Lurrari hozka egiten diotenak

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko urt. 15a, 04:25

Leherketak, kamioien joan-etorri etengabea, hautsa, paisaiaren nahiz ondarearen suntsitzea, kalteak etxebizitzetan, faunaren desagertzea... Ustezko garapen ekonomikoaren izenean, anitz dira meategi eta harrobi handiek inguruko lurretan eragiten dituzten kalteak. Erdiz, Alkerdi eta Zilbetiko kasuak hedabideetako lerroburuetan agertu dira azken hilabeteetan, ustiatze proiektu horiek piztutako oposizio irmoari esker, batez ere. Baina ez dira bakarrak, inondik ere.

Minerala ustiatzeko proiektu handienei buruzko txostena argitaratu zuen iaz Sustrai Erakuntza fundazioak, 2014an eginiko topaketa batean oinarrituta. Iragan abenduan eguneratu zuten azkenekoz, Zangoza eta Urdazubiko kasuak ere aipatzeko. Honako hauek dira Nafarroako lurrak zuloz eta orbainez bete dituzten proiektu handienak edo polemika mikatzena eragin dutenak.

OSKIAKO HARROBIA

Arakil ibarrari eta Itza zendeari eragiten die Bizkaia mendian dagoen harrobi honek. 1987an hasi ziren Oskiatik kareharria ateratzen, eta harrobia, ofizialki, 2004an itxi zuten arren, "errestaurazio" plan bat aurkeztu zuen Canteras Oskia enpresak. Atondoko kontzejuak bertan behera utzi zuen egitasmoa, enpresak ez zuelako ingurumenaren gaineko eraginari buruzko planik aurkeztu. 2010ean, berriz, proiektu berria aurkeztu zuten. Hiru milioi metro koadro lur erauzteko asmoa aipatzen dute bertan, eta "itzalpeko ustiaketa plan bat" dela uste du Sustraik.

Proiektuaren kontra dauden erakundeek —Atondoko kontzejuak, Arakilgo Udalak eta Itza Zendeako Udalak— erabili dituzte jada bide judizial guztiak. Nafarroako Gobernuak, gainera, lur komunal guztiak desjabetu ditu. Beste aukerarik ezean, jarraipen batzorde bat osatu dute inplikatutako eragile guztiek, planaren garapenean irregulartasunik ez dagoela zaintzeko.

ALDAZKO HARROBIA

Aspaldi erabili gabeko marmol harrobi zahar bat da Aldazkoa. Horgobisa enpresak hamabost urterako kontratua sinatu zuen 2006an herriko kontzejuarekin, han gelditzen ziren hondakinak erretiratu eta erabiltzeko. Hondarrak, ordea, berehala bukatu ziren, eta ustiatzeko era berriak aztertu zituen Horgobisak.

Larraungo Kalaxka taldeak salatu zuenez, irregulartasun ugari gertatu dira prozesu osoan, eta Sustrai Erakuntza fundazioak ere "kontrolik eza" nabarmentzen du bere txostenean: "Ez zen neurririk hartu harrobitik ateratako material kopurua mugatzeko, ezta ingurumenaren egoera neurtzeko ere". Lehergailuak erabiltzen hasteko nahia agertu zuen enpresak, gainera, eta Larraungo Udalak baimentzen ez zuenez, araudia aldatzeko presioa egin zuen. Azkenean, azpilan horrek guztiak fruitua eman zuen, eta, iaz, udal plana moldatu zuten. Gaur egun, legezkoa da harrobian lehergailuak erabiltzea, eta, enpresak oraingoz urratsik egin ez duen arren, kezka agertu dute bizilagunen elkarteek eta talde ekologistek.

ALKERDIKO HARROBIA

Urdazubikoa da, seguruenik, Nafarroan kalapita handiena sortu duen ustiatze proiektua, harrobiko lanek ez baitiote paisaiari soilik eragin. Handik 500 metrora dauden Alkerdi, Zelaieta, Ikaburu eta Berroberriko haitzuloek gordetzen duten ondare historikoak pairatu ditu ustiatze lanek eragindako kalterik handienak.

2014ko uztailaren 15ean, Zelaieta III leizezuloko sabaia erori egin zen, Alkerdin baimenik gabe eginiko leherketa baten ondorioz. Leherketaren hedatze uhinak, gainera, kalteak eragin zituen inguruko baserrietan, auzoetan eta Ikaburuko haitzuloetan. SOS Alkerdi plataformak gertatutakoaren ardura egotzi zien Marmoles del Baztan enpresari eta Nafarroako Gobernuari. Izan ere, 2013an, harrobiaren ustiatze ituna luzatu zuen Yolanda Barcinaren gobernuak, eta urtean 24.000 kilo lehergailu erabiltzeko baimena eman zion enpresari —ordura arte 150 kilo erabiltzeko baimena zuen—.

Urdazubiko udal planak eta Kultura Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak, baina, espresuki debekatzen dute inguruan lehergailuak erabiltzea, balio kultural eta arkeologiko itzeleko leizea baita Alkerdikoa. Izan ere, hango paretetan daude Nafarroako irarlan paleolitiko bakarrak. Hortaz, harrobiko lanak geldirik daude oraingoz, baina enpresa Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen ari da, debekua ken dezan.

ZILBETIKO PROIEKTUA

Aldude mendia zaintza bereziko eremu izendatu zuen Nafarroako Gobernuak 2005ean, eta Natura 2000 sarean ere sartu zuten eskualde osoa. Handik bi urtera, baina, Magna Magnesitas de Navarra enpresak iragarri zuen harrobi bat irekitzeko asmoa zuela Zilbetin. Nafarroako Gobernuak, UPNren esku, ez zuen kontrako iritzirik eman, eta berehala onetsi zuen egitasmoa, Natura 2000 sarearen helburuekin bateraezina izan arren.

2011n, hitzetatik ekintzetara pasatu zen Magna: Eguberri garaian, oporrak profitatuta, Antzeriko hainbat pago botatzen hasi zen baimenik gabe. Alduide Mendia koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkarteak auzitara jo zuten, eta proiektua geldiaraztea lortu zuten. Iazko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien talde ekologistei, eta bertan behera utzi zuen egitasmoa.

ZANGOZAKO PROIEKTUA

Orain mahai gainean dagoen meatze proiektu handiena da Geoalcali enpresak Zangoza eta Zaragoza (Espainia) artean eraiki nahi duena. Talde ekologisten aburuz, gainera, kutsagarriena ere izanen da, inoiz gauzatzen bada: urtean 6.300 milioi tona potasa aterako lirateke, 512 kamioi ibiliko lirateke joan-etorri etengabean egunero, eta 800.000 metro koadro ur erabiliko lirateke urtean —17.000 biztanleko hiri batek kontsumitzen duen kopuru bertsua—. Handik metro gutxira, gainera, Esako urtegia dago, eta horrek arazo ugari eraginen dituela uste dute Zangozako oposizioko taldeek; besteak beste, sismikotasunaren handitzea edota uraren kutsatzea.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!