Iruñeko kaleak, artisten esku

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko eka. 5a, 01:00

Iruñeko Alde Zaharreko kale eta bazterrak hartu dituzte arteak eta artistek egunotan. Duela zazpi urte sortu zenetik aurrenekoz, aste osoko iraupena hartu du aurten Artisten Auzoa jaialdiak. Astelehenean abiatu zen, eta bihar bukatuko da, Nabarreriako Zabaldi gunean egingo den jaiarekin. Sei egunez, Alde Zaharreko txoko askotan izan dira erakusketak, kontzertuak, antzerkiak eta bestelakoak.

Idoia San Matias antolatzaileetako batek azaldu duenez, duela zazpi urte, 2008an egin zen aurrenekoz Artisten Auzoa. Bi lagunen arteko ideia izan zen hasiera batean: "Bi lagun elkartu ziren, interes komun bat zutelako. Hain zuzen ere, artea kalera atera zedin nahi zuten, han egon behar baitu arteak, kalean, denontzako eskuragarri izateko moduan. Ez leku itxi batean, baizik eta Alde Zaharraren gisako eremu ireki batean". Ideia horren bueltan hasi ziren lanean orduan, eta, gutxika, interes hura partekatzen zuten pertsona gehiago bildu eta jaialdia izango zena borobildu zuten. Ordutik, otsaileko egun batean egin izan da urtero; aurten, ekainean, eta astebetez.

Ideia orokorra, ordea, modu bertsuan mantendu da: jaialdiak irauten duen denboran, sortzaileek kalera ateratzen dituzte haien lan eta ikuskizunak, jendearengana hurbildu eta publikoarekin partekatu ahal izateko. San Matiasek dioenez, "artearen bitartez elkarrizketa bat gauzatzeko jardunaldiak" dira Artisten Auzoak proposatzen dituenak, "herritarrak parte hartzaile bihurtzen dituzten jardunaldiak". Hain zuzen ere, artea da bidea artista eta herritarraren artean harremana eta elkarrizketa izan dadin.

Sortu zenetik, El Vertigo de la Trapecista elkarteak hartu du egitaraua antolatzeko ardura. Aurten, ordea, elkarte gisara eratu da Artisten Auzoa bera, parte hartzen duten artistek osatua. Erabaki horrekin, San Matiasek dioenez, "erosoagoa" izango da antolaketa eta kudeaketa. Hala, bere bestelako jardunarekin jarraituko du El Vertigo de la Trapecista elkarteak, eta Artisten Auzoaren eginkizun zehatzak hartuko ditu bere gain elkarte berriak. "Dibortzioa oso adiskidetsua" izan da San Matiasen iritziz, "eta bi aldeentzako onuragarria".

Ez da makala antolatzaileen taldeak aurreko hilabeteetan egin behar izan duen lana. San Matiasek azaldu duenez, prozedura zehatza jarraitzen dute urteroko egitaraua antolatzeko: "Lehenik eta behin, iazko jaialdiaren balorazioa egiteko elkartzen gara, zer hobetu dezakegun pentsatzeko. Gero, izena emateko epea zabaltzen dugu, nahi duen artista orok, inolako mugarik gabe, izena eman dezan". Antolatzaileak argi du ez dagoela inor baztertzerik: "Gu antolatzaile hutsak gara, eta ez dugu uste arteak inolako mugarik izan behar duenik, eta are gutxiago muga horiek guk jarri behar ditugunik". Hala, "gozatzeko gogoa eta artea pertsona guztiekin partekatzeko nahia" duen orok izena eman dezake jaialdian, eta kalera eraman bere sormena. Bestalde, finantzaketa iturriak ere bilatu behar izan dituzte antolatzaileek, aurten "oso txikia" izan baita Iruñeko Udalaren laguntza. Azkenik, jarduerak jasoko dituzten espazioen bila ere aritu dira, taberna, tailer, denda eta liburu dendetan, besteak beste.

138 ekintza, aste bakarrean

Azken hilabeteotan egindako lanak, azkenean, emaitza oparoa ekarri du, astelehenetik martxan baitira 138 arte ekintza baino gehiago. Besteak beste, 47 erakusketa iraunkor, 28 kaleko ekintza, bost antzerki pieza eta 37 kontzertu antolatu dituzte beste horrenbeste kale, plaza, txoko eta tabernatan. Horien guztien artean, aipagarriak dira Pozoblanco kaleko putzuaren gainean Lazaro H. Cano artistak jarritako instalazioa, Irla izenekoa, edota jaialdiaren ibilbidea errepasatuz Kondestable jauregian jarritako atzera begirako erakusketa, Zazpi izenekoa. "Bere parte hartze edo ekarpenagatik jaialdiarentzako garrantzitsuak" izan diren hamar artistak parte hartu dute erakusketa horretan.

Horien artean, leku berezia du duela hilabete gutxi hil zen Koldo Agarraberes margolariaren obrak. Hala, "keinua" egin nahi izan diote antolatzaileek artistaren memoriari.

Agarraberesena izan zen, hain zuzen ere, Artisten Auzoko egitaraua egun bakarretik astebetera pasatzeko ideia. San Matiasek dioenez, aspalditik zetorren asmoa, "artista askok ziotelako egun bakarrarekin motz geratzen zela". Hala, ideiaren inguruan eztabaidatzeko, antolatzaileek bilera batera deitu zituzten artistak, eta, azkenean, egitaraua sei egunetara luzatzea erabaki zuten, "gehiago zabaldu ahal izateko, jende gehiagorengana iristeko eta ahalik eta gehien gozatu ahal izateko". Amaierara iristen ari da astebete hori, baina oraindik aukera dago Alde Zaharreko kaleetara atera eta arte ikuskizunekin topo egin eta gozatzeko.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!