Lurra eta ura ez galtzeko

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko uzt. 17a, 01:00

Haustura hidraulikoaren jomugan da Nafarroa. Bost proiektuk ukitzen dute herrialde hori. Frontera Energy Corporation enpresaren Aquiles izenekoa da haietako bat, eta urrats gehien egin duena, oraingoz. Haren eskutik, hain zuzen ere, 2D prospekzio sismikoak has daitezke, laster, Erriberako hainbat herritan. Bardeako lurrei eraginen lieke proiektu horrek, bai eta Cabanillas, Fustiñana, Ribaforada, Buñuel eta Cortes herrietakoei ere.

Haustura hidraulikoaren aurkako jarrera agerian utzi dute herriotako guztietako udalek. Teknika horrek gizakion osasunean eragin ditzakeen kalteak bazter utzi gabe, fracking-ak nekazaritzaren esparruan izan ditzakeen ondorioak jarri dituzte mahai gainean. Nekazaritza da Erriberako jarduera nagusia. Eta ez dute galdu nahi.

"Ura eta lurrak daude arriskuan". Horixe nabarmendu du Eduardo Navascuesek, Erriberako Ekologistak Martxan taldeko arduradun eta Nafarroako Fracking Ez plataformako kideak. Arrisku hori orain hurbilago dela salatu du, Espainiako Ingurumen Ministerioak Aquiles proiektuaren hurrengo fasea martxan jartzeko urratsa egin eta gero.

2D prospekzio sismikoekin proiektuaren bigarren fasea abiatuko litzateke, hain zuzen ere. Bigarren faseko lehen zatia, zehazki erranda. "Lehendabiziko fase batean, paperak jarri zituen enpresak mahai gainean. Agiriak osatu zituen, balizko zundaketak egiteko tokiak aztertuz", azaldu du Navascuesek. Paperean jasotakoa zein neurritan betetzen den ikustea izanen litzateke laster martxan jar daitekeen bigarren fasearen helburua: lehendabiziko zatian, prospekzio sismikoen bidez eginen lukete lan hori; eta bigarrenean, berriz, zundaketen bitartez.

Prospekzio sismikoak egiteko kamioiak erabiltzen dituzte enpresek. Navascuesek salatu du Frontera Energy Corporationek oraindik ez duela zehaztu lan horiek non egin nahi dituen. "Normalean, halako prospekzioak errepide eta bideetan egiten dira", azaldu du. Helburua da lur geruzaren ezaugarri litografikoak zehaztea. "Hori egiteko hainbat teknika erabiltzen ohi dituzte, eta prospekzio sismikoena da horietako bat".

Informaziorik ez

Prospekzio sismikoak egiteko baliatzen dituzten kamioiek motor baten bidez dar-dar egiten duen plataforma bat badute. Lur azpian hainbat zunda sartzen dituzte, eta plataformaren dar-dar hori jasotzen dute. Informatika programa berezi bat erabiltzen dute datu horien bidez lur geruzaren ezaugarri litografikoen irudia lortzeko. "Asmoa da, noski, gas poltsak egon daitezkeen edo ez baieztatzea", erran du plataformako kideak.

Prospekzio sismikoak egiteko ingurumen ebaluazio sinplifikatua eskatu du Frontera Energy Corporation etxeak. Horrek erran nahi du zuzenketak aurkezteko aukerarik ez dutela izan herritarrek. Ezin izan dute parte hartu. Informazioa ere urria dela salatu du Eduardo Navascuesek. Ezagutarazi du Poloniako enpresa batek eginen dituela lan horiek Erriberan.

Zundaketak eginen lituzkete bigarren faseko bigarren zatian. "Orduan, bai, ingurumen eraginaren adierazpena beharko luke proiektuak". Gasa ateratzeko eginen lituzketenak baino neurri txikiagoko zundaketak izanen lirateke, baina horietan ere "jariakin toxikoa" erabiliko lukete. Hau da, jariakin toxiko hori sartuko lukete Erriberako lurretan. "Egia da batez ere ura erabiltzen duela haustura hidraulikoaren teknikak; baina baliatzen dituen osagai kimikoak hagitz toxikoak dira; lur azpian dagoen radon gasa askatzen du haustura hidraulikoak, gainera, eta erradioaktiboa da. Lurrikarak izateko arriskuak ere gora egiten du fracking-aren eraginez, eta ur anitz kontsumitzen du".

Hirugarren fasean bigarrenean lortutako datuak aztertuko lituzke enpresak, gasa ateratzeko zundaketekin hasi edo ez erabakitzeko. "Azken zundaketa horiek egiteko ere ingurumen eraginaren adierazpena beharko luke proiektuak", zehaztu du Navascuesek. Bigarren faseko informazioa lortzeko zundaketetan 1.000-1.500 metrora eginen lituzkete zuloak; gasa ateratzekoak, berriz, handiagoak izaten dira: "2.500-3.500 metro sakon izan daitezke, eta 1.500-2.000 metro zabal", erran du Navascuesek.

"Putzu horien mehatxupean dira Erriberako lurrak eta ura", salatu du Nafarroako Fracking Ez plataformako kideak. Nafarroako bertze hainbat eskualde ukitzen dituzten bertze lau proiektu badirela gogoratu du.

Proiektu horiei guztiei aurre egin nahi izan zien Nafarroako Parlamentuak, eta haustura hidraulikoa debekatzen zuen legea onartu zuen 2013. urtean. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ordea, bertan behera utzi du. Parlamentuko bozketan UPNk eta PPNk bakarrik egin zuten haustura hidraulikoa debekatzen zuen testuaren aurka. PPN hasieratik agertu zen lege horren aurka, baina UPNk bere botoa aldatu zuen: batzordean egindako bozketan abstenitu egin zen; osoko bilerako azken bozketan, berriz, debekuaren kontrako boza eman zuen.

Erriberan bertzelakoa da egoera, eta UPNk agintea duen herrietan ere teknika horren aurkako jarrera erakutsi dute. Aquiles proiektuak ukitzen ditu, eta kezkatuta daude. Erribera osoan egin du gora haustura hidraulikoaren inguruko kezkak, azken asteotan.

TUTERA

"Aireak eta urak ez dute mugarik". Tuterako ingurumen zinegotzi Olga Risueñorenak dira hitzak (Ezkerra). Aquiles proiektuak ez ditu herri horretako lurrak ukitzen, zuzenean, baina Erriberako hiriburua da, eta haustura hidraulikoaren aurka egin du udalak.

"Fracking-aren aurkako mozioa lehendabizikoz aurkeztu zenean, atzera bota zuen udalak; bigarrenean, berriz, PP bakarrik gelditu zen haustura hidraulikoaren alde", gogoratu du Risueñok. Bi urte baino gehiago dira Tuterak bertze hainbat herrirekin bat egin zuela fracking-aren teknikaren aurka.

Urak eta aireak mugarik ez dutelako, hain zuzen ere. "Erriberako bertze herrientzat mehatxu dena guretzat ere bada", erran du Tuterako Ingurumen zinegotziak. "Eskualde osoaren etorkizuna dago arriskuan".

Udalek lan egiteko tarte txikia dute haustura hidraulikoaren aurkako borrokan, Tuterako zinegotziaren hitzetan. Baina horrek ez du erran nahi deus egiterik ez dutenik. "Kamioiak bide zehatz batetik pasatzeko baimenak emateko ardura, anitzetan, udalen esku dago. Gure esku dira hainbat erabaki, eta horien bidez ere lor dezakegu zerbait", erran du Risueñok.

Haustura hidraulikoaren mehatxua arriskutsutzat jo du Risueñok, eta arriskutsua da, halaber, haren ustez, herritar anitzek halakotzat ez hartzea, oraindik ere. "Azken hiruzpalau urteotan gero eta gehiago hitz egin dugu fracking-ari buruz; jendeak badaki zer den, baina mehatxu ikusezina da, nolabait erranda, oraindik ere. Lan handia dago egiteko, jendea ohar dadin haustura hidraulikoak izan ditzakeen ondorioez".

RIBAFORADA

"Poliki-poliki, baina aurrera egiten ari da haustura hidraulikoa, eta hori ez da batere ona guretzat". Ribaforadako alkate Jesus Mari Rodriguezen (PSN) kezkak gora egin du azken asteotan. Udaletxean ekainaren hasieran jaso zuten Aquiles proiektuaren hurrengo urratsen berri ematen zuen gutuna. "Prospekzio sismikoak hasi nahi dituzte; udalen iritzia eskatu dute, baina guk erran dezakegunak ez du proiektua geldituko edo aldaraziko; ez dugu indarrik. Tramite hutsa bertzerik ez da".

Erribera osoari eragiten dio Aquiles proiektuak Rodriguezen hitzetan. Baina argi du galtzeko gehien duen herrietako bat Ribaforada dela. "Ekonomiaren ikuspuntutik, gure herrian inon baino argiagoa da nekazaritzak duen garrantzia; gure herriko barne produktu gordinaren %30-40 da". Esportazioen bidez herriko kooperatibak 12 milioi euro biltzen dituela erantsi du alkateak, nekazaritzak duen indarraren adierazgarri.

"Gure bizimodua dago arriskuan; akuiferoak eta ibaiak kutsatzeko arriskua handia da", nabarmendu du Rodriguezek. Proiektuak aurrera egiteko modua kritikatu du, gainera. "Udalak aldatzen ari zirela aprobetxatu dute gutunak bidaltzeko; eta ingurumen ebaluazio sinplifikatua eskatu du enpresak. Horren helburua da ingurumenarekin lotutako kontrolei ihes egin ahal izatea", salatu du.

CABANILLAS

Jesus Santosek (PSN) ekainaren 13an hartu zuen bere esku Cabanillasko Udalaren ardura. Espainiako Ingurumen Ministerioak Aquiles proiektuko prospekzio sismikoen inguruan bidalitako gutuna hartu zuenerako, erantzuteko epea bukatuta zegoen. Onartu du jokoz kanpo harrapatu duela udala enpresak egindako azken urratsak, baina haustura hidraulikoaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. "Nahita aukeratu dute data; epez kanpo bada ere, haustura hidraulikoaren aurkako jarrerari eutsiz erantzunen diogu ministerioari", azaldu du alkateak.

Teknika horrek dituen arriskuak agerikoak direla nabarmendu du Santosek, eta kezka agertu du. "Nekazaritza da gure herrian nagusi; landa eremua da gurea, eta haustura hidraulikoak kalte handia eragiten ahal dio", salatu du. Egoera horretan udalek "deus gutxi" egin dezaketela uste du.

BUÑUEL

Buñuel da haustura hidraulikoaren kontrako manifestuarekin bat egin ez duen herri bakarra Erriberan. Jose Antonio Lasheras alkateak argi utzi du, hala ere, fracking-ari ezezko biribila eman diola herri horrek, eta lehenbailehen bat eginen dutela haustura hidraulikoaren aurkako herrien zerrendarekin. "Ez dugu haustura hidraulikorik nahi Erriberan", berretsi du UPNko alkateak.

Erriberako bertze herrietako alkateekin bat egin du Buñuelgoak ere. "Gure lurrak defendatu behar ditugu. Haustura hidraulikoak ekosistemari eragiten dio; ura kutsatzen du. Lurra da gure bizimoduaren oinarria, eta ezin dugu suntsitu", nabarmendu du Lasherasek.

Agerian utzi du Espainiako Gobernuaren eta Frontera Energy Corporation enpresaren eskutik informazio gutxi jaso dutela udalek. "Informazioa badugu, baina ez digute enpresak edo ministerioak eman, haustura hidraulikoaren aurkako plataformak baizik", salatu du.

Udala kezkatuta dagoela azaldu du alkateak; herritarren artean egoera bertzelakoa dela uste du, ordea. "Herritarrentzat kezka nagusia Ebro ibaia da. Ebrok eragiten die gure lursailei, eta Ebrori so bizi dira herritarrak". Haustura hidraulikoaren mehatxua mahai gainean dagoela argi du alkateak, baina uste du herritarrentzat, oraindik ere, ez dela lehentasunezkoa haren kontrako lana. "Urrutiko mehatxu bat balitz bezala ikusten dute", azaldu du Lasherasek. "Argi izan behar dugu, ordea, haustura hidraulikoak Ebro ibaiari ere eraginen diola".

Tuterako zinegotziaren iritzi bera du. "Udalek ez dugu anitz egiteko aukera, baina gure esku dagoen hori egin behar dugu". Oztopoak jarri behar dizkiote udalek proiektuari, alkatearen hitzetan. Nafarroako Gobernuak ere haustura hidraulikoaren aurkako presioa egin ahal izanen duela espero du Buñuelgo alkateak. "Denen onerako".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!