirurek ordaindu beharko dute kuota.

"Hitzarmena urrats bat da, baina ez da konponbidea, inondik inora", erran du Gonzalezek. Ontzat jo du inor argindarrik gabe ez uzteko protokoloa sinatu izana, baina hori lortzeko gobernuak hartu dituen konpromisoekin ez da ados agertu. "Finean, Nafarroako Gobernuak ordainduko dio Iberdrolari bezeroek ordaintzen ez diotena; hau da, nafar guztiok ordainduko dugu. Iberdrolak uko egin beharko lioke bere irabazien zati bati; oinarrizko zerbitzu baten bermatzaile da enpresa hori, eta, ondorioz, zeregin sozial bat badu".

Ez du halakorik egin konpainiak; oraingoz ez, behintzat. "Benetako bonu sozialak" ere eskatu dizkio Gonzalezek Iberdrolari, horren inguruko konpromisorik ez baitu jaso joan den ostiralean sinatutako hitzarmenak. Ildo horretan, Iruñerriko Mankomunitateak dituenak jarri ditu adibide Iruñeko Aranzadiko zinegotzi Armando Cuencak. "Fakturaren %90 ere ordaintzen dute bonu horiek". Ez da berdin gertatzen Iberdrolak dituenekin, ordea, ez dutelako ordaindu beharreko kopuru osoa kontuan hartzen, bakarrik kontsumoari dagokiona baizik.

Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren saileko ordezkari da Cuenca. Pobrezia energetikoarekin kezka berezia du, eta Astearteak Eguzkitan plataformak mahai gainean jarritako eskaerak eta egoerak hartu ditu bere lanaren abiapuntu. "Gizarte mugimenduek erraten dutena entzuten dugu; haiek markatu behar dute bidea".

Premiazkotzat jo du inori argindarra ez mozteko neurriak hartzea, baina, Gonzalezek bezala, harago joateko beharra nabarmendu du. Argindarra moztea debekatzeko aukera jarri du mahai gainean, adibidez, eta informazio zehatza eskatu du, gainera, pobrezia energetikoari buruz. Argindarraren mozketen inguruko datuak, hain zuzen ere, Iberdrolak bertzerik ez ditu. "Ez dakigu zer gertatzen ari den". Pobrezia energetikoa pairatzen dutenen inguruko datu zehatzagoak behar direla uste du, gainera, laguntzak propio arazo horri aurre egiteko bideratu ahal izateko.

Presioaren bidea ez du bazter utzi nahi Cuencak. Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailak bi hitzarmen ditu Iberdrolarekin, eta horiek negoziatzeko ematen dioten tartea aprobetxatzeko prest agertu da zinegotzia. "Gauza bera egin beharko luke alkatetzak; bai eta Nafarroako Gobernuak ere. Tarte hori ez da hagitz handi izanen, segur aski, baina gure esku dagoena egin beharko genuke".

Erakunde publikoek bertzelako politikak ezartzeko indarra egin beharko luketela uste du Gonzalezek ere. Cuencak eman dio lehen erantzuna: Iruñeko Udala aztertzen ari da argindar merkaturatzaile publikoa sortzeko aukera. Irizpide etikoak ezarri nahi dituzte energiaren esparruan.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!