«Segundoak ere lapurtzen dizkigute poliziek, ahal duten bakoitzean»

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko urr. 2a, 01:00

Garai batean, gorrotoa zien elkarrizketei Mila Jimenez txantrearrak (Los Arcos, 1961). Senideak eta Etxerat elkarteetako bozeramaile izandakoak ez zuen biziki maite hedabideen aurrean agertzea. Argi du, baina, ezinbestekoa dela tragedia txikiak, intimoak, azaltzea, sakabanaketaren drama ikaragarria bere osotasunean ulertu ahal izateko. Bihotza eztarrian, prest dago bere istorioa jendeari kontatzeko. Grabagailuaren botoia sakatu baino lehen, ordea, abisua: "Mikelek telefonoz hots eginen du laster, eta orduan elkarrizketa eten beharko dugu". Ados.

Jimenezen bikotekidea da Mikel. Mikel Izpura. Preso iruindarra. 15 urte luze daramatza kartzelaz kartzela. Aurretik, beste horrenbeste, erbestean. Ihesi. Aranjuez eta Badajozko espetxeetatik igaro ostean, Murtziakoan dago gaur egun (Espainia), 750 kilometrora.

Azken urtebetean, bitan eraman dute Iruñeko kartzelara, minbiziak jota hil hurren den anaia bisitatu ahal izateko. Bisita laburrak izan ziren, eta Izpurak apenas izan zuen aukerarik eskuburdinak kendu eta familia besarkatzeko. "Bisita arraroak izan ziren, presazkoak, prezipitatuak. Ez genuen bakarka hitz egiteko astirik ere izan. Eta nik asko nuen kontatzeko", azaldu du Jimenezek.

Minbizia du hark ere. Iaz detektatu zioten. Zorionez, diagnostikoa hobea da. "Teorian, gainditu dut gaixotasuna, baina oraindik ezin dut bidaia luzerik egin". Hilabeteak daramatza Murtziara bildu gabe. Harresi bihurtu zaie sakabanaketa.

"Kartzelaldia ez da batere samurra izan, toki batetik bestera mugitu baitute Mikel. Aranjuezen preso sartu zutenean, bi astean behin joaten ginen. Gero, ekonomikoki itogarria bihurtu zen erritmo hori guretzat, eta hilabetean behin joaten hasi ginen". Arazo ekonomikoa ez da huskeria. Urte hauetan guztietan, milioiak urtu zaizkio Jimenezi errepidean. Pezetatan nahiz eurotan. "Hasieran saiatu nintzen gastuen zerrenda egiten, baina etxebizitza bat baino gehiago ordaintzeko adina gastatua neramala ikusi nuenean, amore eman nuen".

Funtzionarioen tratu txarrak ere ohikoak izan dira. "Bisitariak miatzeari ekin zioten zaindariek, eta ni ez nengoen horretarako prest. Pentsa: hamar orduz autoan bidaiatu ostean, lorik egin gabe, nekatuta, hara heldu eta hara! Miaketa. Ustez, ausazkoak ziren miatze horiek, baina nire kasuan, sistematikoak ziren. Horregatik, bi urtez, uko egin nien bisean bisekoei".

Zailtasunak zailtasun, seme bat izan zuen bikoteak kartzelaldiaren lehen urteetan: Ekhi. Madrilen jaio zen. "Ekhik kartzelan ezagutu du aita, eta, duela gutxira arte, normaltzat jo izan du egoera hori. Bidaiak eta bisean biseko bisitak ziren ezagutzen zuen bakarra. Orain, jada, ez. 13 urte ditu, eta gertatzen ari dena ulertzen du. Badaki ez dela bidezkoa aita hilean ordu eta erdi soilik ikustea. Eta min ematen dio".

Azken urteetan, sakabanaketari aurre egiteaz gainera, eritasunen kontra ere borrokatu behar izan du Jimenezen eta Izpuraren familiak, eta horrek zeharo konplikatu du egoera: "Melanoma diagnostikatu zioten Mikelen anaiari, baina minbizia biriketara hedatu zen, eta, gaur egun, azken fasean dago metastasia. Iazko uztailean, zazpi hilabeteko bizi-itxaropena eman zioten; beraz, otsailean gainditu zuen aurreikuspen hori. Metastasia detektatu ziotenetik ezin izan du bidaiatu".

Aste santuaren aurretik, baimen berezia eman zioten Izpurari, anaia eta bikotekidea ikusi ahal izateko. "Ostiral arratsalde batean eraman zuten Iruñeko kartzelara; larunbatean, bisita normala egin ahal izan genuen; eta astelehenean, etxera ekarri zuten. Poztasun erabatekoa izan zen hori guretzat". Pozak, baina, gutxi iraun zuen. Semearen bila joan zen Jimenez, baina poliziek ez zioten gazteari pasatzen uzten: "Ekhik hilabeteak zeramatzan aita ikusi gabe, eta irrikan zegoen hura besarkatzeko, baina, polizien arabera, gaixo zeuden senideak bisitatzeko baimena zuen Mikelek soilik, eta beraz, ezin zuen semea ikusi". Familiaren etsipena eta ekina ikusita, amore eman zuten agenteek, eta 20 minutuz elkarrekin egoteko aukera izan zuten hirurek. Ez zen, ordea, Espainiako erakundeek ezarritako traba bakarra izan. Ordutik, beste behin egon da Izpura Iruñeko kartzelan, hilurren den anaiari agur esateko baimen berezia eskatuta; baina iragan den astean, berriz eraman zuten Murtziara.

Presoaren beraren osasun arazoak tarteko —barne belarriko mailua hautsia du, eta beste belarrian, kiste bat antzeman diote—, behin betiko leku aldatzea eskatua du familiak, ebakuntza Nafarroako osasun sistemaren barruan egin diezaioten. Prozesua, alta, "oztopo lasterketa baten antzekoa" dela nabarmendu du.

"Datuak objektiboak dira, eta gure eskaera, erabat zentzuzkoa. Orain arte Iruñera ekarri ez badute, borondaterik ezarengatik izan da", dio. Murtziako kartzelako medikuaren diagnostikoa behar du orain Izpurak bere eskaera justifikatzeko, baina astebete luze baten ostean, medikuak ez du oraindik artatu. Bitartean, zain egotea, beste aukerarik ez du.

Espainia, eskujokotan

Presoaren senideek salaketa jarria dute Arartekoaren bulegoan, Izpuraren eskubideak urratzen ari direla argudiatuta, baina orain arte bide horrek ere ez du fruiturik eman. "Arartekoak eskertu egin zigun harengan jarritako konfiantza, baina Madrilen esku utzi zuen auzia, eskuduntzarik ez zuela argudiatuta. Finean, preso politikoez ari garenean, eskuak garbitzen dituzte instituzioek".

Espainiako hauteskundeak gertu egoteak ere kalte egin diela uste du Jimenezek: "Trukerako txanpon gisa erabiltzen dituzte presoak, eta orain, bozak gertu ditugula inoiz baino gehiago nabaritzen da hori. Torlojuak muturreraino estutzen dituzte, euren helburu politikoak lortzeko".

Solasaldiaren bukaeran, sakelakoak jo du. "Mikel da, barkatu". Elkarrizketa baten erdian dagoela azaldu dio bikotekideari. Izpura harrituta dago, euren tragedia txikiak, intimoak, hedabideen arreta merezi duela ikusita. Osasun kontuez hitz egin dute, familiaz eta Izpura etxera ekartzeko prozesu labirintikoaz. Gehiagorako astirik ez dute izan. Agur esan behar izan diote elkarri. Presaka. Bost minutuko deiak bakarrik onartzen dira Murtziako espetxean. Solasak 4 minutu eta 58 segundo iraun du. "Segundoak ere lapurtzen dizkigute, ahal dutenean".

Orain arte galdutako segundo, egun eta urte guztiak berreskuratzeko borrokan segituko du Jimenezek aurrerantzean ere. "Jada ez dut negarrik egiten. Urteen joan-etorrian gogortu naiz, baina beste aukerarik ez dudalako", esan du agurtu aurretik.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!