UPN, funtsean, ez da aldatu, besteak erakartzea lortu du". Harro mintzo zen Javier Gomara 2004ko martxoan, BERRIAk argitaratutako elkarrizketan. "Oro har, alderdia sortzean planteatu genituen helburu guztiak erdietsi ditugula uste dut: alde batetik, Nafarroaren nortasunari eustea, eta, bestetik, zentro-eskuinaren eremua bateratzea". UPNren sortzaileetako bat da Gomara, eta garai hartan bazuen pozik egoteko arrazoirik. Bere gorenean zegoen alderdia: 2003ko bozetan 23 eserleku eta botoen %42 lortu zituen, eta CDNrekin sinatutako gobernu itunari esker, lasaitasun osoa zuen nahieran gobernatzeko. Urrezko aroa izan zen hura, erregionalistentzat.
Ordutik hamaika urte eskasera, ordea, nekez aurkituko luke Gomarak pozik egoteko arrazoirik: barne pitzadurak handitu egin dira eta bitan zatitu dute alderdia; botere politiko osoa galdu du UPNk; eta botere ekonomikoan eragiteko gaitasuna ere izugarri murriztu zaio. Ikaroren mitoan bezalaxe, altuegi egin du hegan nafar erregionalismoak, eguzkia ukitzeraino. Eta hegalak kiskalita, lurra jo du orain.
Adituen arabera, garaietara eta unean uneko egoeretara egokitzeko gaitasuna izan da UPNren arrakastaren oinarrietako bat, baina gaitasun hori ere galdu dute erregionalistek azken urteetan. "Juan Cruz Alli eta Miguel Sanzen agintaldietan, nafar gizartean erabat errotuta zegoen UPN. Goizero ogia eta Diario de Navarra erostea, eta UPNri botoa ematea, dena zen gauza bera nafar askorentzat. Hori zen naturala, eta besteak ginen arraroak, azalpenak emateko beharra genuenak", dio Ivan Gimenez kazetari eta ELA sindikatuko kideak.
Nabarrismoaren sustrai ilunak ikertu zituen Gimenezek El corralito foral liburuan (Pamiela, 2015), eta gizartearen ikuspegiaz harago, UPNk esparru politikoa ere nahieran maneiatu zuela uste du: "Historikoki, UPNren inguruan mugitu da dena. Euritako handi bat izan dute eskuan, eta horrekin estaltzen zituzten euren ingurukoak; aterkitik kanpo gelditzen ginen, ordea, oposizioko alderdiak, eragile sozialak eta, oro har, eredu horren kontra egiten zuten guztiak".
Azken hamarkadetan, botere politikoaz gainera, botere mediatikoa eta ekonomikoa ere eskuratu dute erregionalistek. Baina nola lortu zuten halako kontrola? Gimenezen arabera, bezero-sare zurruna eratuta. "Nafar gizartea, beste guztiak bezala, piramide baten antzera egituratuta dago: erpinean, oso jende gutxi dago, eta elite horren ongizatea mantentzeko, piramideak oso oinarri zabala behar du. Horretarako, bezero sareak ehundu behar dira, hurbilekoei diru laguntzak eman, lanpostu eta enpresa publikoak nahieran sortu... Sistema ustel horri esker iraun du piramideak orain arte, pitzadurarik gabe".
Faboreen gurpila
Iaz, 35. urteurrena ospatu zuen UPNk, eta urte horietatik gehienak agintean eman ditu. Denbora izan du, beraz, sektore gehienekin negozioak edo tratuak egiteko. 2000ko hamarkadaren hasieran, adibidez, asko ziren Miguel Sanzi faboreak zor zizkiotenak.
"Nafarroako Gobernuaren aurrekontua izugarri hazi da azken 40 urteotan, eta horren itzalean, askotxo izan dira aberastu diren enpresaburuak", azaldu du kazetariak. "Garai bateko diputazioak eskuduntzak eskuratzen zituen heinean, biderkatu egiten zen aurrekontua ere. Enpresari batzuek pentsatu zuten: 'Zergatik arriskatuko dut nire dirua besteena eskura baldin badut?'. Hortaz, diru publikoetatik bizitzen hasi ziren boterearen orbitan zeuden enpresa asko: kontzesioak, azpikontratatutako lanak, adjudikazioak…".
Zenbait sindikatu ere sartu izan dira joko horretan, eta Gimenezek behin baino gehiagotan salatu du auzia: "Etengabeko prestakuntzarako funtsak Madrildik heltzen hasi zirenean, gobernuak erabaki zuen horiek baliatzea erregimena sendotzeko. UGT eta CCOO sindikatuak bairatu eta konplize bihurtu zituen, ustezko prestakuntza programen bidez milioiak ordainduta".
Faboreen gurpil horrek, baina, oreka politiko minimo bat mantentzea exijitzen du, eta Yolanda Barcina agintera iristean, lehertu egin zen UPNren aita pontekoek diseinatutako sistema.
Ricardo Feliu Soziologiako doktore eta NUPeko irakaslearen irudiko, Barcina izan da, hain zuzen, UPNren krisia eragin duten faktoreen artean nagusietako bat. "Barcinaren lidergoa eta aginte eredua ez datoz bat UPNk 80ko hamarkadan ezarritako lan ildoarekin. Kontsentsua bilatu eta harremanak estutu beharrean, alderdi barruko ezinikusiak areagotu ditu, eta are gehiago sakondu du erregionalismoa osatzen duten familien arteko arrakala".
Gimenezek ere bat egiten du ikuspuntu horrekin: "Barcinaren garaian, UPNren zuzendaritzak mespretxatu egin zuen aurreko urteetan lortutako zentraltasuna eta hegemonia. PSNrekin zuten gobernu ituna hautsi zuten, eskuinerago lerratzeko. Beraz, esan dezakegu UPNren gainbeheraren erantzuleetako bat Barcinaren handiustekeria izan dela, horren ondorioz egokitzeko gaitasuna galdu duelako alderdiak".
2008an sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean, Miguel Sanzek berak azaltzen zuen hegemonia horren sekretua, gaztatxoaren teoria famatua erabilita. Horren arabera, PSNren beharra dauka UPNk, Nafarroan statu quo-a bermatzeko.
Zubiak birrintzen
"PSNrekin akordioak lotu eta esparru politiko osoa kontrolatzeko praxis politikoa ez zuen Miguel Sanzek asmatu. Zaharragoa da kontua. Hor ditugu, adibidez, Jesus Aizpun eta Gabriel Urralbururen arteko itunak, 'Nafarroan gobernagarritasuna ziurtatzeko'", gogoratu du Feliuk.
UPNren barruan, askok ez zuten begi onez ikusi Barcinak PSNrekin sinatutako ituna apurtu izana. "Azken finean, Barcinak PPren eta Madrilgo eskuin muturrekoaren besoetara egin zuen jauzi, eta horrek zenbait alarma piztu zituen alderdiaren barruan; jarrera horrekin, PSNrekiko zubi guztiak eraitsi zituelako".
Nafar erregionalismoaren egungo egoera ulertzeko, baina, beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontuan: besteak beste, krisi ekonomikoa eta 2015eko foru eta udal hauteskundeen emaitzak.
"Krisi ekonomiko batek eztanda egiten duenean, nortzuk dira lehen biktimak? Beharginak, menpekotasunak dituztenak, gizarte zerbitzuak, Osasunbidea… Baina krisia luze jotzen ari da, eta beste hainbat sektore ukitzen ditu. Enpresa publiko askok, adibidez, porrot egin dute azken urteetan. Maila ertaineko kargudun ugari gelditu dira kale gorrian; hilean 3.000 edo 4.000 euro irabazten zuen jendea. Horiek ziren, finean, sistema zutik mantentzen zutenak, agian konturatu gabe", dio Gimenezek.
Nafar eskuinaren bezero sarean katebegi bakar bat apurtuz gero, mekanismoak ez du behar bezala funtzionatuko, eta ondorioz, piramidea kolokan gelditu da azken urteetan. "Krisi honek alde onik izan badu, eskuin kapitalistaren miseriak agerian uztea izan da". Negozioaren musika etenda, festa bukatu zaie UPNko buruei.
Feliuren ustez, bestalde, maiatzeko hauteskundeek orbain sakonak eragin dizkiote erregionalismoari: "UPNrentzat, galera bereziki mingarria izan da udaletan, alderdiaren arrakastaren faktoreetako bat eskualdeetan eta herrietan duen ezarpen zabala baita. Oinarri sendo hori galtzeak ondorio larriak izan ditu eskuindarrentzat. Politikoki, noski, baina baita sinbolikoki ere. UPNren boto galerarik handienetako bat Tuteran izateak, adibidez, min handia eman die".
UPN krisian, sistema ez
UPNren krisia, baina, ez da hauteskunde emaitzetara mugatzen. Identitate krisia ere bada. Agintetik atera zenetik, alderdia zatituta dago, botere ekonomikoan eragiteko gaitasuna galdu du eta aukerarik ere ez zaio igartzen etorkizunean alternatiba sendo bat eraikitzeko. "Orain arte, nafar eliteen eta sistema politiko-ekonomikoaren tresna izan da, boterearen zirrikitu guztiak kontrolatzeko. Aurrerantzean, baina, erabilgarria izan al daiteke UPNren gisako alderdi bat elite horientzat?", galdetu du Gimenezek.
Galdera horrentzako, baina, ez dago erantzun garbirik, oraingoz. "Sistemak tresna politiko bat behar du beti. UPN Nafarroa Garaian, EAJ Euskal Autonomia Erkidegoan, PP eta PSOE Espainian… Sistemak ez badu tresna politiko hegemoniko bat, arazo bat dauka. Horregatik, UPN desagertuko balitz, zeinek hartuko luke zentraltasuna berreskuratzeko ardura hori? Ciudadanos-ek? PPk? Pisu politiko urriko alderdiak dira horiek Nafarroan".
Feliuren ustez, berriz, UPNk hainbat arazori aurre egin beharko die datozen hilabete zein urtetan, baina horrek ez dio aginteko elite politiko-ekonomikoari asko eraginen: "Nafarroako eliteak ez daude larrituta. Aklimatatze prozesu bat besterik ez da haientzat. CEN Nafarroako Enpresarien Elkarteak Manu Aierdi kontseilariarekin izandako bilera oso argigarria izan zen alde horretatik, enpresaburuek konfiantza osoa adierazi baitzioten gobernu berriari. Eta Opuseko Unibertsitateak ere tonua aldatu zuen hauteskundeen ostean, garai bateko mezu erasokorrak alboratuta. Beraz, esan dezakegu egokitzapen prozesu bat dela hau eliteentzat. UPN krisian egon daiteke. Sistema, berriz, ez".
Igande honetan batzarra eginen du UPNk, behin-behineko presidentea aukeratzeko, eta Barcinak sortutako nahasmendutik ateratzen hasteko. Orduan ikusiko da erregionalismoak erronkari eutsiko dion ala nora ezean segituko duen.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.