Irakurlea eta egilea, gertuago

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ira. 4a, 01:00

Ateak ireki berri ditu Nafarroako Komikiaren Azokak, seigarren urtez jarraian. Joan den larunbatean abiatu zen, eta irailaren 27ra arte izanen da zabalik. Hilabetez, komikiaren inguruko erakusketak, tailerrak eta bestelako jarduerak eskainiko ditu, Iruñeko hiru egoitzatan: Ziudadelako Armen Aretoan, Civicanen eta Corte Ingles saltokiko areto batean. Hainbat erakunde eta enpresaren laguntzarekin antolatu du jaialdia Tiza elkarteak.

Komikiaren sustapenerako elkarte horretako kide eta azokaren antolatzailea da Patxi Anton. Seigarren urtez ekin dio bere elkarteak jaialdiaren prestaketari, eta aitortu du orain sei urte ez zutela aurreikusten ahal azokak gaur egun duen harrera. "Ez genuen uste publikoaren aldetik halako erantzunik izango zenik". Izan ere, azoka "Nafarroako urteroko kultur programan egonkortutako ekitaldia" dela uste du Antonek. Azken urteetan Espainiako Estatuko hedabide nagusietan oihartzuna izan dutela dio, eta, oro har, "geroz eta zabalpen" handiagoa izaten duela jaialdiak. Eta are gehiago hazteko gogoa beti izaten dela aitortu badu ere, pozik mintzo da orain arteko ibilbideaz.

Egonkortze eta hazkunde hori ez da ezerezetik etorri. Badira, Antonen ustez, Nafarroako Komikiaren Azoka inguruko bestelako jaialdietatik bereizten duten elementuak. "Ez nuke esango berean bakarra denik, baina baditu beste azoketatik ezberdintzen duten ezaugarriak", dio antolatzaileak.

Denetan nagusia, ez duela ohiko azoken salerosketa helbururik. Nafarroako Komikiaren Azokan, sektoreko gainerako gehientsuenetan ez bezala, ez dira izaten argitaletxeek jarritako salmenta postuak. Horren ordez, "autorearengan" jartzen dute arreta, marrazkilariarengan, betiere, "hiru hanka nagusietan oinarrituz: umore grafikoa, ilustrazioa eta komikia". Hala, egilearen eta irakurlearen arteko "konexioa" bilatu nahi izaten dute antolatzaileek, antolatutako jardueren bitartez. Antonek dioenez, "konexio hori ez da sortzen bakarrik erakusketen edota liburu sinaduren bitartez, baizik eta tailerren eta bestelako jardueren bitartez".

Helburu horri eutsi eta aurreko urteetako joera mantenduta, umore grafikoaren, komikiaren eta ilustrazioaren izen handien bisitak programatu dituzte azokaren kolaboratzaileek. Besteak beste, Gallego eta Rey zinta egile ezagunak, Bernardo Bergara, Aitor Saraiba eta Mikel Urmeneta izanen dira Iruñean. Horiek guztiek ikusleekin harremana izateko aukera izango dute, horretarako prestatutako jardueren bidez. Horiez gain, Fermin Muguruza musikaria eta Harkaitz Cano idazlea ere izango dira hiriburuan, Black is Beltza proiektua aurkezten. Hain zuzen ere, egitasmo horri buruzkoa da aurtengo azokak antolatutako 11 erakusketetako bat.

Erakusketak eta beste

Marrazkilarien lana erakusgai jarri du beste behin jaialdiak, ikusleengana hurbiltzeko. Ziudadelako Armen Aretoak hamar erakusketa jaso ditu, eta beste bat Corte Ingleseko espazioak. Gallego eta Rey marrazkilari ezagunena da aurten antolatutakoen artean esanguratsuenetakoa. Prentsako umore grafikoaren arloan egindako lana erakutsi dute erakusketan, lehen zirriborroetatik hasi eta argitaratutako zintetaraino. Bide beretik doa Bernardo Bergara marrazkilari iruindarraren erakusketa ere. Umoregileak hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratutako lanen sorkuntza prozesua erakutsi du.

Fermin Muguruza, Harkaitz Cano eta Jorge Aldereteren Black is Beltza da, esan bezala, aurtengo beste erakusketa azpimagarrienetako bat. Izen bereko nobela grafikoaren ingurukoa da erakusketa, eta Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsak 1965ean New Yorkera egindako bidaia du abiapuntutzat. Orduko hartan, AEBetan zegoen arraza bazterkeriaren ondorioz, Iruñeko bi erraldoi beltzek ez zuten gainerakoekin batera desfilatzerik izan. Erakusketaz aparte, mahai ingurua ere izango da irailaren 10ean. Bertan, Muguruza eta Canoz gain, 60ko hamarkadan erraldoien konpartsakoa izandako kide batek parte hartuko du.

Leire Salaberria marrazkilari gipuzkoarrak, bestalde, Pamiela argitaletxearekin argitaratutako Hiltzaileak liburuko irudiak erakutsiko ditu. Misterioaren eta umorearen arteko tonuan egindako lan horrek Etxepare saria eman zion iaz Salaberriari.

Ricardo Cavolo, Mikel Urmeneta eta Belatz, Raul Cimas, Aitor Saraiba eta Laura Santolaya dira aurtengo azokak aurkeztuko dituen beste artistetako batzuk. Autoreak ikusleengana hurbiltzeko asmoari helduz, ekitaldi ezberdinak jasoko ditu jaialdiak. Cavolok, adibidez, mural bat egingo du irailaren 4an, zuzeneko musikaz lagunduta. Saraibak tailer bat eskainiko du irailaren 12an, interesa duen ororentzat, joan den asteburuan Paula Bonetek egindako bideari jarraituz. Urmenetak eta Belatzek, azokak irauten duen hilabetean, aurten hildako Javier Krahe musikariaren omenezko murala osatuko dute hainbat kolaboratzailek bidalitako marrazkiekin. Antonek aurreratu duenez, Alex de La Iglesia zinemagilea da lan horretan parte hartu dutenetako bat.

Bestalde, Belatzek tailer bat egin du Osasunbideko Adimen Osasuneko Errehabilitaziorako Zerbitzuko gaixoekin, eta horren emaitza ikusgai izango da beste erakusketa batean, eta esperientziari buruzko hitzaldia ere izango da, hilaren 17an. Gainera, umeentzako tailerrak ere izango dira, besteak beste.

Antonek adierazi duenez, diziplina artistiko ezberdinak uztartzea da Nafarroako Komikiaren Azokaren beste ezaugarri bereizgarrietako bat. Horren haritik, zinema eta komikia uztartuko dituen ziklo bat antolatu dute, Komikia eta Zinema, lurralde hibridoa izenarekin. Lau film eskainiko dituzte zikloaren barruan, asteazkenetan, Civicanen.

Tiza elkartearen helburu bera du azokak ere, komikia sustatzea. Eta helburu horri erantzuteko antolatu dute, beste behin ere, egitarau oparoa. Publiko orokorra komikira, ilustraziora eta umore grafikora hurbildu nahi dute horrela. Eta horretarako garai egokia dela uste du Antonek, gainera. Dioenez, "sare sozialek umore grafikoa jendearengana eramatea lortu dute", eta "ilustrazioa urrezko aroan dago". Aro goxo horri eustea bilatuko du, beraz, Nafarroako Komikiaren Azokak ere.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!