“Afrika 54 estatu dira orotara, eta errealitate oso ezberdinak”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko urr. 22a, 18:15

Hamalau urte pasa dira Xavier Aldekoa kazetariak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1981) lehen aldiz Afrika zapaldu zuenetik. Han bizi da egun, Hegoafrikan. Urteetan kontinenteko hainbat herritan bizitako esperientziak jaso ditu orain Océano África liburuan. Pertsonen istorioak dira, pertsonak direlako "Afrikan existitzen den bakarra". Iruñean izan da bere lana aurkezten, Afrika ezinbestekoa jardunaldietan.

Nondik datorkizu Afrikarekiko interes edo pasioa?

Aitak istorioak kontatzen zizkigun lau seme-alabei. 15 urteko kapitaina [Julio Verne] dut gogoan; une batean, Afrikara iristen da protagonista. Nire aitak egiten zuen deskribapenak liluratzen ninduen. Lilura hori garatuz joan zen, eta, azkenean, interes bihurtu zen. Horra zuzendu ditut bizitzan egindako urrats guztiak. Alegia, ez nuen Afrikan lurreratu nora joan ez nekielako. Grenoblera [Frantzia] Erasmusen frantsesa ikastera joan nintzenean, edo Londresera ogitartekoak egin eta ingelesa ikastera joan nintzenean, banekien horrek lagunduko ninduela gerora, Afrikan.

Lehenengo aldiz joandakoan, irudikatu al zenuen han izanen zinela hamalau urte geroago?

Agian ez nuen irudikatzen, baina amesten nuen. Afrikakoa ez dut inoiz abentura gisa ulertu. Ezta lehen bidaia egin nuenean ere, Rene Caillie esploratzaileak Niger ibaitik Timbukturaino egindako bidaia errepikatu nuenean. Gogo handia nuen hura egiteko, erreportaje batean konparatu nahi nuelako hark XIX. mendean idatzitako egunerokoa nik ikusten nuenarekin. Niretzat, kazetaritzarekin lotuta egon da beti Afrika. Ez da abentura batera joan eta gerora nire lantoki bihurtu den tokia, baizik eta lan egiteko nahi nuena.

Bizi izan dituzu arriskuak, baina Afrikan segitu duzu. Zergatik?

Pasioagatik, gustatzen zaidalako. Baina zantarra iruditzen zait kazetariok izaten dugun arriskuan jartzea arreta, gu baikara halako egoeretan arrisku gutxien daukagunak. Argi dago gerran dagoen toki batean berezkoa dela arriskua, baina arrisku hori pairatzen duen jendearengan jarri beharko genuke arreta. Egokazetaritza-rako joera dago. Oso tentagarria da Afrikako berri-emailearen aura hori, baina saihestu beharra dago.

Afrika ez dela existitzen diozu, afrikarrak baizik. Pertsonengan jartzen duzu arreta. Zergatik?

Hori delako benetan existitzen den bakarra. Afrikako mugek ez dute askorik esaten, baina pertsonak daudela agerikoa da. Haiek dira protagonistak, eta haien bitartez gatazkak edo egoeren erroak azaltzen saiatzen naiz. Entzuten, batez ere. Zaindu beharreko altxorra da kontatzen dutena, ahalik eta errespetu handienarekin landu beharrekoa. Enrique Meneses kazetariak zioen kazetaritza zera dela: joan, ikusi, entzun —entzutearena azpimarratzen dut nik—, itzuli eta kontatu. Zerbait kontatuko duen norbait egotea da baldintza bakarra.

Zergatik jotzen dugu Afrika herri bakar gisara hartzera?

Ezjakintasunagatik, ziurrenik. Zerbait ez dugunean ezagutzen, sinplifikatzera jotzen dugu. Ezjakintasunetik sortzen dira nazioen eta herrien gaineko topikoak, beldurretik. Ondorioz, aniztasunik gabeko osotasun gisa ikusi ohi da Afrika. Baina guztiz kontrakoa da.

Hortik dator ozeanoaren metafora.

Bai. Ozeanoarena, finean, protesta bat da. Goitik ikusita, itsasoak ez du ezer berezirik, baina liluragarria da behin barrura sartuta. Denetarik dago, arrainak, korala, aniztasuna. Hori da Afrika.

Baina ezjakintasun hutsa dago jarrera horien atzean? Edo badira irakurketa interesatuak ere?

Argi daukat isiltasuna ez dela inozoa. Niger ibaiaren deltan ikusi dut hori: ikaragarri aberasten ari dira petrolio konpainiak, baina ez da komeni horri buruz hitz egitea. Halako kasuetan interes argia dago hitz egin ez dadin. Beste batzuetan, ordea, interes faltatik dator ezjakintasuna, urruntasunetik, eta baita paternalismo edo nagusitasun sentsaziotik ere, nonbait atzeratuak diren herri horiengandik zer ikasia izango ez bagenu bezala. Orduan konturatzen zara milaka urte bizikidetzan dabiltzan herriak direla, kode sozialei dagokienez ikaragarrizko maila dutenak. Adibidez, pigmeoak: gizonek umeak zaintzen dituzte, berdintasuna dago emakume eta gizonen artean, eta, nomadak izanda, basoan eztia aurkituz gero ez dute dena hartzen; zerbait uzten dute, atzetik baten bat datorrenerako, jakin gabe inor etorriko den ere. Asko ikas genezake elkartasun eredu horretatik. Eta askoz adibide gehiago ere badira.

Esperantzako izpiak ere agertzen dira zure liburuan.

Kontinentearen aniztasunak aspektu positiboak nabarmentzera bultzatu beharko gintuzke. Afrika 54 estatu dira orotara, eta oso errealitate ezberdinak. Hegoafrika, bere arazo guztiekin, apar-theid-aren garaikoa baino askoz herrialde hobea da egun. Mozambike, urteetako gerraren ostean, aurrera egiten hasi da. Badira adibide gehiago, Angola, Botswana, Namibia eta Senegal, ikaragarrizko demokrazia erakustaldia eskaini diguna. Ezin naiz baikorra izan Hego Sudan eta Somaliarekin, pikutara joaten ari direlako. Baina badira askoz hobeto doazenak. Eta badago gizarte gazte zabal bat, geroz eta heziagoa, eta bere eskubideak aldarrikatzeko geroz eta gogo handiagoarekin.

Zer eman dizu zuri Afrikako esperientziak?

Galdera gehiago. Uste nuen Afrikara helduta zalantza asko uxatuko nituela, eta hara non galdera gehiago ditudan orain. Bizitzarako ereduak ere eman dizkit. Afrikan, sarri borreroan edo hiltzailean jartzen dugu arreta. Nik Afrikan pertsona asko ikusi ditut, egoerarik txarrenean ere besteak laguntzea erabakitzen dutenak. Milioika dira arma bat hartzea errazena den momentuan ez hartzea erabakitzen dutenak, ondokoa laguntzeko. Ikasi dut badagoela halako jende gehiago, gaiztoak baino. Kontua da gaiztoek katua sakatzen dutela, eta askoz ozenago entzuten da hori.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!