Erika Salvatierra: “Argi izan behar dugu badirela emakume eta gizon izateko mila modu”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko urr. 30a, 04:50

Biokimikako ikasketak egin eta gero hasi zuen Erika Salvatierrak sexologiako formakuntza (Iruñea, 1989). Burlatako Gaztelekuan aritzen da astelehenetan, aholku ematen, bai eta herri horretako Askatasuna institutuan ere. Lan egiten du, halaber, Chrysallis elkarteko familiekin. Mikele Granderenak egindako lan ona nabarmendu du. Hala ere, argi utzi du bertze gazte anitzen egunerokoa anitzez ere gogorragoa dela.

Oraindik ere adingabe transexualen errealitatea ikusezina da neurri handi batean, ezta?

Hala da. Nik beti esaten dut haurren transexualitatea beste adar bat dela gizakion sexu aniztasunaren barruan. Transexualitateak erakusten digu gure gizartean gero eta aniztasun handiagoa badela, eta hori ikusgai bilakatu behar dugu. Finean, badira neska zakildunak, bai eta mutil bulbadunak ere. Ikusgai bilakatu behar dugu errealitate hori. Familian haur transexual bat dagoenean onartzea garrantzitsuena da. Eta aurrera egitea. Haur horrek babesa behar du; inguruan oztopoak aurkitzen baditu, askoz ere zailagoa izanen da bere identitatea azaltzeko prozesua.

Eta nola hasten da prozesu hori?

Haurrak hitz egiten hasten direnean hasten dira barruan dutena azaleratzen. Nor diren azaltzen. Horregatik, oso garrantzitsua da une horretan haurrak ez zuzentzea.

Pertsona transexualen inguruan, okerreko gorputz batean jaio direla erran ohi da anitzetan. Zer iritzi duzu horri buruz?

Gainditu behar dugu esaldi hori, eta transexualitatea azaltzeko modu hori. Gorputzak ez dira akastunak; gure begiradak dira akastunak. Kontu kulturala da, finean; erakutsi digute zer den gizon eta zer emakume. Baina argi izan behar dugu badirela gizon eta emakume izateko mila modu, gorputz batean edo bestean.

Oraindik ere, identitatea genitalekin lotzen da, ordea. Transexualitatearen patologizazioa da horren ondorio?

Bai, oraindik ere patologizazioa da nagusi transexualitatearen auzian. Ikuspuntu hori gainditzeko garaia da. Identitatea 3 eta 5 urte bitartean finkatzen dugu gizakiok. Adin horrekin badakigu nor garen.

Ingurukoen oniritzia eta babesa izateak anitz errazten du prozesua?

Bai, oso garrantzitsua da. Familiak tresnak eman behar dizkio haur transexualari, aurrera egiten laguntzeko. Onartzea da egin beharreko urratsik funtsezkoena, familiaren babes horrek haur transexualari adierazten diolako nor den azaleratzeko bermea baduela.

Babesik ezak zer-nolako ondorioak izan ditzake?

Ondorio larriak. Zure identitatea argi duzunean, haren gainean eraikitzen duzu zure nortasun guztia. Baina norbaitek zure identitatea zalantzan jartzen badu, ukatzen badu zure identitatea, horrek oso egoera gogorrak sor ditzake. Pentsa norbaitek esaten dizula ezin zarela zaren bezalakoa izan, mediku batek esan duelako hori ezinezkoa dela. Halako egoerek ekartzen dituzte depresioak eta bestelako arazoak. Etxekoen babesa ez dagoenean, gainera, askoz ere zailago bilakatzen da kanpora begirako prozesua.

Heziketaren esparruan lan handia dago egiteko, oraindik ere?

Bai, eta oso garrantzitsua da gazteenekin egin beharreko lan hori, gainera. Aniztasuna aberastasuna dela ikasi behar dute haurrek. Naturaltasun osoz, gainera. Etxean landu behar dugu hori, eta eskolan ere bai. Eskoletan bada lan polita egiteko aukera, gainera. Denborak aurrera egin ahala gure gorputzak gero eta ikusezinago bilakatzen baititugu.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!