“UPN-koak epel hutsak dira; nabarrismo berria behar dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko eka. 19a, 01:00

"Erreketea erreserban. Oposizioko buruzagia Nafarroan". Hori irakur daiteke Dino Altavezen Twitter kontuko biografian. Parodia, ordea, errealitateari gailendu zaio, eta sare sozialetako izar bihurtu da fikziozko falangista karpetobetoniko hori.

Larunbatean, EH Bilduren kontrako elkarretaratzea egin zuen nafar eskuinaren sektore erradikalenak Iruñean. Pozik?

Bete beharreko zenbait irizpide eman nituen arren, manifestazioa erabat espontaneoa eta arrakastatsua izan zen. Ehunka herritar zintzo bildu ziren baleztenatarren etxearen ingurumarietan, hurrengo altxamendu nazionalaren pizte alaitsua izan litekeen ekitaldian parte hartzeko. Eta prentsa gorri eta abertzalearen boikotak ezin izan du hori geldiarazi. Neska-mutikoek, gazte eukaristikoek, familia ugaritako ama bihozberek eta goizetik gauera lan egiten duten beharginek argi esan dute: haiek ez zioten Bilduri botoa eman, eta, beraz, ez da bidezkoa ikastolakume handikote hori alkate izatea. Egungo demokrazia akastuna bidegabea da. Hauteskunde Legea berrikusi beharko dugu, halakoak errepika ez daitezen. Lagun ditudan epaileek esana didate: "Dino, lehen ez ziren halakoak gertatzen...".

Manifestazioan parte hartu zuten batzuei 25 euro pagatu zitzaizkiela argitaratu da. Ados al zaude horrekin?

Argi dago mundu honetan ezer ez dela doan ateratzen, ezta kontsignak ere. Dena dela, azpimarratu behar dugu deiadar patriotikoak naturalki sortzen zaizkigula erraietatik, gu guztion bihotz foral eta espainoletik. Gaur, Nafarroa osoak ozen egiten du oihu: "¡Asiron, tu eres español!" [Asiron, zu espainiarra zara!].

Baina Asiron alkate da jada. Zer eginen duzu hemendik aurrera?

Esan dudan bezala, handikote horrek ez du inongo zilegitasun politikorik, eta herritar guztiak barnetegira eraman nahi gaituen gutxiengo gaizkile bat ordezkatzen du soilik. Eginen dudan lehenbiziko gauza izanen da harekin batzartu, eta aurpegira esanen diot Uztailak 18 mugimendua hasi besterik ez dela egin. Udalaren osoko bilkura guztietara joanen naiz nire lantaldearekin: Paternako Kaudilloa, Leticia Sabater —administrazio lanetan—, baleztenatarrak eta Pancha Navarrete. Entzunen gaituzte. Gure aldarria izanen da: Bildu, condena o vas a la trena [Bildu, gaitzetsi ezean, kartzelara zoaz].

Helduko al da apokalipsia?

Apokalipsia hemen dugu jada. Sakanako gulagera eramanen gaituzte; itzuli dira txekak Erriberara eta sobietak Txantreara; Errepublika Independentea aldarrikatu dute Vianan; eta Tuteran, hasiak dira gurutzeak erretzen. Datorren astean, Nicolas Maduro eta Evo Moralesen bisita espero da Nafarroan; eta Ipar Koreako ordezkaritza batek NUPeko Telekomunikazio Ingeniaritza Fakultatea ikuskatzea espero da... Morrosko sendoak beharko ditugu, kaosean ordena ezartzeko. Entzun dezaket jada Artaxoako 40en ra-ta-ta-ta-ta hori...

Javier Esparzaren eta Sergio Sayasen dimisioa eskatu duzu...

Navarrisimo-k ez du adorerik eta ez anbiziorik izan; ez du harremanik estutu PSNrekin, Ciudadanosekin, PPrekin, UPDrekin, Voxekin, ezta Falange y Tradicion-ekin ere. Bere misio loriatsuan porrot egin du. Sergio Sayasek ere, Navarrisimo-ren komunikazio kanpainaren arduraduna zen heinean, huts egin du. Indarra eta oldarkortasuna falta izan zaizkio. Biek ala biek dimisioa aurkeztu beharko lukete lehenbailehen, eta bidea eman Uztailak 18 mugimenduari, kaosa eteteko gai den alternatiba bakarrari.

Oposizioko lider gisa ikusten al duzu zeure burua?

Odol berria behar dugu; freskotasuna eta benetako nabarrismoaren dosi batzuk, hau da, molde zaharreko nabarrismo berritua eta gogortua. UPNkoak epel hutsak izan dira, eta jendeak zigortu ditu horregatik. Ni sarituko naute. Bihozkada loriatsu batek esaten dit Nafarroako politikagintzaren pasarte garrantzitsu askoren protagonista izanen naizela.

Oihartzun handiko kanpaina egin duzu AHTaren alde. Kolokan al dago azpiegitura hori?

Nazka-nazka eginda nago txakurtxistu zarpail saldo batek Nafarroako lan publiko onuragarri guztiak geldiarazteaz. Txu-txu gutxiago eta xanpu gehiago! Begien bistakoa da Los Arcosko zirkuituaren eta Navarra Arenaren gisako azpiegiturek ekarri diguten aberastasuna eta garapena. Orain, AHTaren kontra daude, azpiegitura horrek Europarekin lotuko gaituelako eta pairatzen dugun bakartze honetatik aterako gaituelako. Leizeetan bizi nahiko lukete haiek, baina porrot eginen dute. Eraikuntza enpresetako nire lagunekin hitz eginen dut, eta beste azpiegitura estrategiko batzuk egiteko beharra helaraziko diet; besteak beste, Iruñea-Ezkaba metroa eta Iruritako zentral nuklearra.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!