“Nafarroako antzerkigintzaren egoitza historikoa da Erriberri”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko uzt. 17a, 01:00

Sanferminetako zoramena amaitu eta gero, lasaitasuna ahalik eta lasterrena berreskuratu nahi izaten dute askok, eta, horretarako, bi asteko antzerki jaialdi lasaia izan daiteke aukera egokia. Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiak ezaugarri hori badu, beste askoren artean. Jaialdiaren muina diren antzezlanek ez ezik, hainbat hitzaldik, tailerrek, erakusketak eta beste zenbait ekintzak ere osatuko dute bi asteko egitaraua. Zentzumenen festatik lasaitasunarenerako jauzia.

Zergatik Erriberrin?

Nafarroako antzerkigintzaren egoitza nagusia izan delako 80ko hamarkadatik. Antzerkigintzaren programazioa Nafarroan oso eskasa zen garaian, Erriberrin maila handiko antzezlan eta antzezleak ikusteko aukera izaten zen. Jaialdi mitiko baten gisa gogoratzen da Erriberrikoa. Horrexegatik gorde genuen bertan. Nafarroako antzerkigintzaren egoitza historikoa da Erriberri.

Hamaseigarren jaialdia da aurtengoa. Nola hasi zen proiektua?

Hasieran, Erriberriko Udalaren proiektua izan zen, oso-osorik. 2000. urtean jaio zen proposamena, eta 80ko hamarkadatik zetorren jaialdiari segida ematea zen helburua. 2004an, Baluarte aretoak martxa hartu zuenean, Erriberriko jaialdiaren egitarauaren zati bat hartu zuen bere gain. Ordutik aurrera, Nafarroako Gobernuaren jaialdi bihurtu zen. Finantzaketari dagokionez, 400.000 euro inguruko kostua du jaialdiak. Aurrekontua %100 Nafarroako Gobernuak jartzen du.

Eguna aldatu zuten 2005eko jaialdirako.

Kultura Departamentuak eta Artea Zabaltzeko Sailak antolatutako ekitaldi guztien kokapen logiko bat lortzeko erabaki genuen eguna aldatzea, hainbat jaialdik bat egin ez zezaten. Horrela, Erriberriko jaialdia, Cultur eta Lizarrako antzinako musikaren jaialdia lotu ahal izan genituen, elkarri traba egin gabe. Udako egitarau kulturala indartzeko erabili genuen egun aldaketa, batik bat.

Aurreko urteetako egiturari eutsiko dio jaialdiak?

Bai. 2011n estreinatutako egiturarekin segituko dugu. Bi sail nagusi izango ditugu oholtza nagusian: Joyas de Palacio (Jauregiko Harribitxiak) eta Clásicos de Aquí (Hemengo Klasikoak). Harribitxien blokeak estatuko obra berri eta famatuen erakustokia izatea nahi du. Hemengo klasikoak, berriz, Nafarroako antzerki konpainien antzezlanak biltzen ditu. Konpainia profesionalak eta amateurrak tartekatuko ditugu.

Egitura berberari eutsita, berrikuntzaren bat edo beste sartzeko parada izan duzue.

Hala da. Bikain funtzionatu duen eskema aldatzeko premiarik izan gabe, bi berrikuntza sartzeko aukera izan dugu. Batetik, Milurteko Klasikoak izeneko atala txertatu dugu. Jende gazteak antzerkiaren mundua ezagut dezan, 90eko hamarkadan jaiotako antzezleek osatuko dute atal berri hori. Ez hori bakarrik, antzerkia erakargarriagoa izan dadin, antzezlan klasikoak gaur egungo egoeretara egokitu dituzte taularatu ahal izateko: Romeo eta Julieta-ren klasikoa reality show bat bihurtu dute. Bestalde, Martzillako Udalaren proposamenez, kohaen produkzioa aztertzeko ikastaroa antolatu dugu Martzillako gazteluan. Jaialdian beste balizko egoitzen funtzionamendua aztertzeko baliatuko dugu aukera hori.

Berrikuntzak alde batera utzi gabe, euskarazko edo ingelesezko antzezlanak txertatzeko aukerarik ez al dago?

Euskaraz ia ez dago antzerki klasikoa egitera animatzen diren konpainiak. Ingelesari dagokionez, oraindik ez dugu egin antzezlanetan azpidatziak sartzeko urratsa. Ingelesezko konpainia bikainak daude, baina Erriberriko jaialdia kalean egiten denez, ez zaigu agertoki egokiena iruditzen mota horretako antzezlanentzako, oraingoz behintzat. Ikusmen edo entzumen arazoak dituztenentzat, bai, prestatu ditugu antzezlan bereziak.

Cervantesekin hasiko duzue jaialdia.

Harribitxien blokea osatzen duten konpainiei jaialdiko egun indartsuak, hots, ostirala eta larunbata gordetzen dizkiegu. Maila handiko antzezlanak ditugu aurten: Nikolas Makiaveloren El Principe, La Discreta Enamorada, Las Alegres Casadas, besteak beste. Hala ere, Kixotearen bigarren zatiaren urteurrena betetzen denez, egoki iruditu zitzaigun Entremeses de Cervantes antzezlanarekin hastea jaialdia. Egitarauaren gainontzeko zatia konpainien agendaren arabera antolatu dugu.

Antzezlanez ez ezik, jaialdia beste hainbat ekitaldiz josita dago. Zein dira arrakastatsuenak?

Eskola magistralak bereziki dira arrakastatsuak. Balio erantsia ematen diote jaialdiari. Antzerkigintzan era profesionalean edo amateurrean aritzen direnei tresnak eskaintzea da xedea. Maila handiko antzerki zuzendariek gidatzen dituzte eskola horiek, pertsona gutxiko taldeei eskola emanez. Eskola magistralez gain, Nafarroako antzerkigintzari buruzko jardunaldiak ere egiten ditugu. Nafarroako Unibertsitateko Siglo de Oro (Urrezko Aroa) ikertzaile taldeak antolatutako zientzia dibulgazioaren inguruko maila handiko jardunaldiak dira. Aurten, emakumeak antzerki barrokoan bete duen rola aztertuko dute.

Krisiak gogor jo zuen jaialdia 2011n.

Aurrekontua %50 jaitsi ziguten. Agertoki nagusi bakarrarekin gelditu ginen, La Cava-koa birmoldatu eta gero. Dirua beti dator ondo produkzio ikusgarriak egiterakoan, baina aktore, zuzendari eta produktore askoren talentuarekin nahikoa da, askotan, antzezlan bikainak egin ahal izateko. Badirudi egoera hobetzen ari dela eta, pixkanaka, lehengo antzerkigintza moldeetara itzultzen ari garela. Hala ere, BEZa %21 da oraindik ere. Eta horrek min handia egin digu.

Zein da jaialdira biltzen den ikuslearen soslaia?

Aztertu dugunaren arabera, 30 urte inguru dituen bikotea da ikusle artean ohikoena. Seme-alabak etxean norbaitekin uzteko aukera izan, eta beste bikote lagun batekin joan ohi dena. Amateurren antzerkigintza txertatzean, beste soslai bateko jendea ere etortzen hasi da.

Aurreko urtean, zenbat ikusle izan zituen jaialdiak?

Antzezlan guztietan eserlekuen %90 inguru egon zen beteta. Sarreren salmentei erreparatuz gero, 7.000 sarrera saldu genituen, hamabi antzezlanen artean. Hor ez ditugu kontatzen ekintza osagarrietan parte hartu zutenak.

Gobernu aldaketak eraginik izango du jaialdian?

Gobernu oso desberdin batekin ariko gara, hemendik aurrera lanean. Kultura kontseilari berria nor den jakin orduko jarriko gara harekin harremanetan.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!