Oasi txiki bat ikusten hasi da Nafarroako euskalgintza azkenaldiko basamortu beltzean. Helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko entitate juridikoak izango dira onuradunak kasu honetan, Euskarabideak 131.867 euroko diru saila jarriko baitu 2015eko urritik abendura egingo diren ikastaroetarako. Pozik hartu dute berria Kontseiluak, AEK-k eta IKAk, baina datorren urteko aurrekontuen zirriborroak hareaz bete du berriz ere oasia. "Euskararen egoera benetan hobetuko duen diru sailik ez dugu ikusten. Gainera, Euskararen Legea aldatu ezean, emango diren pauso gehienak lokatz arteko urratsak izango dira". Halaxe baieztatu du Xabi Gartzia Nafarroako AEK-ko arduradunak.
2012ko urritik hutsaren hurrena izan da euskaltegiek eta gau eskolek jasotako diru laguntza, aurrekontuetan 245.000 euroko diru saila onartu arren. Hori dela eta, ikasleek matrikuletan bere gain hartu behar izan dute gobernuak egin ez duen ahalegina. Ikasleek 2 euro ordaintzen badute orduko, gobernuak ematen zuenarekin pertsona eta orduko 0,5 euro lortzen zen; ikasleek ordaintzen dutenaren laurdena. "Horrek ez dauka izenik". Irakasleen soldata eta lan baldintzak ere kaskartzen joan dira.
Gobernu berriarekin amets berriak sortu ziren berehala. Akordio programatikoan bertan estrategikotzat hartzen da helduak euskalduntzen eta alfabetatzen dituen sektorea, eta jasota dago presazko kontua dela diru sail bat zehaztea. Azkenean, iritsi da lehenengo berria. Ia 132.000 euro izango dituzte urteko azken hiruhilekorako. "Berri ona da; behingoagatik norbait gutaz gogoratu da, baina ezin gara hemen gelditu. Urtarriletik aurrera Euskarabidearekin bildu eta plangintza bat osatzea da gure lehentasuna", ohartarazi du Gartziak.
Iritzi berekoa da Sagrario Aleman, IKAko arduraduna. "Euskararekiko zorra hor dago, baina ez da zor ekonomikoa bakarrik. Uste dugu administrazioari ahalegin berezia egitea tokatzen zaiola, ez baitu ezertarako balio sektore estrategikoa garela esateak, gero ez bada ezer egiten. Hitzarmen iraunkorrak lortu nahiko genituzke". Foru gobernuak hasi berri duen bideari argi-ilunak ikusten dizkio Nafarroako euskalgintzak, ordea. Hiru zutabe aipatu ditu Iñaki Lasa Kontseiluko kideak: corpus juridikoa, baliabideak eta plangintza.
Euskararen Legea dago lehendabiziko zakuan: "Jakin badakigu lege hori berez badela baztertzailea, eta hori aldatu gabe dekretu bidezko erreformak beti izango dira hanka motzak, Euskararen Legeak oinarria eskaintzen baitio gainerako arkitektura juridikoari". Hortik aurrekontuetara jauzi egin du Lasak. "Lehendabiziko zutabea etsigarria bada, bigarrena are etsigarriagoa da. Aldaketaren gobernu honek beste hizkuntza politika bat egin nahi duela dio, baina aurrekontuen egitura eta diru sailak errepikatzen dira. Zenbakiak ere ez dira beste munduko ezer. UPNk sina zitzakeen aurrekontu hauek".
Are gehiago, krisi garai bete-betean, UPNk 394.000 euro jarri zituen arlo horretarako. "2016an aldaketaren gobernuak 300.000 euro esleitzen ditu, duela bost urte baino 100.000 gutxiago. Hori onartezina eta iraingarria da", salatu du Lasak. Halaber, ohartarazi du lehen aurrekontu osoaren %0,07 izaten zela euskalgintzarako, eta gobernu berriak %0,1 egingo duela. Hizkuntzaren normalizaziorako zifra egokia %2an kokatzen du Kontseiluak. "Euskalgintzak pairatu behar duen prekaritatea ezin izango da gainditu aurrekontu hauekin".
Alemanek eta Gartziak ere beldurrez begiratzen diote aurrekontuaren zirriborroari. IKAko arduradunak uste du hasteko diru sail hori onar daitekeela, baina hurrengo urteetan igotzen joatea ezinbestekoa dela. "Nafar guztiek euskara dohainik ikasteko eskubidea dute, baina hori erdiestetik urrunegi gaude. Gainera, ezin dira nafar batzuk baztertu bizi diren tokiagatik, eta hori lortzen du oraingo Euskararen Legeak". Gartziak segitu du: "Aldaketa dakartela diote, baina aurrekontuak ikusi ditugunean ohartu gara aurreko gobernuaren antzekoak direla. Aldaketa aurrekontuetan ere nabaritu behar da, eta oraindik ez dugu hori ikusi".
Diru gabe, plangintzarik ez
Kontseiluko kideak hirugarren zutabearekin lotu ditu diru sailak. Lasak gogorarazi duenez, Nafarroan ez da sekula politika planifikaturik egin administrazioa —Osasunbidea, Foruzaingoa eta abar— euskalduntzeko, eta 2016ko aurrekontuetan ere ez da "zentimorik ere aurreikusten" sail horietarako. "Akordio programatikoan dago zirkuituak eraikiko dituztela, baina ez dago diru sailik aurreikusita zirkuitu horientzat. Argi esan behar dugu hau ez dela aldaketa euskararentzat. Diru horiekin ezin da plangintzarik abiatu; ikusiko dugu zer gertatzen den euskaltegiekin".
Lasaren aburuz, berriz, "txalogarria" da gobernuak lehenbailehen zerbait emateko egin duen ahalegina, baina abendutik aurrerakoa ilun ikusten du. "Ez dakit ez ote dugun geure burua berriz kalean ikusten. UPNk Euskararen Legea ez aldatzeagatik eta aurrekontu eskasak aurkezteagatik protestatzera ateratzen ginen. Oraingo administrazioak bide beretik jarraituz gero, ez gara etxean ezer egin gabe geratuko".
Gartziak jakinarazi du Euskarabidearekin harremana lortzeak itxaropena sortu diela, azken urteetan modu erabat paraleloan lan egin baitute. Alemanek ere argiren bat ikusten du tunelean, baina uste du zuhurtziaz jokatu behar dela. "Badirudi beraiek ere badakitela diru hori gutxi dela, baina espero dugu norabide egokian aurrera egitea, epe luzerako plangintza bat eginez. Gobernu aldaketagatik bakarrik ez da gure herria euskaldunduko, eta guk ere lanean jarraitu behar dugu, euskara irakasten, erabiltzen eta ikasten. Gure egitekoak berdin segitzen du".
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.