Norbera ez denean norbera

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko urr. 26a, 09:57

Argazkia: Adacen elkarteko erabiltzaileak eguneko zentroan. / Nafarroako Hitza

Burmuinean kalte hartutakoen egoeraren berri emateko eguna da gaurkoa. Nafarroan, 1.200 kasu berri daude urtean. Adacen elkartean erabat bertzelakoa den egoerara egokitzen ikasten dute.

Mutiloako egoitzan geldirik egoteko denborarik ez da. 10:00etan hasten dira Adacen elkarteko erabiltzaileak eguneko zentrora sartzen. Berrogei dira; bertze seik egoitza bera dute etxe. Nafarroako Gobernuarekin itunduak ditu Adacenek zerbitzu horiek. Burmuinean kalte hartutakoak artatzen dituzte elkarte horretan. Nafarroan, 1.200 kasu berri daude urtean. Astelehena haien egoeraren berri emateko eguna da; herritarrei gogoratzekoa segundo batean haien bizitza erabat alda daitekeela.

1.200 pertsona horietako anitzek betiko egunerokora itzuli ahal izanen dute, erabat osatu eta gero; bertze anitzek, ordea, ez, burmuinean hartutako kaltearen ondorioak betirako jasan beharko baitituzte. Oro har, iktus baten edo auto istripu baten ondorioz hartutako kalteak izaten dira. Lehen unean, ospitalean artatzen dituzte gaixoak, haien egoera egonkortu arte. Hori egin eta gero, Ubarmin klinikan egiten dute errehabilitazioa. “Ubarminetik ailegatzen dira burmuinean kalte hartutakoak gure elkartera”, azaldu du Andres Ilundainek, Adaceneko kudeatzailearen albokoak.

Elkartea duela 21 urte sortu zuten burmuinean kalte hartutako hainbat pertsonaren senideek. Konturatu ziren Ubarminetik atera eta gero haientzat inolako zerbitzurik ez zela. Eta haiek eskaintzea erabaki zuten. Orain, gobernuarekin itundutako zerbitzuetan hartzen dituzten pertsonekin batera, zentrora noizbehinka joaten diren bertze ehun artatzen dituzte. Gainera, zentro berri bat zabaldu dute Iruñean, Azpilagaña auzoan. “Iruñeko horretan errehabilitazioa egiten dugu, logopedia, fisioterapia eta neuropsikologia zerbitzuen bitartez”.

Mutiloako eguneko zentroan hori guztia ere badute erabiltzaileek, 2003tik. Bai eta gehiago ere. “Bertzelako esparruak jorratzen ditugu hemen ere: sozializazioa lantzeko programa dugu, bai eta lantegi okupazionala ere. Familientzako programak ere baditugu”.

Argi eta garbi erran du Ilundainek: “Burmuinean kalte hartzen duenak atzean uzten du ordura arteko bizitza; bertze pertsona bat bilakatzen da. Aurretik zituen lotura sozialak apurtu egiten dira, eta egoera berriari aurre egiten ikasi behar du; hark, eta haren senideek. Egoera berri horrek ondorio ekonomikoak ere baditu”. Ez da erraza. Horixe nabarmendu du Adaceneko arduradunak. Helburua, hala ere, egoera berria ahalik eta azkarren “normalizatzea” dela erantsi du Usua Purroik, elkarteko gizarte langileak. “Gauzak aldatu direla onartu behar du familia osoak; eta hori egiteko laguntza eskaintzen dugu”.

Mendekotasun legea

Adacen elkarteko egoitzan nonahi ikusten dira makuluak eta aulki gurpildunak. Korridoreetan uzten dituzte erabiltzaileek, fisioterapia ariketak egiten edo igerilekuan lanean ari diren bitartean. Denek ez dituzte behar, kalte hartutako burmuin zatiaren arabera ondorioak era batekoak edo bertzelakoak baitira. “Mugitzeko arazoak dituzte zenbaitek; arazo kognitiboak bertze anitzek; hitz egiteko zailtasunei aurre egin behar diete bertze hainbatek”. Mendekotasun gradua ere, ondorioz, ezberdina da kasu batzuetan eta bertzeetan. Zentroan, betiere, helburua da erabiltzaileek dituzten gaitasunei eustea.

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek mendekotasunari buruzko foru legea egiteko asmoa jaso dute haien arteko akordio programatikoan. Asmo horiek zer eman dezaketen ez du argi Ilundainek: “Gu eszeptikoak gara; edonola ere, argi dugu mendekotasunari buruzko lege batek ezintasunen bat duten pertsonen eskubideak zaindu eta bete behar dituela”.

Gaur egun ez da hori beti gertatzen. Espainiako Gobernuak 2007. urtean onartu zuen mendekotasunari buruzko legea, eta harekin batera, mendekotasunen bat dutenentzako hainbat zerbitzu bermatzeko zorroa. Azken urteotako krisiak baliabideak murriztu dituela nabarmendu du Ilundainek. Haiek itundutako zerbitzuetatik kanpoko programentzat jasotzen duten diru laguntzak, adibidez, %30-40 egin du behera. Ez da hori bakarrik. “Mendekotasun graduaren balorazioa ez da ongi egin; mendekotasun handia duten pertsona anitz, adibidez, ez dituzte halakotzat jo, eta administrazioak, ondorioz, dirua aurreztu du”.

Tratamenduetan ere gertatu dira aldaketak. “Egia da osasun sistema publikoak burmuinean kalte hartutakoak artatzen jarraitzen duela, baina epeak murriztu dituzte; lehen, adibidez, gutxienez urtebete ematen zuten Ubarminen errehabilitazioa egiten; orain, sei hilabete eta urtebete bitarte”. Burmuinean kalte hartutakoen kasuan, lehendabiziko bi urteak funtsezkoak dira. “Denbora horretan hobera egin ez duenak nekez eginen du gero”, azaldu du Ilundainek.

Purroik burmuinean kalte hartutakoen beharren inguruko bertze kezka bat jarri du mahai gainean: “Mendekotasun gradua zehazteko egiten dituzten balorazioak azalean gelditzen dira; sakoneko bertze hainbat behar ez dituzte kontuan hartzen”. Bertze modu batera azaldu du Purroik: “Ematen ahal diogu pertsona bati toki bat eguneko zentro batean, eta pentsa dezakegu haren beharrak ase ditugula. Neurri batean, bai. Baina nekez eginen diogu mesede aztertzen ez badugu zentro horretara ailegatzeko zer aukera dituen edo bere kabuz gosaltzeko eta janzteko gai ote den”. Ez hori bakarrik. “Haien oinarrizko beharrak ase ditzakegu, baina hori ezin da izan eskaintzen diegun guztia. Kontua ez da oinarrizko beharrak asetzea, baizik eta pertsona orori ahalik eta bizitza aberatsena izateko aukera eskaintzea. Burmuinean kalte hartutakoek ere badute aisialdiaz gozatzeko eskubidea, adibidez”.

Gizarteak baztertu egiten du burmuinean kalte hartu duena. Horixe utzi du agerian Purroik. “Haientzako ibilbideak sortzen ditugu, eta horietan uzten ditugu. Irlak sortzen ditugu, nolabait erranda. Artatzen ditugu, bai, baina haientzako zerbitzuetan edo haien etxeetan egotera bultzatzen ditugu”. Lan anitz bada, oraindik ere, egiteko. Purroik argi erran du: “Ezin dugu ahaztu edozein egunetan gu izan gaitezkeela burmuinean kalte hartutakoak”.

Mezu hori zabaltzeko, haien erabiltzaileen egoeraren berri emateko eta herritarrenganako zubiak eraikitzeko, hain zuzen ere, karrikara aterako dira, astelehenean, Adacen elkarteko kideak. Gizarteak denentzako tokia izan behar duela aldarrikatzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!