"Instituzioen sakratutasuna" apurtu nahi du Sabino Kuadrak (Amurrio, 1949). Horretarako izan dira azken legealdian ezagun egin duten diskurtso eta keinuak. Joan den astean, tribunatik kanporatu zuen Espainiako Kongresuko presidenteak, konstituzioaren orriak mozteko keinua ez zuelako zuzendu nahi izan. Lasai mintzo da, halere.
Zigorrik espero al duzu?
Espero dut Kongresuko mahaian zentzutasuna nagusitzea eta, alde horretatik, zigorrik ez izatea. Hasieran Kongresuko presidenteak ez zidan kargu hartu, eta, gerora, hitzez zigortu ninduenean, amaitutzat eman zuen gaia. Kontua da hooligan konstituzionalistek mendi bat egin dutela harea ale batetik. Horretan dihardute.
Konstituzioaren orriak moztea iraina izan zela diote.
Nik konstituzioaren hiru artikuluri dagozkion orriak moztu nituen, baina konstituzio horrek, haien konstituzioak, askoz orri gehiago ditu moztuak. Adibidez, lanerako eskubideari dagokion 35. artikuluarena, etxebizitza eskubideari dagokion 47. artikuluarena eta pentsio duinei erreferentzia egiten dien 50. artikuluarena. Porru eginda dago konstituzio hori; erabat hipokrita da. Hori da benetako iraina, eta hortik datoz lau milioi eta erdi langabe —erdiak inolako laguntzarik jaso gabe—, nahikoak ez diren pentsioak dituzten bederatzi milioi pentsiodun eta etxerik gabeko milioika pertsona. Hori da diputatuak kezkatu beharko lituzkeen iraina.
Ez da lehen aldia kargu hartzen dizutena.
Pare bat alditan kargu hartu didate, eta, oraingoan, tribunatik bota naute. Zergatik? Hipokrisiaren tenplua delako Kongresua. Aurrekoan, PPko eserlekuetatik "putaseme" eta "hiltzaile" oihuak entzun ziren. Beste batean, "puta" deitu zioten Onintza Enbeita nire kideari. Beste behin, tribunatik, hamaika aldiz jarraian deitu gintuzten "ETAren laguntzaile", bost minutuko hitzaldian. Delitu larri baten akusazioa da hori, baina, hala ere, ez zuten behin ere moztu pertsona hura. Liburu baten bi orri moztea hori guztia baino larriagoa al da? Nik ezetz uste dut. Hitzaldi erabat politiko bati laguntzen dion keinua da, eta hala ulertu behar da, adierazpen askatasunaren barruan.
Ezagunak egin dira zure keinu eta diskurtsoak. Ohiko formak hautsi dituzu, nolabait.
Instituzioen sakratutasuna apurtu beharko genuke, behi sakratu gisara eraikita baitaude. Gizakion ondorio gisa ulertu beharko genituzke, eta ez alderantziz, gizateriaren jatorria testu eta instituzio horietan balego bezala. Horri guztiari buelta eman beharko genioke, eta jantziak, lengoaiak eta adierazpenak azpitik berreskuratu. Alde horretatik, ni naizena eta bozkatu nauen jendea dena islatzen saiatzen naiz. Baina badago beste kontu bat ere: nik 200 bat hitzaldi egin ditut Kongresuan, gehienak tribunan. 18 ordu inguru, orotara. Denbora horretan, bost alditan baino ez dut halako keinurik egin. Eta, hala ere, nigandik islatu duten irudia une horiei dagokiena da. Aberastasunaren banaketari buruzko nire hitzaldi batek milioi laurdenetik gora bisita izan zituen Youtuben, baina horretaz ez da hitz egiten. Nabarmenkeriaz kutsatutako irudia da zabaltzen dena. Ni txikitxoa naiz, pertsona normala, oso baketsua. Eta, halere, deabrutxo baten antzera erakusten naute.
Eroso sentitu al zara lau urte hauetan?
Amaiurren taldea bikaina izan da, eta eroso egon naiz alde horretatik. Baina baita ezeroso ere, ikusita Kongresua, PPren gehiengo osoarekin, iruzur handia dela. Adibiderako: estatuko aurrekontuetarako aurkeztutako emendakin zuzenketen hutsaren hurrena baino ez da onartu. Horrek erakusten du legealdian izandako joko politikoa, hutsa. PPk paretik kendu du dena. Askotan esaten dut Trentoko Kontzilioaren antzekoa izan dela hau, XVI. mendean loratzen hasia zen erreformari eta humanismoari aurre egin ziona. Legealdi hau ere, nolabait, kontrarreforma handia izan da. Lau urteko Trentoko Kontzilioa izan da.
Zer helburu zehaztu zenituzten orain dela lau urte?
Hiru helburu nagusi genituen. Lehenengoa, orduan Euskal Herrian abiatzen ari zen bake prozesuarekin lotutakoa; hura bultzatu nahi genuen. Bigarrenak erabakitzeko eskubidearekin zuen zerikusia. Espainiako Estatuan nazioek jasaten duten bazterketa eta zapalketa salatu nahi genuen. Hirugarrena gehiengo sozialak pairatzen ari ziren krisi ekonomiko eta sozialari zegokion. Bazen beste lerro bat ere: zubiak eraiki nahi genituen gainerako nazioetako indarrekin, eta baita estatuko ezkerreko indar politiko eta sozialekin ere.
Bistan da lehen helburuak, behintzat, ez direla bete.
Bai, bistan da. Horma ikaragarri bat topatu dugu aurrean. Bake prozesuari dagokionez, ez da aurrerapauso bakarra eman, ezta txikia ere. Kontrakoa, atzerapausoak eman dira: legez kanporatze gehiago izan dira, ehunka pertsona pasatu dira Auzitegi Nazionaletik, torturatu egiten da, preso politikoen aitortzan urratsik ez da egin, hurbiltzeaz zer esanik ez... Zero. Bigarrenik, arlo nazionalean, EAJren jarrera xuhurrak Euskal Herritik prozesu bat abiatzea galarazi du, estatuari erabakitze eskubidearen aitortza exijitzeko. Hala ere, ikusi dugu Kataluniako kasuan PPren gobernuak izan duen jarrera. Ezezkoa eta inposizioa izan da estatuaren erantzuna. Azkenik, arlo sozialean, bitarteko guztiak jarri dituzte krisiaren irteera Ibexeko 35en eta banku handien errailetik egiteko. Beraz, konkista materialei dagokienez, argi dago ez dugula bakar bat ere izan. Baina konkista politikoei dagokienez, uste dut gure paperak balio izan duela gure herriaren eskubideak ikusgarri egin eta otsoaren kobazuloan defendatzeko. Eta, bide horretan, aurrera egin dugu jende ezberdinarekin harremanak sendotzeko helburuan.
PPren hormaz mintzatu zara. Etsigarria behar du proposatutako ezer ez onartzeak.
Neurri batean bai. Egia da haien jarrera bortitzagoa izan dela gurekin, baina kontuan hartu talde bakar batek ere ez duela legealdi osoan ezer aurrera atera, UPNk salbu. Gurekin bazterketa handiagoa izan da, halere. Hasieratik talde propioa izateko eskubidea ukatu ziguten. Antzera hasi eta bukatu dugu; hasieran taldea ukatu ziguten, eta bukaeran hitzaldi bategatik zigortu nahi gaituzte. Eta erdian zer? Bada, gure mugitzeko eta hitz egiteko eskubidearen ukazio etengabea. Baina talde guztiek sufritu dute hori.
Zure hitzen arabera, "Espainiako Kongresua ez da euskal herritarron parlamentua". Eta, halere, han egon beharra al dago?
EH Bilduk antolatutako batzarretan ari da hori eztabaidatzen, egindakoa baloratzeko eta horren arabera estatuko instituzioetan parte hartzeko irizpideak zehazteko. Nire iritzia zera da: argi eta garbi dago materialki ez dugula ezer lortu, baina uste dut ikuspuntu politiko batetik esan dezakegula gure lana positiboa izan dela Euskal Herrian dauden arazoak mahai gainean jartzeko. Justizia ministroari zakar poltsa beltz bat eraman ahal izateak, une horretan 30 gazte torturak salatzen ari zirela esateko, oraindik indarrean dauden mota horretako basakerien aurkako salaketari indarra emateko balio du.
EH Bildu aurkezten bada, eta hala dirudi, han egongo al da Sabino Kuadra?
Nire asmoa da orain arte egindakoari jarraipenik ez ematea. Baina, tira, batzarrak egiten ari dira, eta, beraz, ikusiko dugu.
Kalean aktibista, eta instituzioan politikari. Biak izandakoa zara zu. Zein da formula, bi aldeak uztartzeko?
Funtsezkoena jendearekin harreman zuzena izatea da. Parlamentutik kanpo, lau urte hauetan 105 hitzaldi eman ditut, bai Euskal Herrian eta baita estatuko beste leku batzuetan ere. Egiten ari zarena kontatzeko modu zuzena da hori; egiten ari zaren horren inguruko iritziak entzuteko, eta, beharko balitz, mezuak moldatzeko. Harreman hori oso garrantzitsua da. EH Bilduk, Nafarroan behintzat, harreman zuzena izan du borroka sozial, feminista edo ekologista guztiekin. Horrek laguntzen du instituzioak irents ez gaitzan, gure bide orria guk geuk markatu ahal izateko. Hau da, ez dadila izan Kongresuko gai ordena gure jarduna zehazten duena, gizarteko borroka horiek baizik.
Aurreikuspenak betetzen badira, gehiengo osoa galduko du PPk hurrengo hauteskundeetan. Aldaketa politikoa dakar horrek ezinbestean?
Azken urteetan ezegonkortasuna izan da nagusi. Xake taulan hilabetez hilabete aldatu dira piezak, eta aldatzen ari dira. Bat-batean, Kataluniako hauteskundeak iristen dira, eta bakoitza bere tokian jartzen dute. Beraz, zaila da gertatuko denaz hitz egitea. Edonola, egia da bipartidismoa amaitutzat eman zela, baina hori ez dago hain argi. Sistemaren alderdiak gutxi mugitu dira. Baina egia da nazioetatik, Kataluniatik, Valentziatik, Galiziatik eta Euskal Herritik, mantentzen dela estatuarekiko pultsu hori, eta estatuan sortu den borroka soziala ere ez dela desagertu. Zer eragin izango du horrek hurrengo urteetan? Bada, ez dakit, baina espero dut maila politiko zein sozialean hainbat gauza desataskatu ahal izatea.
Espainiako ezkerrean sinisten al duzu? Hor dago Podemosen aukera...
Azken boladako eboluzioa ez da bereziki positiboa izan. Uste dut maila sozialean zein politikoan atzera egin duela. Maila sozialean, Podemosen inguruan egon zitezkeen hausturaren aldeko ideiak itxura sozialdemokrata duen programa batean egokitzen joan dira gutxika. Alor nazionalean, Kataluniako azken hauteskundeetan izaniko jarrera penagarria izan da. Prozesuaren gakoak Madrilen kokatu dituzte, eta hori zoritxarreko deriba da. Erabakitze eskubidea herriei dagokie, ez estatuei. Eta erabakitze eskubidea ezin da inoiz ematen den zerbait balitz bezala ulertu, aitortzen den zerbaiten gisa baizik. Beraz, hartu beharreko bidea hemen hasten da, Nafarroan, Euskal Herri osoan, baita Katalunian edo Galizian ere. Espazio propioak egonkortu behar dira, bide propioak abiatzeko —Euskal Bidea hemen, kasurako—, beharrezkoak diren harreman guztiekin, baina erabateko independentziarekin, gure erritmo, lehentasun eta bideak guk geuk zehaztu ahal izateko. Ezin dugu itxoin Madrilen norbaitek giltzarrapoaren giltzak eman arte.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.