Ezaguna da nerabe eta gazteen irakurketaren gaineko interes falta. Baina jakina izateak ez dio kezka kentzen Victor Moreno idazle eta kazetariari (Alesbes, 1951). Preferiría no leer (Pamiela) liburu berrian arakatu du arazoaren arrazoietan. Identifikatu ditu jatorri asko, baina, dioenez, ez du oraindik errezeta magikorik. "Kabinete bat" muntatuko luke bestela, "irakurleak ekoizteko".
"Irakurle izateko ez da nahikoa irakurtzen jakitea". Zer gehiago behar da, hortaz?
Jakinen banu, aspaldi muntatu izanen nuke kabinete bat, irakurleak seriean ekoizteko. Ez, benetan: inork ez daki. Pertsona bakoitza kasu ezberdina da. Ez dago irakurle bihurtzeko formula edo bide bakarra. Izan ere, irakurketaren esperientzia kontu indibidual eta zehatza da. Ondorio orokorrak ateratzea falazia litzateke, eta kaltegarria izango litzateke fenomenoa ulertzeko. Anitz dira irakurketarako bideak. Baldintza objektiboek badute eragina, noski, baina subjektiboak dira nagusi. Besteak beste, izaera, emozioa eta hizkuntza DNA; oso gutxi dakigu horri buruz.
Argi dago irakurketaren ontasunei buruzko diskurtsoak ez duela nerabeengan eraginik izan. Zergatik?
Diskurtso hori ez dagoelako enpirikoki baieztatzerik. Ba al da heldurik nerabeen aurrean aurkeztu eta "ikusten ari zaretena nik irakurritakoaren emaitza da" esango lukeenik? Itzela litzateke barre algara, norbaitek hori eginen balu. Inor ez da irakurritakoaren emaitza. Gainera, ontasun horiek ez dute nerabea erakarriko. Nerabe bati esatea irakurriz gero kritikoagoa, sortzaileagoa, pertsona hobea, demokratagoa, kosmopolitagoa, etikoago edota, are, solidarioagoa eta sexyagoa izango dela, gezur sorta bat osatzea baino ez da. Ez dira kontu frogagarriak.
Diozunez, irakurketaren efektu sendagarriei buruzko diskurtsoa zabaldu da azkenaldian.
Bai, irakurketaren efektuei buruzko diskurtsoak kategoria hori eskuratu du azken urteetan. Nolabaiteko farmakopea bilakatu da irakurketa, edozein gaixotasun edo gabezia existentzial zein intelektual sendatzeko gai dena. Edozein min arintzeko balio du irakurketak, osasunaren berme da. Bada Stevenson efektuaz, Agatha Christie efektuaz edo Cervantes efektuaz mintzo denik. Lehenengoa irakurtzen duena ez da sekula ustela izango, adrenalina etikoa jaso izango duelako; bigarrena irakurtzen duena pertsona enpatiko eta solidarioa izango da, nahiz eta nobela bakoitzeko hilketa gehien egin duen autorea irakurri; eta hirugarrena irakurtzen duena kosmopolita eta unibertsala izango da, nazionalismo eta independentismo erradikalen etsai —agian horregatik ez du inork irakurtzen Kixote—. Efektu horiek guztiak egiazkoak balira, tentelena litzateke ez irakurtzea.
Erlatibizatu beharko genituzke irakurketaren efektuak?
Nik ez dut ukatzen irakurtzeak efekturik sortzen ez duela. Diodana da ongi legokeela esaten duenak irakurtzen aldatu egiten dela pauso bat ematea eta esatea zer libururekin esperimentatu duen halakorik. Irakurketaren diskurtsoa subjektibizatzea da kontua, gizabanakoaren eraldaketarako balizko mekanismoak deskribatuz. Nik gaur-gaurkoz ez diot pederasta bati inoiz entzun pederasta denik Sadeko markesa irakurri duelako, eta ez diot entzun GKE batean sartu denari Teresa de Avila irakurri ostean sartu dela.
Irakurketaren irudi aspergarria zabaldu ohi da. Erreala al da?
Badira liburu astun eta aspergarriak, baina aspergarritasunaren kontzeptuak lotura du norberak irakurtzen duenean jartzen dituen helburuekin. Helburua dibertitzea bada, logikoa da ez irakurtzea Sanchez Ferlosioren artikulu bat edo Benjamin Jamesen nobela bat. Irakurketa tortura mota bat izan daiteke. Berdin idazterakoan. Literaturaz geroz eta gutxiago jakin, geroz eta aukera handiagoak irakurtzen aspertzeko. Baina norbera irakurlea denean, dakienean zer irakurle mota den, arraroa izango da aspertzea, ongi baitaki zer irakurri. Irakurtzea ekintza bakartia, autista, intimoa eta hausnarkaria da. Astuna? Aspergarria? Esan beharko da norbera zer liburu eta autorerekin aspertzen den. Liburu eta irakurle batek talka egiten dutenean, norena da errua?
Zer ardura du hezkuntza sistemak nerabeen irakurketarekiko interes faltan?
Hezkuntza sistemak ikasleen ulermen eta interpretatze gaitasuna ebaluatzeko bitarteko gisa landu du irakurketa, ez ongi pasatzeko helburu gisa. Ez da hitz egiten modu askean irakurritako liburuez. Hezkuntza sistemak tortura tresna bihurtu du irakurketa nerabe askorentzat. Eta egin lezakeen onena klasikoetaz ahaztea da. Hezkuntza sistemak ukitzen duen klasikoa gorrotatzen dute nerabeek.
Irakurketak gaur egungo gizarte azkarrarekin bat ez datozen balio eta uneak eskatzen ditu. Posiblea da hori?
Posiblea da, eta, gainera, hala beharko luke. Hezkuntza sistemak ez luke bakarrik ikaslearen irakurtze gaitasuna garatu beharko; irakurketa pertsonal eta partekaturako espazioak atondu beharko lituzke, ohiko parametroetatik urrun, non pertsona bakoitzak nahi duena irakurri ahal izango duen, galdetegi baten eraginik gabe. Irakurketa egin egiten da, ez da esaten. Hezkuntza sistemak irakurketa pertsonalerako praktikak eskaini beharko lituzke, isiltasunean, presarik gabe, trukean ezer eskatu gabe, presiorik gabe, azterketarik gabe. Era berean, besteekin partekatutako irakurketak ere bultzatu beharko lituzke, norberak irakurtzerakoan izandako emozioak adiera ditzan. Hau guztia posible ez den bitartean, ikaslea irakurketarekiko jarrera ezkorrarekin aterako da hezkuntza sistematik. Eta, gero, gizarteak egingo du gainontzekoa.
Esan ohi da irakurketak kontzientzia soziala eragiten duela, eta ezkerrera hurbildu. Egia al da hori?
Kontzientzia sozial bikaina izan daiteke sekula libururik irakurri gabe. Tradizioz, ezkerra beti izan da eskuina baino ezjakinagoa, kultura gutxiagokoa, eta askoz gutxiago irakurritakoa. Irakurtze hutsagatik inork ez du irakurtzen ez duenak baino kontzientzia sozial eta politiko handiagoa hartzen. Irakurtzeak ez du inor ezkerrekoa egiten. Are gehiago, gotzain asko irakurle sutsuak dira, eta jainkoari baino ez diote botorik ematen, eta jainkoa eskuinekoa da betidanik. Eta ez dezagun ahatz Federico Trillo fatxa Shakespeareren itzultzailea izandakoa dela. Halako jarrera konduktistekin egin dezakegun hoberena da pikutara bidaltzea, kakatara. Hori da haien leku naturala. Edozein gizarte klasetan edozein indibiduo izan daiteke sortzaile eta kritikoa.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.