Arturo Goldarazena (EH Bildu): “UPNk garesti ordaindu du bere itsukeria”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko eka. 12a, 01:00

Tafalla eta Iruñea artean dabil egunotan Arturo Goldarazena (Tafalla, 1965). Ezusteko handirik ezean, bere sorterriko alkate izanen da, eta galtzak bete lan dabil, gobernu taldea osatzeko negoziazioetan murgilduta. Aldi berean, eskolak ematen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan. Ez du zailtasun handirik espero, ezkerreko gainontzeko indarrekin batera, aldaketaren doinua udalera eramateko.

EH Bilduk zortzi zinegotzi lortu ditu, eta UPNk, lau. Espero zenuten halako aldearekin irabaztea?

Gure arrakastak bainoago, UPNren amiltzeak harritu gaitu. Jakin bagenekien Tafallako jendeak egoera irauli nahi zuela, erakunde publikoak berritu nahi zituela, eta hori guztia kalean nabari zen. Horregatik, EH Bilduren igoera espero genuen, baina UPNk behea jo izana ezusteko handia izan zen.

Zeintzuk izan daitezke UPNren gainbeheraren arrazoiak?

Nire ustez, UPNren jarrera intransigentea izan da faktore nagusietako bat. Kontabilitate kontuetan, batez ere, bizkarra eman diete gainontzeko udal taldeei, eta jendea jabetu da horretaz. Sei zinegotzirekin, ezin diozu gizartearen gehiengoaren aurrean entzungor egin, garesti ordaintzen baita gisa horretako itsukeria. Bestalde, udalaren kudeaketa bera oso opakua izan da, hertsia erabat. Den-dena maneiatu dute udal gobernu taldeko kideek, eta ezinezkoa izan da ikuskaritza lana egitea. Oro har, esanen nuke UPNk udalaren ateak itxi egin dizkiela herritarrei.

Krisiaren kudeaketari eta aginteak eragindako higatzeari leporatu dizkie UPNk emaitza txar horiek. Ados zaude irakurketa horrekin?

Ez dut uste hori Tafallako kasuan aplika daitekeenik. Ez da erreala. Gure herrian, beste hainbat tokitan bezala, egoera ekonomikoa ez da sobera ona, baina udala ez dago itota, zorpetzearen muga ez baitugu gainditu. Langabezia tasa, berriz, bai. Handia da, batez ere gazteen artean, eta horrek, seguruenik, eragina izan du UPNren gainbeheran. Baina halako eroriko bat ez da azaltzen erraza, eta faktore asko hartu behar dira kontuan.

Eta, kontrara, zeintzuk izan dira EH Bilduren indarguneak?

Nik bi ardatz nabarmenduko nituzke, batez ere. Alde batetik, lau urte hauetan udalbatzan egin dugun lan serioa; eta bestetik, herritarren parte hartzeari eman diogun protagonismoa. Lehen ardatzari dagokionez, uste dut arduraz jokatu dugula legealdi osoan: gure printzipioei muzin egin gabe, oposizio irmoa eta gogorra egin dugu hainbat unetan, baina era berean, ez digu lotsarik eman unean uneko akordioak lotzeak, izan UPNrekin edo beste edozein alderdirekin, tafallarren mesedetan zirela uste bagenuen. Herritarrek begi onez ikusi dute jarrera hori.

Herritarren parte hartzea ere aipatu duzu...

Bai, hori izan zen gure programaren oinarrietako bat. Hauteskunde kanpainan ez genuen promesa ikusgarririk egin, egungo egoera ekonomikoan, inbertsio handiak eginen dituzula promes egiteak ez baitu zentzurik. Finean, ez dago horretarako dirurik; eta halako proiektuak, paperean itxuroso azaltzen diren arren, ez dira egingarriak. Horren ordez, printzipio argiak eskaini genituen: parte hartzea, gardentasuna eta talde lana. Ahotsa eman diogu jendeari, proposamenak egiteko garaian. Filosofia horizontala da erabat, herritarrek beraiek helarazi dizkigutelako euren beharrak, nahiak eta proposamenak. Eta hortik aitzinera, denon artean erabakiko dugu alternatiba hori eraikitzeko modua.

Gehiengo osotik zinegotzi bakarrera gelditu zarete, baina beharrezkoa izanen da itunak sinatzea, udal gobernu taldea osatzeko. Nola daramatzazue negoziazioak?

Orain arte, ezkerreko indarrekin batzartu gara: Ezkerrarekin, IT Iniciativa por Tafalla taldearekin eta PSNrekin. Hirurek ala hirurek borondatea agertu dute negoziatzeko eta gure proposamenak aztertzeko, baina gaur gaurkoz ez dugu itunik sinatu. Negoziazioak, ordea, beste zutoin bat dauka: udaleko organoen eta batzordeen banaketa. Udal gobernu taldea osatzeko elkarrizketetatik banandu nahi izan dugu karguen aukeraketa, ez dugulako negoziazioa karta-trukatze soil bat bihurtzerik nahi. Beraz, hilaren 13tik aitzinera erabakiko dugu batzordeen osaketa.

Zeintzuk izan dira zuen lehentasun programatikoak, negoziazio horietan?

Negoziazio mahaian eseri diren gainontzeko taldeei helarazi diegun lehen puntua larrialdiko aurrekontuena izan da. Izan ere, urteak daramatza UPNk aurrekontuak aurrera atera ezinik, eta hori konpondu behar dugu ahalik eta lasterren. Beraz, 2015eko behin-behineko kontuak negoziatu nahi ditugu, udal talde bakoitzaren proposamenak eta herritarrek egindako ekarpenak aintzat hartuta. Helburu hori lortzen badugu, oso mesedegarria izanen da tafallarrentzat, eta alderdiontzat ere baliagarria izanen da, 2016ko aurrekontu behin betikoen zirriborro gisa.

UPNko buruek EH Bilduren aurka zabaldutako mezuak etengabeak izan dira kanpainan. Zaila izan al da ideia horiei aurre egitea?

Ez gehiegi, jendeak naturaltasun osoz hartu baititu gure proposamenak. Guk, batez ere, ilusioa nabaritu dugu, UPNk astindu dituen mamuen gainetik, eta hori argi gelditu da hauteskundeen emaitzetan. Gizartearen zatiketa areagotu nahi izan zuen UPNk, EH Bildukoak deabruen gisara aurkeztuta. Baina kukuak oker jo dio. Beldur eta mesfidantza horiek ez dira inondik ere azaldu.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!