Arrakalen gainetik, batasuna

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko aza. 13a, 01:00

Arrakalak ireki dira, baina osorik dirau oraindik aldaketaren pitxerrak Nafarroan. Jose Luis Mendoza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak aurkeztutako lan eskaintza publikoak talkak azalarazi ditu aldaketa sostengatzen duten alderdien artean: gogor salatu dute eskaintza Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, UPN, PP eta PSNrekin lerratuz. Kasualitateak hala nahi izan du: Espainiako Senaturako hautagaitza bateratua aurkeztu den astean bertan agertu dira, akaso orain arteko indar handienez, aldaketaren indarren arteko desadostasun politikoak.

Senaturako hautagaitzak, edonola, aldaketaren aldeko konpromisoari eta aldaketa hura bermatzeko ezinbestekoa den batasunari eusteko borondatea erakusten du. Arrakalak bai, beraz, baina baita horiek ixteko konpromisoa ere, nolabait.

Joan den ostiralean aurkeztu zuten Aldaketa izena duen hautagaitza, Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolaren egoitzan egindako ekitaldian. Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek bultzatua da: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak. Aurkeztuak dituzte senatari izateko hautagai izango direnak: Patxi Zamora (EH Bilduk proposatua), Ana Lujan (Geroa Baik) eta Iñaki Bernal (Ezkerra). "Nafarroako aldaketaren ahotsa Madrilen entzun dadila", horixe da beren buruari jarritako xedea, azaldu zutenez.

Berezia da Espainiako Senatua aukeratzeko modua. Nafarroari bost ordezkari dagozkio goi ganberan; horietatik lau hauteskundeetan hautatzen dituzte herritarrek, zerrenda bati ez, baizik eta senatari bakoitzari botoa emanez. Hautesle bakoitzak hiru boto eman ditzake, beste horrenbeste hautagairi. Bosgarren senataria Nafarroako Parlamentuak izendatzen du zuzenean: Ahal Duguko Idoia Villanueva da gaur egun.

Bada beste berezitasun bat, gainera: herritar bakoitzak hiru boto eman ditzakeenez, oro har, gehien bozkatutako zerrendak hiru senatari lortzen ditu, eta bigarrenak, bakar bat. Orain arte, Nafarroan, beti gertatu da horrela. Beraz, aurtengo kasuan, ezohiko egoera suerta daiteke, inkestek aurreikusten duten bezala, Aldaketa lehen indarra bada. Hautagaitza bateratuak hiru senatari lortuko lituzke, eta UPNk, bat. Horri gaur egungo senatari Idoia Villanueva gehituta, Nafarroako bost senatarietatik lau lirateke aldaketaren aldekoak.

Egoera erabat berria litzateke Nafarroan. 1977tik hona, UCDk, PSNk eta PPk zein UPNk —batzuetan elkarrekin, beste batzuetan nor bere aldetik— pilatu dituzte Nafarroak Madrilera bidalitako senatari guztiak. Salbuespen bakarra dago, baina aspaldikoa: 1977an Manuel Irujo EAJko kide historikoa izan zen hautatua, Fronte Autonomikoa zeritzonaren barruan. Ordutik, inor ez.

Senatura bai, Kongresura ez

Senatuan elkarrekin aurkezteko lortutako akordioa, ordea, ezin izango da Kongresurako zerrendetan errepikatu. Herritar talde batek ireki zuen horretarako bidea, aldaketaren aldeko hiritar hautagaitza bat proposatuz, eta alderdiei hura babestu zezatela eskatuz. Aldaketaren blokeko alderdiek proposamena aztertu zuten, eta negoziaziorako hainbat bilera ere egin zituzten, baina, azkenean, bideak ez zuen fruiturik eman. Alderdi bakoitzaren estrategia elektoral propioak, kasu horretan, pisu handiagoa izan zuen joan den maiatzean Nafarroan emandako aldaketa sendotzeko proposamenak baino. EH Bildu izan zen apustuaren alde sendoen jo zuen indarra, baina, azkenean, porrot egin zuen aukerak.

Hautagaitza bateratua bultzatzeko herritar taldeak Kongresurako ez bazen Senaturako behintzat aliantza osatzeko eskaria egin zieten alderdiei. Eta aurrera egin du azkenean bigarren aukera horrek. Iñaki Arzoz da talde horren partaideetako bat. Edozein galderari erantzun aurretik zehaztu nahi izan du bere izenean baino ez dituela egingo adierazpenak, taldeak ez baitu oraindik balorazio ofizialik egin. Berari, edonola, "ongi" iruditu zaio Senaturako adostutako batasuna, baina argi du ez dela zehatz-mehatz haiek eskatutako hautagaitza eredua: "Guk hiritar ereduko hautagaitza eskatzen genuen, herritarrek osatua, eta ez hainbeste lau alderdiren arteko akordio bat". Edonola, uste du "positiboa" dela hartutako erabakia.

Dioenez, "justizia poetikotik ere asko du" Senaturako aurkeztutako zerrenda bateratuak. "Ikusi dugu nola Kongresurako hain zaila eta kasik ezinezkoa zela esaten zitzaiguna bi aste hutsetan lortu den Senaturako. Horrek erakusten du borondate politikoa dagoenean nahiko erraza dela akordioak lortzea". Halere, hauteskundeetara elkarrekin aurkezteaz harago, beste urrats bat eskatu die alderdiei Arzozek, bere plataformak eskatu bezala. Hauteskundeen osteko akordioa galdegin diete, Nafarroako "interes komunak" defenda ditzaten, "Nafarroako aldaketaren aldeko diputatu zein senatarien jarrera irmoa izan dadin".

Ezagunak dira hautagaitzaren izena, irudia eta hautagaiak. Lehen indarra izanez gero, Patxi Zamora kazetari eta Kontuz elkarteko bozeramailea, Ana Lujan Tuterako Argia ikastolako zuzendari ohia eta Iñaki Bernal Berriozarko Ezkerrako zinegotzia izango dira Madrilen senatari. Horretarako, 5.025 sinadura eskuratu beharko dituzte astelehena baino lehen, hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko.

Programa, ordea, ez da oraindik ezaguna. Eta Arzozek dioenez, "pragmatismo" kontu batekin du lotura horrek: "Kasu honetan, helburu batean jarri dira ados, hain zuzen ere, UPN-PP blokeak ez dezan ordezkaritza zabalik atera. Hau da, eduki akordio bat baino, aldaketaren kontrako blokearen aurrean hartutako posizio bateratua izan da".

Hortaz, adosteke dago hautagaitzaren programa. Eta, hasiera batean, orain sortutako pitzadurek ez lukete horretan eraginik izan behar. Programa zehatzik gabe bada ere, hautagaiek aurreratu dituzte plataformaren balio nagusiak. Joan den ostiraleko ekitaldian, Zamorak laburbildu zuen batasunak hautagaitzari eransten dion balioa: "Elkarrekin lan egiten ikasi beharra dugu, elkarrekin ez garelako gehiago bakarrik, hobeak baizik".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!