Frontean hildakoak ez dira gerraren eta diktaduraren biktima bakarrak. Ezta fusilatuak edo espetxeratutakoak ere. 1936ko estatu kolpeaz geroztik, antolakuntza moral hertsia ezarri zuen frankismoak, eta herritarren eguneroko bizitza goitik behera kontrolatzen saiatu zen. Zapalkuntza fisiko eta psikologiko horren erdian egon ziren beti emakumeak. Gorriak izateagatik. Abertzaleak izateagatik. "Jarrera lotsagabea eta moralaren aurkakoa" edukitzeagatik. Edo, soilik, emakume izateagatik.
Frankismoak emakumeen kontra aplikatutako errepresioa abiapuntu gisa hartuta, Geronimo Uztariz Historia Ekonomiko eta Sozialaren Institutuak hitzaldi eta mahai inguru sorta antolatu du Barañaingo Kultur Etxean, Ostegun, historiaz jardun programaren barruan. Iragan den astean abiatu zen egitasmoa, Gemma Pierola historialari barañaindarraren hitzaldi batekin, eta hilaren 29ra arte iraungo du.
Geronimo Uztariz institutuko kidea eta hitzaldi sortaren arduraduna da Pierola. Frankismo garaiko emakumeen egoera askotan aztertu izan du, eta 2012an, doktore tesia aurkeztu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan: Emakumea eta ideologia diktadura frankistan. Nafarroa 1936-1960. Bertan, garai hartako "giro moral itogarria" deskribatzen zuen.
Kontrol zorrotz hori diktaduraren iraupena bermatzeko tresna izan zela nabarmendu du historialariak: "Gerra hitza aipatzean, konfrontazio fisikoa datorkigu gogora, baina errepresio hitzak esanahi zabalagoa dauka, eta horretan zentratu nahi izan dut. Ez da hildakoen zenbatze hutsa, eta hildakoekiko errespetu osoarekin diot. Frankismoaren errepresioa askoz harago iritsi zen: beldurraren demokratizazioa, gizartearen eta eguneroko bizimoduaren kontrola, erlijioaren inposatzea... Fisikoki neurtu ezin den zapalketa izan zen".
Pierolaren irudiko, gainera, errepresioa ez zen ausazkoa izan, aurrez planifikatutako estrategia baten fruitua baizik. "Zapalkuntza erabili zuen frankismoak, botere politikoa nahiz ekonomikoa bermatzeko, eta gizartea kontrolatzeko. Eta hori guztia 1936ko estatu kolpearen aurreko faseetan erabaki zuten militarrek".
Estrategia horren barruan, emakumearen irudi jakin bat ezarri zuen frankismoak: andrazkoak familia tradizionalaren epizentro eta sostengu gisa. Eta bide horretan, Elizaren laguntza osoa izan zuen. "Emakumeen kontrako errepresioaren ernamuina ez zen berria: emaztearen inguru naturala etxea dela, etxetik kanpo lan egitea debekatua duela, haren funtzioa ugaltzea eta balioak transmititzea dela... Ideia horiek guztiak ez zituen Francok asmatu. Baina frankismoaren meritua izan zen Eliza katolikoaren mezu zaharkitu hori bairatzea eta horri beste ideia bat eranstea: emakumea aurkeztea usteldutako eta apurtutako Espainia horren berreraikitzaile gisa", dio Pierolak. "Elizak eta estatuak diskurtso oso bat osatu zuten familiaren kontzeptuaren inguruan. Diskurtso moralizatzaile, kontrolatzaile eta zentsuratzailea, noski".
Ideologia horren atzean, baina, herritarren ekintza guztiak menderatu nahi zituen "antolakuntza moral itsu bat" zegoela uste du historialariak. "Guztia kontrolatu nahi zuten: ugalketa, sexualitatea, prostituzioa, etxetik kanpoko lana, non eta noiz bainatu Arga ibaian... guztia. Argi dut orduko Elizaren morala ongi etorri zitzaiola erregimen frankistari". Jakina, emakumeak egon ziren doktrina horren jomugan.
Men egin, onartu gabe
Esan izan da Nafarroako gizarteak diskurtso moral frankista barneratu zuela lau hamarkadetan, baina Pierola ez dator bat iritzi horrekin. "Diktadura batean, bizirik irautea beste aukerarik ez du jendeak; horregatik, nik zalantzak ditut frankismoaren ideologiak benetan izan zuen onarpenaz: mezua benetan onartu zuten herritarrek, ala jasan egin zuten? Nik uste dut emakumeek, gehienetan, men egin zutela, noizbehinka aginduak bete zituztela, eta oso gutxitan soilik onartu zutela diskurtsoa. Egoerara moldatzea eta egoera hori onartzea ez baitira gauza bera. Hortan datza emakume horien askatasuna".
Ondorio horietara iristeko, hainbat pertsonaren testigantzak jaso ditu ikerlari barañaindarrak, eta horietan oinarrituta, frankismoaren doktrinaren barneratze maila, egiazki, "oso txikia" izan zela uste du. "Onarpen eskas horren ondorioz, 1960ko hamarkadatik aurrera, konfrontazio sozial gogorragoak piztu ziren sistemaren kontra. Emakumeari lotutako estereotipo asko ere orduantxe hasi ziren zalantzan jartzen".
Hain zuzen, frankismo garaiko emakumeen jarrera aktiboa hizpide izanen dute datozen asteetako hitzaldietan ere. Hilaren 15ean, adibidez, Ezkabako emakumeak: laguntza sareak eta elkartasuna izenburuko hitzaldia eskainiko du Amaia Kowasch antropologo eta gizarte langile iruindarrak.
Ezkaba mendian dagoen Alfontso XII.a espetxe zaharra abiapuntu gisa hartuta, presoen emazte, ama, arreba edota lagunek diseinatutako elkartasun bide klandestinoak ikertu ditu Kowaschek, orain arte isildua izan den errealitate bat azaleratzeko: frankismoaren kontra borrokatzen ziren emakumeen militantzia. "Oso bizimodu gogorra izan zuten emakume horiek. Gizonak espetxean egon ziren, eta garrantzi handia eman zitzaien, baina emakumeen militantzia bigarren mailan gelditu da beti. Gainera, askotan modu biktimistan agertu dira. Badaude ikerketak emakumeen aurkako errepresiorik gogorrena aztertu dutenak, baina ez da inon agertzen emakume horiek egin zuten borroka senarra edo semea espetxetik ateratzeko eta, aldi berean, familia aurrera ateratzeko".
Ezkabako odisea
Ezkabako Alfontso XII.a gotorlekua 1934an bihurtu zen espetxe militar, eta orduantxe hasi ziren hainbat emakume laguntza sareak ontzen. Kowaschek bi multzotan sailkatzen ditu sare horiek: Iruñeko andreek osatutakoak eta Espainiako presoen emazte eta senideek sorturikoak.
"Iruñeko emakumeek beren ideologiagatik eta militantziagatik hamaika gauza egiten zituzten Ezkabako presoak laguntzeko; besteak beste, janaria eta arropa eraman, eskutitzak atera, albisteak kontatu eta bisitan joan", azaldu du antropologoak. Ezkaban preso zeuden gehienak, baina, ez ziren nafarrak, espainiarrak baizik. Hala, Segovian, Valladoliden eta beste zenbait hiritan emakumeen laguntza taldeak antolatu zituzten bisitak egiteko: "Guztien artean dirua eta janaria biltzen zuten, eta txandaka etortzen ziren Nafarroara".
Emakume haientzat, ez zen lan samurra Iruñera trenez edo autobusez etortzea eta bidaian hiru egun galtzea. "Lana baldin bazuten, lanegunak galtzen zituzten. Kanpotik zetorren jendeak harremana zuen bertako laguntza sareko emakumeekin. Tren geltokira joaten ziren bila; etxean hartu, eta jateko pixka bat ematen zieten", azaldu du Kowaschek.
Jarduera horiek, noski, isilpekoak ziren, eta frankismoko agintariek zigor gogorrak ezarri zizkieten laguntza sareetako emakume askori: "Hainbat kasutan, argia, ura eta etxea kentzen zieten, edo lanik gabe uzten zituzten. Horrez gainera, atxilotu, polizia etxera eraman, eta torturatu egin zituzten emakume asko eta asko. Ezkabako presoak laguntzeagatik edo haiekin hitz egiteagatik salatzen zituzten. Asko arriskatzen zuten".
Garai hartako errepresioak orbain sakonak utzi zizkien andrazko askori. Orbain fisikoak, baina baita psikologikoak ere. Oraindik erabat desagertu ez den beldurra da horietako bat. Horretan bat egiten dute historialari gehienek. "Garai hartako ikara zantzuak antzeman daitezke oraindik. Izan ere, hain izan zen handia kontrolatzeko ahalegina, gizarte osoa beldurtzea lortu zuten", dio Pierolak.
Mugimendu sozialak
Barañaingo jardunaldien antolatzailearen arabera, frankismoaren errepresioak ez zuen etenaldirik izan diktadoreak bizirik iraun zuen bitartean —"fusilatze aginduak sinatzen zituen bitartean hil zen"—, baina emakumeen emantzipazio borrokak adierazpide berriak hartu zituen 1960ko hamarkadan.
Pixkanaka, langile batzordeetan, sindikatuetan eta bestelako elkarteetan antolatzen hasi ziren andrazkoak, baina orduan ere estatuaren egitura zurrunekin egiten zuten topo. Horri buruz hitz eginen du Nerea Perez Ibarrola historialari eta NUPeko irakasleak hilaren 29ko hitzaldian. "1960 eta 1970eko hamarkadetako mugimendu sozialak aztertu ditut, batez ere, eta askok uste dutenaren kontrara, emakumeen mugimendu soziopolitikoak askotarikoak izan ziren", azaldu du Perezek.
Garai hartan, Nafarroako langileen mugimendua "maskulinoa" zela dio NUPeko irakasleak: "Finean, nafar industrializazioa metalgintzaren sektorearen inguruan egituratu zen, eta Potasas edo Imenasaren gisako lantegi handietan, behargin gehienak gizonezkoak ziren. Halere, emakumezkoek ere presentzia izan zuten sindikatuetan, ehungintza fabriketan, bulegoetan eta beste toki askotan pisu handia zutelako".
Frankismoak eta Elizak ezarritako familia eredu hertsia eta emazteei buruzko estereotipoak indarrean ziren oraindik, baina errealitateak hankaz gora jarri zituen hainbat kontzeptu. "Oztopoak oztopo, aldarrikapen ugari egin zituzten emakume langileek urte horietan. Adibidez, andreek ikastun-epe luzeagoak zituzten gizonek baino; eta horrek esan nahi du denbora horretan gizonek baino gutxiago kobratzen zutela". Ezkondu ostean ere lanean segitzeko eta amatasun baimena hartzeko eskubideak izan ziren emakumeen beste aldarrikapen batzuk.
Borrokaz borroka, bidea urratu zuten frankismo garaiko andreek, eta garesti ordainduta ere, askatasun esparruak lortu zituzten. Frankismoak ezarritako zigorrei, baina, bigarren kondena gehitu zaie azken hamarkadetan: ahanztura. Kostako da hesi hori erabat birrintzea.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.