Baztan Ikastolak 45 urte bete ditu aurten, eta ospakizunetan murgiltzeko opari ederra jaso du, Nafarroa Oinez Elizondon eginen baita igande honetan. Ez da lehen aldia, ordea. Izan ere, 1982an, jaialdia jaio berria zenean, Baztan Ikastolari egokitu zitzaion festa antolatzea. Ordurako sei urte zeramatzan Mari Paz Goñik (Lekaroz, 1956) Haur Hezkuntzako irakasle gisa, eta oraindik hor jarraitzen du, bizitza osoko proiektu bat aitzinera eramaten.
Nola gogoratzen duzu hasiera hura?
Kontent nintzen, urduri, emozio handiarekin. Halere, gogoan daukat egunak arras luzeak egiten zitzaizkigula. Orain berehala pasatzen dira, baliabide anitz ditugulako haurrekin egoteko, baina garai hartan dena berria zenez, gehiago kostatzen zen. Hasmenta guztiak bezala, gogorra izan zen.
1981ean izan zen lehen Nafarroa Oinez; Baztan Ikastolak antolatu zuen bigarrena. Zer zulo zituen?
Jaialdiarekin batera, ikastola ere sortu berria zen ia. Bertze toki gehienetan bezala, hemen ere egoitza kaskarrak genituen, zaharrak ziren, eta horiek berritzeko dirua behar genuen. Lekua ere eskas genuen, txiki gelditzen ari zen. Horiek izan ziren helburu nagusiak. Denborarekin egoitzak tokiz ere aldatu ditugu.
Nolakoa izan zen 1982ko Oinez-en antolakuntza prozesua?
Oraingoa baino anitzez ere xumeagoa izan zen ordukoa. Uztail erdialdean izan zen, eta apiril aldera hasi ginen prestatzen. Lauzpabost hilabetean lotu behar izan genuen guztia, eta orain urtebete baino gehiago behar da jaialdi osoa antolatzeko. Hor aldaketa izugarria dago.
Helmuga ere ez zenuten hain urrun jarriko, akaso.
Ez. Ez genuen espero lortu genuen dirutza lortzea. Orain ez litzateke deus ere izanen, baina horri esker, Haur Hezkuntzako egoitza berritu genuen, eta hori izugarrizko lorpena izan zen.
Nolakoak ziren garai hartako eskolak?
Ez genituen baldintza onak. Gehiena ahoz irakasten genuen, kantuen bidez eta. Haurrek ia ez zuten materialik: papera, margoak, joko batzuk eta gutxi gehiago. Orduan txotxongilo ugari egiten zen, antzerki anitz egiten genituen. Hori zen eguna pasatzeko modua. Merkatuan ere ez zegoen ia materialik, eta guk sortu behar genituen, handik eta hemendik bildu, kopiak egin, eta horrela.
Ikastolaren azpiegituretan hobekuntzak egiteak jendea erakarri zuen?
Indarra behintzat eman zigun. Garai hartan kezka handia zegoen. Kartillak ere ez ziren ikastolan bertan sinatzen, bertze eskoletan egin behar genituen. Maiz entzuten genituen zalantzak: "Zer eginen duzue hor? Hori ez da legala izanen, ikasketek ez dute balioko...". Baina pixkanaka indarra hartzen hasi ginen, eta jendeak ikusi zuen ez zela hain arriskutsua ikastolan ikastea.
Testuinguru horretan, bi oin aukeratu zenituzten Oinez-en logotiporako.
Garai hartan euskara arras gutxi erabiltzen zen hemen. Horri buelta eman nahi genion, bi oin horiek adierazten zuten moduan: pauso horiek markatzen zuten nolabait poliki-poliki, pausoz pauso, urratsez urrats aurrera eginen genuela. Lan handia egin bada ere, oraindik euskararen berreskurapenean eta mantentzean zeregin handia dago.
Hori dela eta, aurtengo logotipoa ere oin bat da.
Bai, Zangotxo. 1982ko Nafarroa Oinez harekin lotura egin nahi izan dugu, garai hartan genuen filosofiarekin jarraitzen dugula adierazteko. Euskararen eta euskal kulturaren bidean jarraitzen dugu, eta hala jarraituko dugu pausoak emanez.
Hama... bortz, ama... bat. Zergatik?
Ongi begiratzen baduzu, ikusiko duzu oinean hamabortz orban daudela. Zergatik hamabortz? 2015ean gaude, Nafarroan hamabortz ikastola daude, eta Baztanen hamabortz herri daude. Guztiak irudikatu nahi izan ditugu logoan. Ama, aldiz, bakarra; denon ama euskara da, gure hizkuntza, denon hizkuntza. Amei omenaldi bat ere egin nahi izan diegu, beraiek indar handia izan dutelako hizkuntzaren transmisioan.
Zer aldatu da ikastolan?
Ikastola hobetuz joan da; bai hezkuntzan, bai harremanetan, bai elkarbizitzan. Baliabide gehiago daude orain, prestakuntza gehiago ditugu irakasleok... Hori dela medio, urtero-urtero zerbait berritzen da, baina beti bidea aurkitzen saiatzen gara. Gure kultura, gure ohiturak, gure hizkuntza... beti presente eta beti aitzinean dauzkagu. Horren alde eginen dugu beti; gure proiektuaren muina dira.
Baina oraindik badago zer konpondu ikastolan.
Bai. Horretara bideratu nahi dugu Oinez-etik ateratako dirua. Egoitzak nahiko handiak izan arren, zaharkituta geratu dira. Haur Hezkuntzan sabaia goratu nahi da, zorua aldatu eta isolamendua hobetu. Gela batzuk txikiak gelditu dira, gainera. Horrez gain, parkeko lurra moldatu nahi dugu, euria egitean lohiz betetzen baita. Lehen Hezkuntzari dagokionez, patioa estali nahi dugu, eta isolamendua hobetu.
Ia 40 ikasturtez egon zara ikastolan; ez da makala gero.
Bada zerbait, bai. Hasi nintzenean 20 urte nituen, pentsa! Baina ez naiz hainbertze iraun duen bakarra. Igande goizean zinta mozterakoan bederatzi irakasle omenduko gaituzte. Guztiok gure bizitza hor egin dugu, ia-ia. Horietatik lau erretiratuta daude, eta bertze bortz oraindik lanean ari gara. Baztan Ikastola sortu zenetik edo ia hastapenetik gaude hor omendutakoak.
Zer eman dizu zuri Baztan Ikastolak urte hauetan guztietan?
Nire bizitzako zati handi bat hartzen du ikastolak. Langile anitz lantokira joan, lana egin eta bertzerik gabe bueltatzen dira etxera. Guretzat ikastola bertze zerbait da; gurea den proiektu bat, bizitzeko era bat. Nik behintzat hala bizi izan dut hasieratik. Gurea den zerbait aitzinerat eramaten saiatu gara, horrek dakartzan momentu on eta txar guztiekin.
Zer espero duzu iganderako?
Batez ere, eguraldi ona egitea eta jendea etortzea. Egun borobila ateratzea gustatuko litzaidake, lanean aritu diren horiek guztiek merezi baitute sari hori. Eguna pasatzeko gogoa ere izanen dute askok, atseden pixka bat hartzeko. Aurtengo Oinez-eko azken urratsak hurrengo egunean eginen ditugu, halere, guztia bildu eta garbitu behar dugulako, baina hori ere gustura eginen dugu.
Aurrerantzean, nolako ikastola irudikatzen duzu?
Niri gustatuko litzaidake familia handi bat bezala jarraitzea, eta partaide guztiek —haurrek, irakasleek zein gurasoek— giro goxo eta elkarlanean gure helburuak aitzinerat eramaten segitzea, izan garenetik harago joanez.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.