Lehen aldiz kontseilariarekin

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko urt. 8a, 01:30

Lehendabiziko aldiz kontseilariarekin. Biarnoko FIEP talde ekologistako arduradun Gerard Caussimontek bilera egin zuen, abenduaren 23an, Iruñean, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko buru Isabel Elizalderekin. Pirinioetako mendebaldeko hartzen populazioaren egoera larria izan zuten mintzagai nagusi. Gobernuak oraindik ere ez du auzi horri buruzko erabakirik hartu. "Gaia lantzen ari gara Aragoirekin eta gainerako herriekin", azaldu zuten departamentutik, abenduaren 23ko bilera hori amaitu eta gero.

Bilera egin izana urrats bat dela nabarmendu du Caussimontek, hala ere. Izan ere, azken hamar urteotan, hainbat aldiz saiatu dira garaian garaiko Ingurumen kontseilariekin bilera egiten, baina ezezko erantzuna jaso dute beti FIEPeko kideek. "Gehienez ere, arloko zuzendari nagusiarekin hitz egin ahal izan dugu; erabakitzeko eskumenik ez zuten pertsonekin, betiere".

Pirinioetako mendebaldeko azken bi hartzek, ordea, mendilerroko alde bateko eta bertzeko agintarien arteko elkarlana behar dutela argi utzi du Caussimontek. Bi bertzerik ez daude, eta biak dira arrak: Nere eta Cannellito.

Mendiak ez du mugarik haientzat, eta, horregatik, hain zuzen ere, administrazio guztien konpromisoa behar dutela nabarmendu du FIEPeko kideak. Ildo horretan, ontzat eman ditu Aragoiko eta Nafarroako ordezkariekin izandako solasaldiak, bai eta gaiari heltzeko erakutsi duten borondatea ere. Frantziako Ekologia Ministerioko arduradunekin ere egin dute bilera FIEPeko kideek. "Administrazioen arteko elkarlana funtsezkoa da hartza Pirinioetako mendebaldetik ez desagertzeko".

Gerard Caussimontek 25 urte zituen FIEP taldearekin bat egin zuenean. Orain 63 ditu. Mendebaldeko populazioaren gainbeheraren lekuko izan da. Egungo egoerak biziki mintzen du.

Cannellito-k eta Nere-k aurtengo udazken epela aprobetxatu dute, eta, negua hasi bada ere, ezkurrak jaten ari dira, oraindik ere. 1.700 metrotik gora baino ez da egon elurra orain arte, eta horrek izan du eragina hartzen jardueran. Aurrera jarraitzen dute bi arrek, baina hartzaren dinamika, mendebaldean, heriotzaren dinamika da. Horixe nabarmendu du Caussimontek, saminez. "Ez dut erranen lanean aritu garen urteotan guztietan deus ez dugula lortu; lortu dugu bioaniztasunaren alde urratsak egitea; baina hartzaren etorkizuna beltza da".

Ehiztarien esku

Oraingo egoeraren erantzule ehiza da, neurri handi batean. Cannellito-ren ama Cannelle zen, Pirinioetako azken hartz arre emea; ehiztari batek hil zuen, 2004ko azaroaren 1ean. Ehiztariak erran zuen bere burua babesteko egin zuela tiro. Ehiztariak bazekien hartza eta haren kumea inguruan zirela. Uxaldia hasi baino lehen jaso zuten ehiztari guztiek abisua. Eta, hala eta guztiz ere, egitea erabaki zuten. Cannelle ez zen bizirik atera. Bakarrik gelditu zen Cannellito, haren hamar hilabeteko kumea.

Hamar urte lehenago, 1994. urtean, Claude hartz emea hil zuen bertze ehiztari batek. Isileko ehiztaria zen hura. Ezin izan zuten inoiz identifikatu, eta Claude-ren hilketa, ondorioz, zigorrik gabe gelditu zen. Inork ez zuen ordaindu.

Emerik gabe, denboraren aurkako borroka da FIEP taldeko kideak Pirinioetako mendebaldeko eremuan hartzaren alde egiten ari direna. Populazioa sendotzea da aukera bakarra. Eta halaxe azaldu zien Caussimontek Nafarroako Ingurumen kontseilari Isabel Elizalderi eta Ingurumen Departamentuko Bioaniztasun Zerbitzuko buru Enrique Erasori. Azken horrek ere parte hartu zuen abenduan egindako bileran.

Pirinioetako hartzen, ekosistemen eta herritarren aldeko taldea da FIEP. Eta argi du Caussimontek, hain zuzen ere, hartzaren eta gizakien patua, espazio horretan, estuki lotuta daudela. "Hartzaren alde egitea bertan bizi direnen alde egitea ere bada", nabarmendu du.

Turismoaren adibidea jarri du mahai gainean, bertzeak bertze. Asturiasen (Espainia) eta Katalunian hartzak gero eta bisitari gehiago erakartzen dituela nabarmena dela azaldu du Caussimontek. Italian ere, Abruzzoko parkean, turismoak nabarmen egin du gora, hartza han dagoelako, Caussimontek gaineratu duenez.

FIEPeko kideak prest agertu dira Nafarroako, Aragoiko eta Biarnoko herritarren arteko topaketak antolatu, eta turismoaren eta bertzelakoen inguruko jardunaldiak prestatzeko. Elkarlanaren alde egin du Caussimontek, eta argi eta garbi erran du hartzaren etorkizuna dagoela jokoan. Pirinioetako herritarrena ere bai, ondorioz, neurri handi batean. "Denak bat gara". Hartza salbatu nahi du. Denbora irabazi Nere eta Cannellito-rentzat.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!