Kokaleku zehatza aipatzen zen mezu elektroniko anonimo batean: San Bartolome gotorlekua, Iruñeko harresian. "Gutun-azal bat aurkituko duzu zirrikitu batean. Bakarrik joan zaitez", zioen mezuak. Zigarretari azken kea eman, eta hara abiatu da protagonista, abenduko gau hotzaren iluntasunak lagunduta. Gabardina luzea, bufanda eta kapelua daramatza soinean, inork ezagut ez dezan. Mezuak zioen bezala, harresiko zirrikituan dago gutun-azala, baina, hartu duen unean, lau figura beltz azaldu dira itzalen artetik. Poliziak dira. Eskuburdinak jarri dizkioten arte ez dira jabetu gabardinaduna Santiago Cervera dela.
Eleberri beltz batetik ateratako pasartea dirudi, baina errealitate gordina da. Xantaiak, espioitza, ustelkeria, konspirazioak, botere ekonomikoa eta politikoa kontrolatzen duten familia aberatsak... Hamaika nobela edo gidoi idazteko adina misterio dago Nafarroako egungo erregimenaren gibelean. Horren jakitun, Nobela beltza, errealitate beltza izeneko mahai ingurua antolatu zuen Iruñeko Karrikiri elkarteak iragan astean.
Joxerra Senar BERRIAko kazetaria, Ivan Gimenez El corralito foral liburuaren egilea, Jon Alonso idazlea eta Patxi Urrutia Kontuz elkarteko kidea aritu ziren gaiaz solasean, eta foru komunitatearen alderik ilunena azaleratzen saiatu ziren.
"Nire liburuetako batean Cervera, gutun-azala eta harresiaren eszena edo horren gisakoren bat idatzi izan banu, idazle txartela erretiratuko lidakete segituan", esan zuen Alonsok, saioaren hasieran. Haren irudiko, fikzioak "egiazkotasuna" bilatzen du, errealitatea imitatzen du; baina, askotan, errealitateak berak egoera sinestezinak aurkezten ditu: "Cerverarena hain da gehiegizkoa, nobelagile txar batek asmatutako burugabekeria ematen du... egia izan arren".
Muturreko pasadizoez gainera, ordea, Nafarroak adibide ugari eskaintzen dizkio detektibe eleberri bat edo thriller bat idatzi nahi duenari. Aingeru Epaltzak, adibidez, maisuki islatu zuen Iruñea zaharreko giro kirastua —hiriaren izena aipatu gabe— eta botere politiko nahiz ekonomiko ilunen itzal luzea Rock'n'roll eleberrian. Fikzioaz harago, ordea, ustelkeriari izen-deiturak paratu dizkioten saiakera liburuak izan dira, azken urteetan, arrakasta handiena erdietsi dutenak; besteak beste, Joxerra Senarren CAN: eta hemen ez da ezer gertatu (Pamiela, 2015); Jose Mari Esparzaren La sima (Txalaparta, 2015); edota Alberto Gil, Aritz Intxusta eta Patxi Zamoraren El banquete (Txalaparta, 2014).
Horietan salatzen denak frogatzen du San Frantzisko, New Orleans edo Malmo bezain misteriotsuak eta ilunak izan daitezkeela Iruñea, Baztan edo Corella ere.
Genero beltzean, oso ohikoa da krimenaren gibelean hariak mugitzen dituen elite edo familia boteretsu bat paratzea. Literatura mota honetan, botere eta aberastasun handien kausa eta ondorioa da ustelkeria.
Stieg Larssonen nobeletan bezala, Nafarroan elite batek kontrolatu ditu, orain arte, baliabide ekonomikoak, enpresa handienak eta botere politikoaren gune garrantzitsuenak. Ricardo Feliu soziologia irakasleak zehaztasun zientifikoz neurtu zuen herrialdeko enpresaburu handien, politikarien eta agintarien arteko sare zurruna, bere doktoretza tesian. Haren esanetan, 90 edo 100 bat pertsonaren eskuetan dago herrialdearen botere guztia. "Tesia idatzi nuenean, Nafarroako enpresa handienak hartu eta administrazio kontseiluak ikertu nituen. Datu horiek alderatu egin nituen politikari eta legebiltzarkideen izen-deiturekin, eta kointzidentzia handiak zeudela ikusi nuen. Izenetako asko errepikatzen ziren zerrenda batean zein bestean. Alor ekonomikoaren eta politikoaren artean zubiak eraikitzen dira, eta horrek bide ematen dio ate birakarien fenomenoari, interes pribatuak eta publikoak nahasita", azaldu zuen Feliuk 2013ko azaroan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan emandako hitzaldi batean.
Zehazki, soziologo iruindarrak 38 enpresa publiko aztertu zituen bere tesian, eta 145 zuzendaritza kargu 90 politikariren eskuetan zeudela ondorioztatu zuen. "Hori ez zen zubi bat, autobide bat baizik". Baina ate birakarien fenomenoaz harago, nafar eliteen sarean abizenek pisu handia dutela uste du Feliuk. "Nafarroan, eliteen kontzeptuak harreman estua du familia ondarearekin. Uranga, Asiain, Arraiza... Familia horiek sekulako sarea sortu zuten enpresa, boteregune eta hedabideen artean".
Beste ikerlari batek, Ivan Gimenez kazetari eta sindikalistak, erregimenaren erraiak aztertu ditu El corralito foral liburuan (Pamiela, 2015), eta, haren aburuz, sare horren epizentroa Corella herrian dago. Handik atera ziren, besteak beste, Jose Antonio Asiain PSNko legebiltzarkide, Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta CANeko presidente ohia; Miguel Sanz presidente ohia; eta Antonio Catalan NH eta AC hotel kateen jabea.
Gimenezen arabera, familia arrakastatsu horiek guztiak Jose Luis Arrese ministro eta idazkari frankistak Corellan eraikitako sare klientelistaren gerizpean hazi ziren. Izan ere, egungo eliteen arrakasta ulertzeko eta sekretu ilunenak azaleratzeko, beharrezkoa da denboran atzera egitea.
1936ko gerrak odol arrasto luzea utzi zuen Nafarroan. 3.000 pertsona baino gehiago fusilatu, erail edo desagerrarazi zituzten Franco eta Molaren aldeko militar matxinoek. Nafarroako egungo agintariek behin baino gehiagotan esan dute diktadura garaian gertatutako sarraskiak gaitzesten dituztela, baina, aldi berean, UPNren gobernuak ateak itxi dizkie memoria berreskuratzeko saioei. Besteak beste, Franco diktadoreari Nafarroako seme kutun eta Iruñeko seme kutun tituluak kentzeko proposamenen kontra bozkatu dute erregionalistek legebiltzarrean nahiz hiriburuko udalean, hainbat udalerritako kaleen izen frankistak aldatzeari uko egin diote behin eta berriz, eta, urtero-urtero, Mola eta Sanjurjo jeneral kolpisten omenezko mezak baimentzen dituzte Iruñeko Erorien monumentuaren kriptan.
Gimenezek El corralito foral liburuan azaltzen du horren arrazoietako bat: lotune sendoa dago 36ko gerraren ostean sortutako erregimen frankistaren eta egungo elite politiko-ekonomikoen artean. Gerraren itzalpean aberastu ziren enpresaburuak, goi politikarekiko zaletasuna (eta batzuetan, baita karguak ere) oinordetzan jaso dituzten hautetsiak eta garai batean ezarritako estatusa mantendu nahi duten agintariak nahaspilatzen dira Nafarroako boterearen bilbean.
Taberna familia da adibide garbienetako bat. Gimenezen arabera, okindegi kate xumea zena izugarri hazi zen gerraren ostean, falangisten lankidetzarekin, kooperatiba errepublikano eta ezkerrekoen baliabide eta ondasun guztiak arpilatu ostean. Prezioak adostea eta monopolio bat sortu nahi izatea leporatu diote behin baino gehiagotan enpresari, eta 2013an, 1,9 milioi euroren isuna ezarri zien Espainiako Konpetentziaren Batzordeak. 110 familia nafarren esku zegoen enpresa, eta duela lau urte saldu zioten multinazional bati 300 milioi euroren truke.
Ezin da Nafarroako ekonomiaren egungo egoera azaldu CAN auzia edo Nafarroako Kutxaren desagerpena aipatu gabe. Thriller politiko baten antzera, interes ekonomikoak, ustelkeria eta eskrupulurik gabeko politikariak biltzen ditu Nafarroako historia hurbileko gertakari larrienak.
Azken hamarkadetan, UPNren kudeatzaile bikainaren mitoa mantentzen lagundu du kutxaren hazkunde etengabeak. Krisiaren eztandak azaleratu duen errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, agerian gelditu baitira erregionalisten obsesioak, handinahia eta agintari zenbaiten megalomania.
Bi izan dira CAN auziaren benetako dimentsioa ezagutzeko aukera eman duten lanak: El banquete eta CAN: eta hemen ez da ezer gertatu. Lehenbizikoan, Patxi Zamora, Aritz Intxusta eta Alberto Gil egileek botere politikoaren eta ekonomikoaren arteko harreman estua ikertu dute, kutxaren sorreratik gertatutako eskandaluak haizatuz: bileretara joateagatik politikariek jasotzen zituzten dieta opakuak, Rolex eta bestelako luxuzko opariak, diru xahutze etengabea...
CAN: eta hemen ez da ezer gertatu liburuan, berriz, CANen hazkunde ikusgarriaren eta gainbehera bortitzaren kronika egiten du Joxerra Senarrek, fokua kudeaketa txarrean jarrita. Besteak beste, Miguel Sanz presidentearen eta Enrique Goñi zuzendariaren megalomania aipatzen du kazetariak, entitatearen porrotaren arrazoien artean.
Poliziaren figurak garrantzi handia du eleberri beltzaren historian. Zenbait kasutan, heroia izan da; beste askotan, berriz, antagonista, ustelkeriak jotako pertsonaia iluna. Iruñean ere, Udaltzaingoaren kontrako ustelkeria eta gehiegikeria salaketek berripaperen lerroburuetara egin dute jauzi azkenaldian. Izan ere, Simon Santamaria udaltzainburu ohiaren ibilbide profesionalak Abel Ferrararen Bad lieutenant filmetik ateratakoa dirudi: mehatxuak, indarkeria, botere gehiegikeria, lan eskubideen kontrako delituak, elkartzeko askatasunaren aurkako delituak, bazterkeria, dokumentuen faltsutzea... Halako salaketei egin beharko die aurre, iragan maiatzaren 12an Maria Paz Benito magistratuak iragarritako ahozko epaiketa egiten bada —helegitea aurkeztu du Santamariak—.
Eskandaluek itota —eta Iruñeko Udalean aldaketa politikoa gertu egon zitekeela ikusita—, dimisioa aurkeztu behar izan zuen udaltzainburuak. Udaltzainen sindikatuak egin zituen salaketak, baina ustezko biktimen alde agertu beharrean, Iruñeko alkate Enrique Maiak Santamaria jo zuen biktimatzat. "Jazarpen etengabea pairatu du", esan zuen.
Ofizioz militarra da Santamaria. Hainbat eskandalu tarteko, erreserbara bidali zuten 1992an, eta handik, Volkswagenen segurtasun sailera egin zuen jauzi. 1999an, Yolanda Barcinak Iruñeko udaltzainen buru izendatu zuenean, hierarkia eta espiritu militarra ezartzea izan zen Santamariaren obsesioetako bat, instituzioaren ezaugarriak eta helburuak baztertuta. Pertsonaia iluna, nobela beltz baten orrialdeetatik ateratako erresuma beltzean.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.