“Pozik gaude hainbat botere faktikori kalte egin diegulako”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko urt. 22a, 04:35

Gizarte langile gisa egiten zuen lana egitera iritsi da Mikel Buil (Iruñea, 1979) Nafarroako Parlamentura, Ahal Dugu-ren izenean. "Bestela" eginen lituzke hainbat gauza, haren alderdiak hauteskundeak irabazi izan balitu. Baina ez denez hala izan, negoziatzea dagokiela dio. Eta badu eskarmentua lan horretan.

Zertan ari zinen parlamentari izan aurretik?

Gizarte langile gisa ari nintzen, gizarte integraziorako etxebizitza programan. Nafarroako Gobernuaren programa da, gizarte eragileek kudeatua, eta laguntza behar duten etxegabetze prozesuetan egiten du lan. Azken bost urteak gogorrak izan dira; pentsa zenbat jende jaso behar izan dugun etxebizitza arazoekin!

Zergatik onartu zenuen Ahal Dugu-ren eskaintza?

Hain zuzen ere, halako laguntza proiektu txikietan frustrazioa pilatuz zihoalako. Orduan, Ahal Dugu-ren herritarren erreskaterako proiektua garatzea proposatu zidaten, eta gogo handiz hartu nuen gaia.

Instituzioetatik, beraz, gehiago egin daiteke kaletik baino?

Laguntzeari dagokionez, kaletik asko egin daiteke, baina gizarte mugimenduek muga batzuekin egiten dute talka: aurrekontuen muga, gobernuaren borondate politikoaren muga. Muga horrekin ibili gara borrokan azken urteetan, eta nahiko errepresiboa izan da, gainera.

Zer aurkitu duzu parlamentuan?

Oso lan erritmo gogorra da. Bagenekien hala izango zela, baina bada beste kontu bat: esposizio publikoarena. Orain dela urtebete politikan ibiliko ginatekeela sekula irudikatuko ez genuenoi kosta egiten zaigu kamera eta elkarrizketen kontu hau. Baina, gainerakoan, etengabe negoziatzea da gure lana, eta, alde horretatik, aurretik gizarte eragileetan egiten nuenaren antzekoa da, han ere etengabe ibiltzen bainintzen negoziatzen; kasu horretan, Iñigo Alliren departamentuarekin, jendearen arretarako programa bultzatuz. Negoziatu, negoziatu eta negoziatu.

Nola jaso zuen Madrilgo zuzendaritzak Nafarroan gobernua babesteko akordioa? Baldintza edo presiorik jaso al zenuten?

Ez zen halakorik izan, inondik inora. Hauteskundeen aurretik marka zuri batekin aurkezteko proposamena izan genuen, Bartzelonan edo Madrilen bezalaxe, baina Nafarroako Herritarren Kontseiluak horren kontra eta zuzenean Ahal Dugu gisa aurkeztearen alde bozkatu zuen. Erabaki hori errespetatu zuen [zuzendaritzak], eta gaur arte ez da inolako esku hartzerik izan. Estatutuen arabera, gainera, erkidego bakoitzak erabateko burujabetza du. Beraz, zaila da hemengo erabakietan ezer inposatzea.

Sei hilabete joan dira aldaketaren gobernua martxan jarri zenetik. Zertarako balio izan du tarte horrek?

Uste dut balio aldaketa bat izan dela, argi eta garbi. Hori nabari da, ez bakarrik aurrekontuetan —sail batzuetan hazkundeak izan dira—, baizik eta baita non murrizten den ikusita ere, eta nork galtzen dituen orain arte zeuzkan pribilegioak. Pozik gaude hainbat botere faktikori kalte egin diegulako, pixka bat behintzat. Sindikatu handiez eta Opus Deiz ari naiz, eta baita etxebizitzen erosketa eta eraikuntzaren ordez alokairuaren alde egiteaz ere. Alde horretatik, etxebizitza sustatzaileek ere jasan dute kaltea. Ongizate sistema hainbat botere faktikok erabiltzen dute; beraz, aldatu behar da administrazioak haiekin duen harremana.

Gobernuaren joera orokorrarekin ados zaude, baina neurri zehatzen falta sumatzen duzu?

Ahal Dugu-k hauteskundeak irabazi izan balitu, beste modu batera landuko genituzke premia bereziko gaiak, baliabide publikoak segituan jarriz jendearen esku. Baina ez da hala gertatu, eta, beraz, negoziatzen ari gara, eta gutxika gauzak lortzen. Ahal Dugu-k herritarren erreskateari buruz programan zeraman lehen puntua presidenteordetza sortzea zen. Bigarrena, oinarrizko errentaren legearena. Gobernuak konpromisoa hartu zuen legea urtarrilean aurkezteko, eta hor ere emango dugu maila.

Oposizioak dio identitate arloan baino ez dela aldaketarik izan, orain arte.

Badira konpontzea kostatuko zaigun premiazko hainbat gai. Jendeak ulertu behar du aldaketa sakona dela, ez dela nahikoa klase politikoa aldatzea, eta badirela hainbat botere faktiko, berehalako ekintzak galarazten dituztenak. Aurrekontuetan %9,23ko hazkundea izan da eskubide sozialetan. Ez da nahikoa, baina argi zehazten du joera.

Hezkuntzako lan eskaintza publikoak arrakalak ireki ditu aldaketaren aldeko blokean. Zein da zure iritzia?

Eskaintza prentsaren bidez jakiteak harritu gintuen, pentsatzen baikenuen aurrez prozesu baten bitartez gauzak ongi azaldu izan balira arrazoizkoa izaten ahal zela. Guk ikaragarri maite dugu euskara. Baina gertaerak nola izan diren ikusita, gure babes taldeek zalantzan jarri dute eskaintza, arrazoi teknikoengatik. Gure apustua gaztelaniazko lanpostuak ugaritzearen aldekoa da orain ere, pixka bat orekatu dadin.

Zer eragin izan dezake talka horrek gobernuaren geroan?

Beti izango dira tentsiozko negoziazioak, eta uste dut normala dela tentsioak izatea. Ahal Dugu-k badu bertute bat horri dagokionez; izan ere, ez dugu zer galdu. Inorekin zorrik ez izateak, hona garbi etortzeak exijenteago izateko aukera ematen digu. Halere, guk aldaketaren gobernua nahi dugu, eta UPNri ez diogu inoiz itzultzen utziko.

Espainiako hauteskundeei dagokienez, espero al zenuen Ahal Dugu-k Nafarroan lortutako bigarren ordezkaria?

Egia esanda, ez, ez nuen espero. Oso albiste ona izan zen, baina, aldi berean eta maila pertsonalean, emaitza orokorrek ez ninduten erabat gogobete. Batetik, asko maite dudan eta asko balio duen kide bat galdu nuelako, Eduardo Santos, eta, bestetik, 3-2koa izan zelako emaitza, eta UPNk, PPk eta PSNk irabazi zutelako. Aldaketaren indarrek irabaztea, hori nahiko nukeen.

Emaitza onak jaso ditu Ahal Dugu-k, bai foru hauteskundeetan eta bai Espainiakoetan. Bertan geratzeko etorri zarete?

Bai. Gutako bakoitza prozesu irekietan izan da aukeratua. Gure parlamentu taldetik mota guztietako aktibistak pasatuko dira, eta lurralde honen edozein txokotan urratutako eskubideak defendatzera etorriko dira. Gure taldean haur hezitzaile bat dago, berdintasun teknikari bat, gizarte langile bat, sindikalista bat, udaltzain bat.... Gure asmoa da jendea hona etortzea, kalean defendatzen duena defendatzea. Alde horretatik, bai, bertan geratzeko gatoz.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!