Katrina urakanak New Orleans hiria (Louisiana, AEB) suntsitu eta ehunka hildako eragin zituen 2005eko udan. Kalteak konpontzeko eta hiria berreraikitzeko sortutako mugimendu hiritarrari N.O.L.A After Katrina (New Orleans-Louisiana, Katrina ondoren) izena eman zitzaion. Eta hiri horretan egiten den gauza orotan bezala, musikak ere garrantzi handia izan zuen orduko prozesuan.
Paralelismoa Iruñera ekarrita, "Barcina erauntsiaz" mintzo da Jon Zelestino musikari eta Broken Brothers Brass Band taldeko kidea. Haren eta inguruko beste hainbat musikariren ekimenez, NOLA? Iruñea after Barcina jaialdia egingo da asteburuan Iruñerriko hainbat tokitan. Hiru egunez, kalea hartuko du musika beltzak, Barcinaren aroaren amaiera ospatzeko. Zelestinok aipatu du ideiaren abiapuntua: "Lagun artean, aspalditik erabiltzen genuen Yolanda Barcinaren erauntsiaren ideia, Iruñeko alkatetzan zegoenetik guretzat erreferentziazkoak ziren hainbat gauza eta mugimendu suntsituak izan direlako, hala nola Euskal Jai gaztetxea, txosnen mugimendua eta Gazteluko plaza". Iruñeko alkate izan ostean, "suntsiketa" horien arduradun izandakoak, Yolanda Barcinak, Nafarroako presidente kargua hartu zuen 2011n, eta orain utzi berri du. Eta haren agintearen bukaera ospatzeko ere New Orleansko eredua hartu dute jaialdiaren antolatzaileek. "Han oso errotua dago bizitzaren ospakizuna, eta hiletak, adibidez, jai handia izaten dira". Hala, Iruñean ere, "ospakizuna" egingo dute asteburuan.
Zelestinok dioenez, "protesta egiteko modu eraginkorra" izango da jaialdia bera, "pozez eta ospatuz" egina. "Zer ez dugun nahi eta gauzak nola egin nahi ditugun pentsatzeko ere balio izango du", haren hitzetan. Eta hor kokatzen da jaialdiaren izenaren hitz-jokoa. NOLA? horrek New Orleans-Louisiana siglei egiten baite erreferentzia, baina baita euskarazko hitzari ere: "Aldaketa dator, bai, baina nola egingo dugu?".
Ezkutuko musika, kalera
Badago bestelako lotura bat ere New Orleans eta Iruñearen artean, Zelestinok dioenez: "Azken urteetan Iruñeko estoldapeetan musika beltzaren inguruko mugimendua sortu da, bai Sustraian Recordsen inguruan, eta baita Katakrak, Jazar, Barañaingo Nabea eta halako tokietan ere. Txantxetan esaten genuen horiek guztiak estoldetan zeudela, eta uholde bat gertatzen denean estoldetan dagoena kalera ateratzen dela, eta espaloietan geratu. Bada garaia hori bistaratzeko". Musikariak gaineratu duenez, berriro kalera atera nahi dituzte "erauntsiak iraun duen bitartean lur azpian, ezkutuan izan diren gauzak".
Asteburuko jaialdiak, beraz, musika talde horiek guztiak plazara ateratzeko eta elkarren arteko loturak sendotzeko aukera ere eskainiko du. "Topaketa kolektiboa" izango da, antolatzaileen hitzetan. "Aitzakia bat", Zelestinok dioenez, "jendea elkartu eta martxan jartzeko". Horregatik, bereziki iganderako antolatutako jarduerei ematen diete garrantzia: New Orleansen estilora, desfilea izanen da Alde Zaharreko kaleetan, Iruñea Nola Brass Bandek lagunduta, eta, ostean, piknika Argako ibaiertzean. "Elkarrekin harremanetan jartzeko" aukera izanen da horrela.
Bada, azkenik, New Orleansko esperientziatik Iruñera ekarri nahi duten beste elementu bat. Zelestinok dioenez, Katrina urakanaren aurretik batez ere, "New Orleansko kultura turismoa erakartzeko balio ekonomiko bezala" erabili zuten, "eszena oso komertziala sortuz". Katrina-ren ostean, ordea, "jendea musika auzotik eta auzoarentzat sortzen hasi zen berriro". Eta, hain zuzen ere, espiritu hori nahi dute Iruñera ekarri, "jendeak bere musika egin dezan, auzoari begira". Hausnarketa baten ondorio da nahi hori: "Ikusten genuen 80ko hamarkadatik hona rockak ez diola herriari musikarik edo ereserkirik eman, sakonki identifikatzeko musikarik ez diola eman, beste garai batzuetan gertatu den bezala". Egoerari konponbidea emateko saioa ere bada, beraz, jaialdia bera. "Azken 30 urteetan rockak ez duena lortu nola lortu pentsatzea da asmoa. Eta gure proposamena da hori guztia musika beltzetik, rapetik eta dantzarako musikatik egitea".
Zeregin horretan ez dira bakarrik izango musikariak. Are gehiago, parez pare ireki dituzte jaialdirako ateak. "Topaketa parte hartzailea" nahi dute egin, eta, horretarako, konpartsak sortzeko gonbita egin diete antolatzaileek herritarrei. Beste behin ere, New Orleanskoa izango da eredua: desfileetan jotzen ari diren taldeei laguntzeko konpartsak izango dira, mozorroekin, dantzan. Eta publikoak ere izango du dantzatzeko eta parte hartzeko aukera.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.