Pirinioetan bizi eta lan egin nahi dutelako

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko abe. 11a, 04:10

Pirinioak aisialdirako espazio bat dira nafar anitzentzat. Asteburuetan edo oporretan bisitatu beharreko toki bat. Harat joan, eta handik itzultzeko ingurua. Pirinioetako herrietako biztanle anitzek ere egin dute handik hiriburura joateko urratsa. Iruñean aurkitu dute lana, eta hirian gelditu dira, herriak hustuz. "Neguak gogorrak dira, bai; komunikazioa txarra eta zerbitzuak eskasak. Baina ez dira horiek gure arazo nagusiak: gutxi garela, hori da kontua"

Horixe nabarmendu du Koldo Villalbak. Pirinioak ez dira aisialdirako gune harentzat; lantoki eta bizitoki ditu. Hori da egin duen apustua. Ez da bakarra. Aezkoa, Erroibar, Auritz, Luzaide eta Artzibarko herritarrek Pirinioetan Lan eta Bizi egitasmoan egin dute bat, eta mezu hori zabaltzeko jardunaldiak egin zituzten asteburuan.

Pirinioetako herrietan lan egin eta bizi diren hainbat eragilerekin mahai ingurua antolatu zuten, larunbatean. Villalbak hartu zuen parte. Orbaizetan bizi da, familiarekin. Ez da tokikoa bertakoa, ordea. "Bikotekidea eta biok iruindarrak gara; baina duela hamalau urte honat etortzea erabaki genuen, gustuko bizimoduaren bila".

Pirinioetako herritar anitzek azken urteetan egindako bidaiaren alderantzizkoa egin zuten, eta Orbaizetan maite duen hori lanbide bilakatzea lortu du Villalbak. Itari Natura enpresa sortu zuen, duela bost urte; bertzeen aisialdi bilakatu du bere lan esparru. "Bisita gidatuak egiten ditugu, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez". Iratiko basoa du Villalbak lantoki nagusi, eta Kataluniakoak, Madrilgoak eta Valentziakoak ditu bezeroak, batez ere. Euskal Herritik ere gero eta jende gehiagok jotzen du Itari Naturako arduradunarengana. "Hemengo jendeak uste du Irati ezagutzen duela, eta ez duela gidaririk behar. Baina guk basoa ikusteko beste modu bat eskaintzen dugu; landareei, animaliek utzitako arrastoei eta harriei ere egiten diegu so".

Pirinioak tokiko naturarekin lotzen dira, nagusiki, eta ezaugarri hori baliatu du Villalbak. Pirinioak basoak baino gehiago direla argi du, hala ere. Orbaizetan bizi da, eta halako herri bateko egunerokoak ezaugarri propioak dituela nabarmendu du. "Hemen ez dugu dendarik. Taberna bat bada, eta kultur elkartea ere sortu dugu. Hemen hori gertatzen da, tokiko jendeak hartu behar duela gauzak egiteko ardura; bertzela ez dugu deus".

Aezkoako Batzar Nagusian gertatzen dena jarri du horren adibide. "Hauteskundeak ditugu laster, eta berriz ere aurkeztea erabaki dut, inork ez duelako batzarreko kide izan nahi. Inplikazio gutxi dago. Iruñean segur aski gauza bera gertatuko da, baina jende gehiago bizi denez han, ez da deus gertatzen".

Zailtasunak zailtasun, Orbaizetan bizi nahi duela argi du Villalbak. "Hemen gustuko dudana egiteko aukera dudalako". Pili Fagoagak ere horixe du Pirinioetan. Aurizberrin jaioa da, eta herri hori du bizitoki eta lantoki. "Pirinioak turismoarekin lotzen ohi dira, baina ez da hori hemengo jarduera bakarra. Bada bertzerik". Zerbitzuen arloan aurkitu du Fagoagak bizimodua ateratzeko esparrua, hain zuzen ere.

Orbaizetako herrikide Irene Morenorekin jarri du abian Eskutik, zaharrak laguntzeko zerbitzua. "Zaharrak etxean artatzeko zerbitzuan aritu izan naiz ni lanean. Orduan konturatu nintzen zegoen beharraz". Garalur erakundeko teknikarien laguntzarekin bideragarritasunari buruzko ikerketa egin zuten, eta Fagoagaren usteak berretsi egin zituzten. "Badugu lanerako esparrua".

Fagoagak eta Morenok herritarrak eskualdean batetik bertzera mugitzeko zerbitzua eskaintzen dute. "Bankura, medikuarengana edo erosketak egitera laguntzen ditugu". Zaharren ardura duten zaintzaileen zama arintzeko ere egiten dute lan. Gainera, urtebetetze bestak eta gisakoak antolatzen dituzte, "jendeak elkartzeko aukera izateko".

Udalbiltzaren 6.000 euroko diru laguntza jaso eta gero, buru-belarri murgildu ziren Fagoaga eta Moreno haien proiektuan. Irailetik ari dira betean lanean. Kontent dago Fagoaga, herritik ez baitu kanpora atera nahi lanera. "Nahiago dut gutxiago irabazi eta herrian gelditu". Hamalau urterekin Iruñera joan behar izan zuen ikasketak amaitzera, eta 22 zituenean itzuli zen herrira. "Beti izan dut hemen lan egiteko aukera". Bertzelakoa zen Morenoren egoera. "Langabezian zegoen Eskutik sortzeko aukera sortu zenean". Fagoagak argi du inor ez dela Pirinioetako herrietara joanen inbertsioak egitera. "Administrazioa ez da gurekin oroitzen; ez urruti gaudelako, edo errepideak txarrak direlako; gutxi garelako baizik. Guk bilatu behar dugu gure bizimodua ateratzeko behar duguna".

Laurentxi, 1999tik

Fagoaga era askotako jarduerez ari da; ez bakarrik lanaz. Bertze edozein tokitan bezala, Pirinioetan ere lana ez baita dena. Horixe ongi dakite hango emakumeek. Ibar bakoitzean bazen emakume talde bat, eta 1999an, Laurentxi elkartean bat egitea erabaki zuten. Kulturarekin eta kirolarekin lotutako ekitaldiak antolatzen dituzte, genero ikuspuntua nabarmenduz, betiere. Urtero, gainera, topaketa egiten dute Pirinioetako emakumeek, erronka berriak mahai gainean jartzeko, errateko dutena zabaltzeko. "2016an Laurentxik prestatuko du topaketa", erran du Elena Jimenez kideak.

Bizkarreta-Gerendiaingoa da Jimenez, eta han bizi da. Lan, berriz, Garraldan egiten du. Villalbak eta Fagoagak bezala, Pirinioetako herrietako populazioaren tamaina jo du arazo nagusi. "Gutxi gara, eta horrek esparru guztietan badu eragina". Laurentxi elkarteko kideek sumatzen dute eragin hori. "Administrazioaren tokia betetzen dugu guk, neurri handi batean; berdintasun teknikaririk, adibidez, ez da hemengo herrietan; anitzetan herritarrek guregana jotzen dute zuzenean".

Administrazioaren babes horren falta agerikoa dela argi utzi du Jimenezek. "Aisialdia eta kultura ez dira lehentasuna". Herritarrei esker, hala ere, gauza anitz egiten dituztela nabarmendu du. "Eta herriz herri egiten dugun horren berri eman beharko genuke". Pirinioetan lan eta bizi direnen uzta baita.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!