Anjel Mariezkurrena: «Hau ez da isilik ikusteko kantaldia»

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko urr. 9a, 00:50

Kantu zaharrak berreskuratzeko saialdi xume baten gisara sortu zen, baina aurreikuspen guztiak gaindituak ditu. Folklorearen mugez harago, askotariko estiloak uztartuko dituzte larunbat honetan, Iruñea Kantuan ikuskizunaren hirugarren aldian. Kantaldiaren sortzaile Anjel Mariezkurrena (Eratsun, 1968) "harriturik" dago, euskal tradizioan oinarritutako emanaldiaren arrakasta itzela ikusita.

Zer da, zehazki, Iruñea Kantuan ikuskizuna?

Bada, hirugarrenez eginen dugun ekitaldia da, beti bezala, Euskal Herriko kantu zaharrak ardatz hartuta. 2013. urtean hasi ginen, eta espero ez genuen arrakasta lortu genuen. Horri segida eman genion iaz, eta beste pauso bat eman nahi dugu orain.

Zu zara egitasmoaren sortzailea. Zerk eraman zintuen halako kontzertu handiak antolatzera?

Berez, hamabost urte daramatzat ohiko kantagintzaren berreskuratze lanetan, 2000. urte inguruan hasi bainintzen Kantu Zaharren Eguna antolatzen, Dantxarinean. Gure herriko ohiturak eta historia bizirik mantentzeko modu bat zen hori. Amarengandik eta aitarengandik jaso nuen nik zaletasuna, eta etxean ikusitakoa berreskuratzeko modua zen. Eratsunen, adibidez, bazen tradizio handia, mahai inguruan kantatzekoa. Bederatzi hilabetez mendian edo basoan lanean ibilitakoak herrira itzultzen zirenean, hiru astez egoten ziren han, kantuan, goizez eta arratsaldez. Ohitura horiek galduko ziren beldur, kantu zaharren eguna antolatzen hasi nintzen. Hori guztia Euskal Herriko historia ere badelako.

Bai Kantu Zaharren Eguna baita Iruñea Kantuan ere egitasmo arrakastatsuak dira. Zein da sekretua?

Zaila da gauza bakar bat esatea. Ni saiatzen naiz estilo eta diziplina ezberdinak eskaintzen. Ez da soilik kantua, dantzariak ere badira, joaldunak, musikariak... Eta, horrez gainera, urtero-urtero sorpresak ere gehitzen dizkiot egitarauari.

Ez da gauza bera kantu zaharrak lagun artean abestea edo pieza horiek Baluarteren gisako auditorium batean entzutea...

Ez, ez... Horregatik, Iruñea Kantuan egitasmoa antolatzen hasi nintzenean, nire helburua ez zen Baluarte betetzea. 600-800 pertsona elkartu izan bagenitu, gu pozik. Baina dena bete zen, eta jende asko kanpoan gelditu zen! Oso polita izan zen. Eta, hala eta guztiz ere, nik faltan sumatu nuen gauza bat: jendearen parte hartzea. Zuk diozun bezala, ez da gauza bera kantu zaharrez gozatzea bazkalostean, mahai baten inguruan; edo horiek antzoki batean entzutea. Agertokiko abeslariak kantuan hasten diren unean, ikusleak isil-isilik gelditzen dira. Iruñea Kantuan kantaldia estreinakoz egin genuenean, emakume batek zera esan zidan: "Aizu, ederra izan da. Bai polita! Arazo bakarra nire senarra izan da... ez da behin ere isildu". Eta horixe da, hain zuzen, behar duguna! Ez dadila inor isilik egon. Hau ez da isilik ikusteko moduko kantaldia.

Kantatzera animatuko dituzue ikusleak, beraz?

Bai. Helburu horrekin egin dugu kantuen aukeraketa. Boga boga, Lau teilatu, Nafarroako jota, habanera bat, Haika mutil, Aita-semeak...

Taula gainean, ordea, ez dira soilik tradizio zaharreko kantariak izanen: Maite Itoitz, John Kelly, Zuriñe Hidalgo...

Horixe da ideia! Hemengo ohitura zaharrak berreskuratzea, eta horietara ahalik eta jende gehien erakartzea. John Kellyk eta Maite Itoitzek, adibidez, kutsu propioa emanen diete abestiei, baina, horiekin batera, a cappella abesten duen artzain talde bat ere izanen dugu agertokian: Menditarrak.

Egitaraua ikusita, argi dago berebiziko pisua izanen dutela hemengo abeslariek.

Bai, ahalegin berezia egiten dugu Nafarroako kantariak egitarauan sartzeko: Paz de Zigandako helduen abesbatza, Mendigoiti eta Sarrigurengo eskoletako ikasle taldeak, Doneztebeko dantzariak... Iruñeko Orfeoia ekartzeko saioa ere egin genuen, eta Igor Ijurra zuzendariarekin hitz egin nuen horretarako, baina azkenean, agenda arazoengatik, ezin izan zuten.

Artisten agenda arazoez gainera, halako kontzertu erraldoi bat antolatzeak buruhauste handiak eraginen zizkizuen. Nolakoak izan dira prestaketa lanak?

Lan itzela da, bai, baina oztopo gehienak gainditu ditzakegu urte hauetako esperientziari esker. Zortzi edo bederatzi hilabete behar izaten ditugu Iruñea Kantuz-en gisako ikuskizun bat prestatzeko: abestiak aukeratu behar dira; Txema Gartzes eta Iñaki Diegezek moldaketak egin behar dituzte; abeslarien, dantzarien eta bestelakoen agendak bateratu behar dira; haurren parte hartzea antolatu behar da; argiztapena, agertokia, auditoriumaren erreserba... Kontuak atera, zenbateko lana den hori guztia.

Hirugarren aldia duzue Iruñean, baina Bilbon eta Donostian ere antolatu dituzu halako kantaldiak. Etorkizunean egitasmoa beste hiriburu batzuetara eramateko asmorik ba al duzu?

Bada, egia esan, bai. Aukera bat da hori. Kantuan formatua Iruñean sortu zen. Oso bertokoa da, oso gurea. Baina Bilbon eta Donostian ere arrakasta handia lortu du ikuskizun mota honek. Hurrengo urrats naturala Gasteiz eta Baionara zabaltzea izanen litzateke. Ikusiko dugu.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!