Sanferminetako edozein egunen antzera, Iruñeko erraldoien konpartsako kideak ateratzeko zain daude ehunka lagun. Txarli, ordea, erraldoiak gordetzen dituzten gelan giltzapetu da, eta ez du inor sartzen uzten. Urduritasuna nagusi da, inork ez baitaki zergatik ez diren erraldoiak ateratzen. Hortik abiatuta osatu du Pedro Zabalzak (Iruñea, 1970) Gigante lana, eta Gaiarre antzokiak sanferminei buruzko antzezlanen inguruan antolatutako lehiaketan irabazle izan da. Atzo aurkeztu zuten Iruñeko antzokian, arrakasta handiz. Erraldoien konpartsako kideen parte hartzea izan da berezitasun nagusia.
Nola erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea?
Antzerki kritikaria izan naiz Diario de Noticias egunkarian, urte dezentetan. Pasio handiz bizi izan dut antzerkia. Aldi berean, asko gustatzen zait idaztea, eta, denetarik idatzi izan badut ere, azkenaldian geroz eta gustukoagoa dut antzerkia idaztea. Hori dela-eta hartu izan dut parte Gaiarre antzokiaren lehiaketan. Uste dut aurtengoa hirugarren parte hartzea izan dela, eta, oraingoan, saria eman didate.
Istorio bitxia jaso du zure lanak.
Askotan pentsatu izan dut nola egin sanferminekin lotutako zerbait. Gainera, proposamen ezberdinak egitea gustatzen zait. Sanferminek gai askotarako aukera ematen dute, eta, gainera, topikoetatik at egon daitezke. Alegia, ez du zertan zezenketa arratsalde bati buruzko lan bat izan. Pentsamendu horietan ari nintzela, ez dakit nola, Dog Day Afternoon filmarekin oroitu nintzen. Zapuztutako banku lapurreta baten istorioa kontatzen du filmak, eta lapurren eta kanpoan dagoen polizia baten arteko negoziazioa da ardatza. Iruditu zitzaidan ideia ona zela hori sanferminekin nahastea, eta erraldoien mundura jotzea horretarako. Alegia, planteatzea zer gertatuko litzatekeen norbait erraldoiekin giltzapetuko balitz, inori sartzen utzi gabe, eta, argumentuaren aitzakia horretatik abiatuz, istorio bat kontatzea.
Oso sanferminzalea al zara?
Uste dut zahartzen hasia naizela, baina bai, oso sanferminzalea izan naiz. Nik uste dut denei pasatzen zaiguna pasatu zaidala niri ere. Alegia, txikitan egunez bizi ditugu sanferminak, gurasoen eskutik goazelako. Urteetan aurrera egin ahala, gaueko bizitzan murgiltzen gara. Eta, gerora, berriro hasten gara egunez bizitzen. Hiri honetako edozein pertsonaren eboluzio arrunta da nirea ere.
Jatorrizko antzezlana aldatu da entseguak egin ahala. Erraldoien konpartsaren parte hartzea gakoa izan da.
Obraren argumentua, muina, bere hartan gorde da. Gauza bakarra egin dugu: erraldoien konpartsako jendearen istorioz betetako kontakizuna gehitu. Eta hori egiteko, mekanismo xume bat erabili dugu, oso berritzailea ere ez dena: antzerkia egin dugu antzerkiaren barruan. Hau da, errepresentazio bat dago antzezlanaren barruan, eta, hor, konpartsako kideak aktoreak dira, baina aldi berean baita pertsonaiak ere. Protagonista nagusiarena da salbuespen bakarra, pertsonaia da beti. Baina errepresentazio hori egitea oso mesedegarria izan zait, istorioak baduelako errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa bat. Protagonistak arazoak ditu zer den erreala eta zer fikzioa bereizteko, eta, horretarako, lagungarria izan da hasierako testua biltzen duen antzezlan bat sortzearen ideia lagungarria.
Zer eman dio obrari konpartsako kideen parte hartzeak?
Erabat ezberdina litzateke aktore profesionalekin egin izan bagenu. Ziurrenik, aurretik aipatu dudan hori guztia, errepresentazioarena alegia, ez litzateke existituko, ez lukeelako zentzurik. Jatorrizko testua bete-betean errespetatu izango genuke, eta oraingoa bezain emaitza ona izango genuke, baina ezberdinak lirateke. Horregatik uste dut taularatzea dela azkeneko produktua: testua abiapuntua da, eta, hortik aurrera, jendearen ekarpenekin aberastuz joaten da; agian, norberak ikusi edo pentsatu gabeko gauzak ikusten dituztelako besteek.
Nolakoa izan da esperientziarik gabeko aktoreekin lan egitea?
Egia esanda, liluratuta nago haiekin, ikaragarrizko inplikazioa erakutsi dutelako. Arriskuak hartzeak ez ditu beldurtzen; are gehiago, gustatzen zaie.
Zer modutan kasu egin diozu antzezlanaren prestaketari?
Antzerkiaren zale porrokatua naiz ni, prozesu osoarena. Ez naiz aktorea, eta ez dut antzezlana zuzentzeko behar besteko gaitasunik, eta egiten saiatzen naizen bakarra idaztea da, xumeki. Baina antzerkia bere osotasunean gustatzen zaidanez, ikasteko aukera gisara hartu dut hau. Alde horretatik, prozesu osoan parte hartzea gustatzen zait, ikasteaz gain, balio didalako azken emaitza nik kontatu nahi izan dudanaren isla dela ikusteko.
Zer sentitzen da norberak buruan izandako istorio bat taularatua ikustean?
Urduritasunez bizi izan dut prozesua, baina baita ilusioz ere. Halere, ez da lehen aldia izan. 2009an, modu nahiko antzekoan, eta Gaiarre antzokiaren ekoizpenarekin, nik idatzitako antzezlan bat egin genuen, Virtual izenekoa. Ez du zerikusi handirik oraingoarekin. Tira, ongi pentsatuta, badu zerikusia (barreak). Hikikomori baten istorioa zen. Japonian bizirik duten presio soziala jasan ezinik beren logelan giltzapetzen diren nerabeak izendatzeko kontzeptua da hikikomori. Beren logelan bizi dira, eta bideo jokoetan aritzen. Beraz, ez du lotura zuzenik Gigante lanarekin, baina, zentzu batean, bi lanetako pertsonaiei antzeko gauzak gertatzen zaizkie. Eta bietan dago itxialdi baten istorioa, baita errealitatea onartzeko zailtasuna ere. Paralelismoa badago, nahiz eta ez naizen haren bila ibili.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.