Ikasleen tutoretza saioen eta gradu amaierako lanen zuzenketen artean, tartea egin dio Carlos Vilches Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologia irakasleak (Iruñea, 1955) Nafarroako Hitza-ri, bozetako emaitzak aztertzeko.
Hauteskundeen emaitzek aukera ematen dute gobernu alternatibo bat osatzeko. Zein da zure irakurketa?
Ziklo luze baten amaiera da hau. 24 urtez, eskuina agintean izan da Nafarroan, eta askoren grina zen alternatibak eraikitzea. Orain arte, ezinezkoa izan da hori, batez ere, PSNren jarrerarengatik, baina hauteskunde hauetan aukera berriak zabaldu dira. Une hau oso interesgarria da, hain zuzen, PSN bazter uzteko aukera eskaintzen dielako aldaketaren aldeko indarrei. Bestalde, Espainian gertatu den fenomenoak oihartzuna izan du hemen ere; hau da, bipartidismoa sustatu duten alderdi tradizionalen gainbehera. Ezinbestekoa izanen da, hemendik aurrera, bestelako kultura politikoa ezartzea: kontsentsuarena eta akordioena. Nafarroako Parlamentuan nahiz udaletan, ezkerreko indarrek itunak lotu beharko dituzte, aldaketa gauzatzeko.
Nafarroan, Podemos Ahal Dugu-k emaitza onak lortu ditu, baina EH Bilduk eta Geroa Baik ere gora egin dute. Nondik atera dira aldaketaren aldeko boto horiek guztiak?
Hauteskundeen emaitzak aztertzen ditugunontzat, horixe da gure buruhausterik handiena, eta, segur aski, ez da erantzun bakar bat izanen. Izan ere, matematikak soilik erabilita, nekez uler daitezke emaitzak. Alde batetik, UPNk boto asko galdu ditu, botereak eragindako higatzearengatik, eta PSNk ere babesa galdu du, erregionalisten makulu gisa ikusi dutelako askok. Bestalde, Ahal Dugu-k etekina atera dio jendearen mobilizazioari, parte hartzea lau puntu igo baita 2011ko bozekin alderatuta, eta, horrez gainera, PSNri eta Ezkerrari boto asko kendu dizkie. Niretzat, ordea, emaitzarik harrigarriena Ciudadanosena izan da. 3-4 eserleku izanen zituztela zioten inkestek, eta hutsean gelditu dira.
Gobernu alternatibo bat osatzeko elkarrizketak abiatu ditu Geroa Baik. EH Bildurekin koalizioa lehenetsiko du, ala PSN erakartzen saiatuko da?
Kontuan izan behar dugu PSN kinka larrian dagoela gaur egun. Gainbeheran den alderdia da, UPNrekin kolaboratu izanaren ondorioz, oso irudi txarra dauka, eta, gainera, haren botoak ez dira beharrezkoak gobernu alternatibo bat osatzeko. Geroa Bairen aldetik ez dakit aukerarik onena litzatekeen halako indar bati lotzea. Bozetatik atera dezakegun ondorio garbiena da ideologia eta ikuspuntu anitzeko itunak beharrezkoak izanen direla. Ezin zaio horri bizkarra eman. Beraz, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ados jarri beharko dute, alternatiba bat osatze aldera.
Eta ados jartzen ez badira?
Ez dakigu zer gerta litekeen hauteskundeak errepikatuko balira, eta, segur aski, halako momentu historiko bat ez da errepikatuko, blokeen indarrak oso parekatuak daudelako. Beraz, aukera baliatu beharko dute. Orain izanen da, ala, agian, inoiz ez.
2007an, Madrilera jo zuen UPNk, Nafarroa Bai eta PSNren arteko gobernu ituna eraisteko. Oraingoan antzeko azpijokoak erabiliko dituela uste al duzu?
Gaur egun, ez dut uste UPNk nahikoa indar eta eragiteko ahalmena duenik horretarako. Ez dut indartsu ikusten. Boto gehien jasotako zerrendaren diskurtsoari heldu diote etsi-etsian, bai parlamentuan baita Iruñeko Udalean ere, balizko gobernu alternatiboei zilegitasuna kentzeko, baina ez dut uste askoz harago joanen direnik, ezin dutelako.
Hausnarketa egin beharko du UPNk?
Bai, batez ere, kontuan izanda erregionalistek behera egin dutela legebiltzarrean, baina, batez ere, udaletan. UPNren gotorlekutzat genituen horietan ere higadura sekulakoa izan da. Tuteran, adibidez. UPNren boto historikoak zurruna zirudien hainbat gunetan, mugiezina, baina fideltasun hori ere hautsi egin da hauteskunde hauetan. Finean, UPNk kontra du demografia. Erregionalisten boto-emaile klasikoaren profila adinekoa da; horrek ez du esan nahi gazte batzuk ere erakartzen ez dituztenik, baina eskuineko boto-emaile gazteak ez dira hain fidelak. UPNk beste estrategia bat aplikatu beharko du aurrerantzean, boto gaztea erakarri nahi badu.
Izan ere, ezker-eskuin eta abertzale-espainolista dikotomiez gainera, hirugarren ardatza agertu da azkenaldian: politika egiteko molde zaharrak eta berriak banatzen dituen hori...
Halaxe da, bai. Duela gutxira arte, bloke zurrunek baldintzatzen zuten politikagintza: ezkertiarrak, eskuindarrak, abertzaleak, espainiar nazionalistak... Oso zaila zen eremu batetik bestera igarotzea, baina boto-emaile gazteen planteamendua ez dago hain ideologizatua. Askoz pragmatikoagoak dira, eta baldintzen nahiz proposamen zehatzen arabera ematen dute botoa. Errealitate hori ere kontuan hartzeko modukoa da.
Zer iritzi duzu hauteskundeen aurreko inkestez? Asmatu egin al dute?
Tira, askotariko emaitzak eman zituzten. Erreferentzia gisa Navarrometroa hartzen badugu, argi dago ezetz, ez zutela asmatu, UPNren galera eta Ahal Dugu-ren igoera anplifikatu egin baitzituzten. Inkesta hori ongi zegoen jendearen nahiak eta gogoak ezagutzeko, baina datuak ez ziren fidagarriak. Zergatik? Bada, gauza bat delako jendearen nahia, eta oso bestelako bat, jendeak benetan egiten duena. Une jakin batean, jende askok esan dezake nazka-nazka eginda dagoela ustelkeriarekin eta beharrezkoa dela aldaketa. Baina nahi hori ez da modu homogeneoan zehazten, eta unean uneko faktoreek eragin handia izan dezakete botoan. Hauteskundeen aurreko azken inkestak, adibidez, askoz serioagoak izan ziren, eta asko hurbildu ziren benetako emaitzetara.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.