Kepa Fernandez de Larrinoa: “Nora goaz? ‘Homo sapiens’-aren geroa ez dago batere argi”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko aza. 20a, 04:00

Cómo hablar de evolución a los niños. Izen hori jarri dio bere azken liburuari Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak (Bilbo, 1958). Izenburuak ongi islatzen du liburuaren asmo didaktikoa. Baina badu kontzientzia pizteko asmoa ere. Izan ere, dioenez, gizakia "pikutara" ari da bidaltzen Lurra, munduaren eta espeziearen beraren "etorkizuna kolokan" jartzeraino.

Argitu beharra dago: ez da umeentzako liburua, helduentzakoa baizik.

Bai, Nerea argitaletxeak badu halako lerro bat, azaltzen duena umeei nola erakutsi hau edo bestea. Niri, antropologoa naizen aldetik, giza eboluzioari buruz zerbait idaztea proposatu zidaten, perspektiba eta formatu horretan. Eskatu zidatenean ume txikiak nituen, eta, beraz, haiek gogoan edukita erabaki nuen idaztea. Beraz, helduentzako liburua da, helduek eskoletan edo etxean giza eboluzioari buruzko gaiak azaldu ditzaten.

Umeei zaila egiten zaie gaia ulertzea?

Bai. Kontua da gauza hauek beti ari direla aldatzen. Zeozer badakigu giza eboluzioari buruz, baina, aztarna berrien arabera, teoria berriak agertzen dira beti. Oso aldakorrak dira teoria horiek, oso espekulatiboak, eta, beraz, etengabe aldatuz doa kontua, ez dago gauza finkorik. Kontuan hartu behar da eboluzioak, pentsamendu edo teoria gisa, 100 edo 150 urte baino ez dituela. Gauza berria da: industrializazioaren eraginez agertu zen Europan kontzientzia hori. Badu oztopo kognitibo handi bat ere, batez ere hemen, Mendebaldean: uste dugu jainkoak sortutako pertsonak garela, eta eboluzioak horri buelta ematen dio. Aztarnen harira ere, tirabirak izaten dira adituen artean, baina noizean behin adosten da hau edo bestea, eta halakoetan adostutako teoria horiek aurrera egiten dute.

Zein izaten da akats handiena umeei eboluzioaz hitz egitean?

Uste dut transmisioaren problemarik handiena dela espezie gisa nora goazen planteatzea. Liburua galdera horretan pentsatuz egin nuen: nora goaz? Homo sapiens-aren geroa ez dago batere argi. Eboluzioak erakusten du klima aldaketa handiak izan direla, eta gure bilakaera neurri handi batean sistema ekologiko ezberdinetan suertatu dela, eta sistema ekologiko horiek tankeratu dira klima aldaketa horien arabera. Gaur egun, klima aldaketa batean gaude, datuek hala diote. Gu, bestalde, Homo sapiens-ak, Homo espeziearen azkenak gara, dirauen bakarra. Pentsatzen jartzen baldin bagara beste Homo espezie batzuk zer egin duten, konturatzen gara guk bakarrik 40.000 edo 50.000 urte dauzkagula, eta Homo neanderthalensis-ak, esate baterako, 200.000 edo 300.000 urte izan zituen. Gu huskeria gara horren aldean, eta huskeria handiagoa beste espezie askoren ondoan. Kontua da noraino ari garen Lurra planetako sistema hau hausten, zikintzen, aldarazten eta gure habia deuseztatzen. Eta, beraz, kontua da desagertuko ote garen edo aitzina segitzeko behar ote dugun beste espazio bat lortu. Hor ikusten dut nik liburuaren funtsa. Gurasoek, eta guk gizarte gisa, lehenbizi pentsatu behar dugu nora daramagun mundu hau, historian oinarrituta, kontziente izan gaitezen gure mundua eta gure etorkizuna kolokan jartzen ari garela.

Liburuak badu, beraz, kontzientzian eragiteko asmoa.

Bai, ez dago berez horrela esanda, baina liburua irakurrita horrela agertzen da, bai.

Zein da bidea halako gai bat umeen intereseko bihurtzeko?

Liburuak, atzealdean, unitate didaktikoak ditu. Hor badira Youtubeko bideoak, dokumentaletako puskak, baita Burgosko Giza Eboluzioaren Museoaren unitateak eta ariketak, eta Espainiako Hezkuntza Ministerioarenak. Horien berri ematen da, helbide elektronikoak proposatuz. Beraz, eduki horiek bisualki hobeto barneratzen dira. Baina nik ez dut nahi izan liburua entretenigarria izatea. Ikuskizunaren gizartean bizi gara, eta gauzak erakusteko teknika behar izaten da. Museo batean teknikaren bidez ikusten ditugu gauzak. Baina museotik ateratzerakoan teknologiaren magiarekin geratzen gara, horrek harritzen gaitu. Nik ez nuen hori egin nahi. Uste dut badagoela eduki bat, eta edukia jakinarazi behar dela modu atsegin batez, eta gozatuz, baina entretenimendu hutsean erori gabe. Entretenimenduak bidea behar du izan, helburua bainoago. Nik edukiari eman diot garrantzia. Gero, hori hobeto ikusteko eta kontatzeko materialak daude.

200 bat galdera-erantzunekin osatu duzu liburua. Umeen galderak dira, ala norenak?

Ez dut uste umeek halako galderarik egiten dutenik; agian, gurasoek ere ez. Nik galderen bitartez liburuaren egitura markatu nahi izan dut. Galdera horien erantzunek osatzen dute testua. Nik jakinarazi nahi izan dut giza eboluzioa zori kontu bat dela, kasualitatea. Normalean, hemen Mendebaldean, kausa-efektu harremanean pentsatzen dugu. Baina atzera begira jarrita baino ez dugu logika hori erabiltzen, aurrera begira ez dago hori egiterik, etorriko denaren inguruan erantzunak ugari direlako. Historia orainalditik iraganera begira jarritako ordena bat da, baina ordena hori bat edo bestea izan daiteke. Hautaketa bat egiten dugu gauzak azaltzeko. Baina hori da guk inposatzen dugun ordena; berez, historia ez dator ordenatuta.

Zergatik da inportantea umeek giza eboluzioa ezagutzea?

Gu izakiak gara, animaliak, pentsatzen dugu bai, baina biologikoak gara, besteak bezalaxe. Besteek ere kognizioa daukate, eta pentsatzen dute, baina modu ezberdinean, gure pentsamendua askozaz garatuagoa dago eta. Horrek eragina du ingurumenarekiko harremanean. Oro har, Homo-a abilagoa da ingurumenarekin harremanetan jartzeko, informazioa modu konplexuagoan jaso eta filtratzen duelako. Baina ez gaude naturatik kanpo. Mendebaldean, normalean, geure burua naturatik kanpo jartzen dugu natura bera kontrolatzeko. Gure pentsamenduaren arabera, gu nagusi gara, beste izakien eta naturaren gainetik gaude, eta kontrolatzen ditugu. Hori Mendebaldeko gauza bat da, eta industrializazio prozesuaren ondorioa da. Artikora edo Amazoniara bagoaz, natura oso indartsua den tokietan, hango gizakiak beste modu bateko jarrera eta harremana du naturarekin, bai sinbolikoa eta bai fisikoa. Beraz, nik uste dut horretara itzuli behar dugula. Lehen aipatu dugu noraino ekartzen ari garen planeta pikutara. Hori saihesteko, berriro behar dugu naturarekin hartu-eman hori, eta kontuan hartu behar dugu naturaren parte garela. Hori transmititu behar diegu gure seme alabei. Eta hori da, neurri handi batean, liburuaren atzean dagoen helburua. Alde horretatik, uste dut garrantzitsua dela hori eskolan eta familietan txertatzea.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!